Amaitu dira abuztuko oporrak – sekretutxo
bat: jubilatuok ez daukagu oporrik- eta asko, iragan berri denari buruzko
balantze txiki bat egin gabe ere, hurrengo denboraldiko programarekin
ibiliko dira dagoeneko, hondartza, mendia, itsasaldi edo
emazte/senarraren herrira joango ote diren zehaztu eta finkatu nahian.
Oporretan azturak aldatzen ditugu eta giroko
nolakotasunetara egokitzen gara, azalkiro. Ohiko eszenategia aldatzeak
nolabaiteko kamuflajerako bidea errazten du, gure jokaeretan ere halako itxura
aldaketa eraginez. Sarri guk geuk ere ez dugu geure burua ezagutzen, bat-batean
erakusten dugun jokaera desitxuroso eta askotan desenfrenatuaren aurrean.
Dena den, nor beraren oinarrizko heziketaren
printzak agerian geratzen dira behin desinhibizioa nagusituz gero, eta garen
modukoak sailkatzen gaituzte ikusten gaituztenek. Turistei buruzko inkesta bat
iritsi berri zait eta bertan, besteak beste, turisten gaineko tipologia
erakusten da. Nola portatzen dira nazionalitate desberdinetako turistak? Hona
hemen adibide batzuk:
Onenak: japoniarrak (ongi hezituak, garbiak)
eskandinabiarrak (tokiko kultura eta hizkuntzaren jakin minak) australiarrak
(tokiko gastronomiaren zaleak, isilak)
Okerrenak: ingelesak (alkohol zaleak, burrundara handikoak) frantziarrak
(harroputzak eta zikinak) errusiarrak (arlote eta aho zabalak) espainiarrak
(gaizki hezituak, inoren jabetzaren lagun samarrak hoteletan)
Azken finean, nork bere herriko estiloa bera
eramaten du berarekin, turistaz mozorroturik bidaiatzen den arren.
Argazkiak: BUFFALOBlogspot, descubriendogranada.com, elbaixemporda.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina