Naturak kapritxoa izaten du noizean behin, eta soin txikiko gizon-emakumeak forjatzen ditu, bizitzan zeharreko bilakaeran erraldoi bihurtzen direnak. Euskal memoria kolektiboan, Jose Miguel de Barandiaran agertzen da lehenik. Gorputz txikia, balentria handiak. Beste adibide bat, lehenengoaren garaikidea, Andoni Urrestarazu "Umandi" da, Araiakoa, arabarra, benetako borrokalaria berak funtsezkotzat jotzen zuenaren alde: bere hizkuntza zaharrean oinarritutako kultura. Bi gizonak ezagutzeko pribilegio handia izan nuen, eta ohore handia da niretzat haien lagun izana.
Hiru hamarkada geroago, 1990ean Umandi Araiako Seme Kuttun izendatu zutela oroitzeko sortutako margolana, eta museoaren bildumara gehitu behar zena, ganbara batean ahaztuta dago, euskaltzale handiaren ahoa zinta itsasgarriz estalita —basakeria kulturalaren erakusgarri argia—. Uste nuen Araiako udal agintarien sentsibilitate kulturala maila altuagoan zegoela. Argazki honek zalantzan jarri nau.
Euskararen alde gutxik bezala borrokatu zuen gizona, hemen eta atzerrian gure Herriaren errealitatea zabaltzeari bizitza eskaini zion gizakumea, bertako eta kanpoko erakunderen sariak jaso zituena, herrien arteko bakea bere indar guztiarekin sustatu zuena, Gasteizko ikastola bati izena eman zion pertsonaia erraldoia… horrek, Umandik, pertsona zintzo guztien errespetua merezi du, bere herrikideena barne.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina