Era guztietako krisi sakonean sartuta gauden moduan egonda, badirudi
disparatu egin dela hainbat pertsona eta erakunderen sasi ex-catedrako baieztapenak
haizatzeko indarra. Auto konbentzimendu itxienetik diskurtso berun antzuak inposatzen
ari zaizkigu, behin betikoak balira bezala. Baina niri iruditzen zait, eta
ibilbide luzeko eskarmentuak babesten nau, oso konbentzimendu gutxi dela
gure munduan. Areago, estutuko banindute, esango nuke ez dela bat ere. Dena
dugu zalantzagarria, erlatiboa, eta pertsonoi utzi behar zaigu den-dena dudan
jartzen, dogmatismo erlijioso, politiko, sozial edota kulturalean jausiko ez
bagara.
Zientifikoek ez dakite dena, ezta politikoek ere. Are gutxiago, gaur honetaz
eta bihar hartaz pulpitu margoaskotarikoetatik ari diren kontakatilu aurkeztezinek.
Kreazionista santuek, darwinista petoek, negazionista itsuek, guztiek, jakin
beharko lukete errealitate bakar nagusia gizakia dela eta horrek ere egunak
zenbatuta dauzkala. Eta kontraesanik gordinenean, unibertsoaren mugagabetasunak
mugak jartzen dizkio gure ezjakintasunari, gure ezintasunari.
Eta inork ez luke ahaztu beharko zuhaitzik handienak ere haize gogorrak
botatzen dituela, txikiak ahuntzek jaten dituzten bitartean. Ikasgai aproposa,
krisi honek ekarri dituen hainbat sasi jakilerentzat.
Argazkia: Ekain
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina