“Filosofiako apunteak” titulatu nuen, gazteleraz, 1966an Gasteizko Institutuan Don Juan Ruiz de Escudero apaizak irakasten zigun gaiaren daturik interesgarriekin betetako koadernoa. Berrogeita hamalau urte geroago berreskuratu dut koaderno hura eta gozatu egin dut berrirakurtzean. Ez dakit plazera piztu didan mende erdi pasatuxeko distantzia gainditu dudala frogatzeak ala hamazazpi urteko mukizu batek apunte haiek jasotzean zerakutsan inozotasunak. Agian biak izan dira eragileak.
Platon, Aristoteles, Sokrates... ageri dira lerro haietan irakaslearen aipuetara, batzuetan nik izkiriatutako kontzeptu ez oso ongi ulertuekin ala Don Juanen erlijio-moralak itxuraldatutako hitzekin mugatuta. Eta irribarretxoa loratu zait koadernoaren orrietan berriz murgil egitean, filosofia ez dela zientzia zehatza ostera geratu baitzait garbi. Peripatetikoak eta sokratikoak ez zihoazen bide bertsutik, nahiz eta bi korronteek gizakiaren zoriontasuna predikatzen zuten, eta Platonen maitasun platonikoak ez zeukan zerikusirik sexu grinarekin, nire hamazazpi urrun haietan alderantziz pentsa nezakeen arren.
Nolanahi ere, gauza batez nago konbentzituta: filosofia ez litzateke inoiz baztertu behar ikasketa-plangintza orokorretatik. Zientzia zehatzetan ez bezala, filosofiarekin erlatibizatzeko eremu zabala irekitzen zaigu eta aukera horretan datza, finean, bizitza bera.
Argazkia: Ekain
Uste dut nere garaian D. Juan hori institutuko zuzendaria zela, ez da honela?
ErantzunEzabatuAnton, bai horixe zen. Tipo garaia,hitz borobiletakoa. Nire denboran ere (1966) zuzendaria genuen. Eskerrik asko irakurtzeagatik!!
EzabatuEgileak iruzkina kendu du.
ErantzunEzabatu