Grebarako
eskubidean sinesten dut eta baita ezinbesteko tresnatzat jo ere, eurek inoiz
sortu gabeko araudi eta jarraibideen menpe dauden langile guztien borrokan. Lan
ibilbide luzexkan eragile aktibo eta pasiboa izan naiz aldarrikapenetan, eta
errebindikazioaren helburuarekin sintonizatzen jakin izan dut, edo ahalegindu
naiz, behintzat. Baina beti izan naiz greben garapenerako metodo zibilizatuen
defendatzaile. Uste dut eraginkorrak bezain adierazgarriak direla gizarte baten
hezkuntza mailan.
Egun hauetan, greba baten lekuko zuzena izaten ari naiz, eta
greba horrek gainezka egin nau, ondorioak jasan dituen pazientea naizen aldetik. Euren plantillakoak ez izan arren euskal ospitale publikoetan lan egiten duten gizon-emakumeen sindikatuek deitutako lan-uzteari buruz ari naiz, noski. Ezingo dut ulertu nola eraso daitezkeen hain espazio publiko sentikorra diren ospitaleak greban erabiltzen ari den metodologia arbuiagarriarekin. Zabortegia bilakatu dituzte ospitaletako zerbitzu-gela eta bazterrak oro, barneratutakoen osotasun fisikorako eta gaixoen osasunerako arriskuarekin.
Osasun-zentro horietako milaka erabiltzaileen ustez, erasoan langileak bezain erantzuleak dira sindikatuak eta, noski, Osakidetza, ezin baita onartu Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak herritarren osasunaren aurkako atentatu hori eragozteko baliabideak jarri ez izana. Eta hamabosgarren eguna da gaurkoa... Zalantzarik gabe esan daitekeena da, grebalariek gu erabileon gaitzespena berengana dutela.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina