Emozioz
beteriko asteburua izan dut. Polita. Bizitza bizitzeak merezi duela garbi
erakusten duten mugarritxoak izan ditut iragan ostiral eta igande
bitartean. Gizon-emakumeon ukiezinezko balioen balantzeetan sustrai bereziz
kokatzen dira emozioek sortutakoak eta asteburu luzexka honetan egundoko
irabaziak lortu ditut, jadanik nire balantze propioan ageri direnak.
Bere
apaltasunean zirrara berezia markatu zidan atzo goizean Ibabeko Kofradiaren
jaiak Aramaion. Duela lau ehun bat urtez geroztik egiten den bezala, Ibabeko
kofredook eskaintza xarmanta egin genion Ibabeko Andra Mariri, batzuek fedetik
gainerakoek usadio arrazionaletik. Zahar eta gazte, emakume eta gizonezkoak
berriz bildu ginen ermitako zelaira, auskalo zer den horrek erakarrita.
Larunbatean
Edurne nire biloba alacantarrarekin paseatu ahal izan nuen aurreneko aldiz herriko
kaleetatik barrena, bisitan etorri baita. Ziur nago bere bost hilabeteetako
inozotasunean ez zuela ibilalditxo horrek nigan pizturiko sentimendua igarri,
baina nik gogoan edukiko dut beti.
Punturik
zirraratsuena, ordea, ostiral arratsaldean eman zen, arrasatear berri baten
jaiotzarekin. Hilabetetako presioak eztanda egin ondoren emozioak gogoa
urtarazi zigun eta urduritasuna poztasun irekia bilakatu zitzaigun
mutikotxoaren iristearekin batera. Ez dakit ostiralean jupiter eta marte
lerrotuta zeuden ala ez lur planetarekin. Zalantzarik gabe, ordea, ortziaren
keinu irribarretsua lurralde ospitaleraino heldu zen eta atean jo zuen: Urtzi nauzue. Nire biloba zen,
bigarrena zerrendan, eta jadanik adiskide handia dudana.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina