Bistan da komunikazioaren mundua aldatzen ari dela abiadura itzelaz.
Idatzizko zein ikus-entzunezkoetako medioak iraultza lehergarrian ari dira,
euren negozioetako biharko formula zein daitekeen asmatu nahian. Formulak
etziko balioko ote duen beste gauza bat da. Bilakaeraren erritmoa ikusita
ezezkotan nago.
Internetek pikutara bidali zituen komunikazioaren ohiko koordenadak eta goizero albiste berriren batekin gosaltzen dugu, berrikuntzen lasterketa amaigabeko hurrengo maila zein izango ote igarri ezinik. Horren ondorioz, besteak beste, kazetari profesionalen egoera ez da bat ere osasungarria. Espainiar estatuko unibertsitateetatik lan merkatura urtean ateratzen diren 3.000 inguru kazetari gazteetatik 500 batek lortzen bide dute medioren batean kontratatuta izatea. Eta nolako baldintzetan, gainera!
Ia berrogei urte daramatzat euskal medioen ibilbide malkartsuan, gora eta behera. Ez dut sekula gaurkoaren gisako noraeza profesionala ezagutu. Enpresak etorkizun ilunean eta kazetariak zalantza maiuskuluan galduta: gehienak eurek aukeratutako lan-esparruan inoiz aritu ahalko diren jakin gabe, eta guztiak prekarietatearen ahotzarreko atarian kezkez josita.
"Kazetaririk gabe ez da kazetagintza; kazetagintzarik gabe ez da demokraziarik" oihukatzen zuten arestian espainiar kazetari-kolektibokoen elkarreratzeetan. Arrazoi osoz eginda ere, kazetagintzaren oinarrizko osagaia baita kazetaria. Baina kazetagintza modu askotakoa zerbitza daiteke gaur eguneko publikoaren gustua egiteko eta, zoritxarrez, ohitu egin gaituzte kazetarien premia ez duen kazetagintza antzugarri eta alienagarri batera.
Euskal medioetan geure aletxoak agerrarazten nik bezainbeste eskarmentu dutenek dakiten bezala, hastapen haietan ez genuen alboan euskal kazetari tituludunik. Eta euskararen militantziak eraman gintuen komunikazioaren arlora, kazetagintzaren oinarrizko kontzeptuak eurak ere menderatu gabe. Hil honen 14an hogeita hamabost urte bete dira, Azitainen lagun taldetxo bat bildu ginela, DEIAn euskarazko saila izango zela uste (eta desio) genuenari eite emateko. Han geunden, Martin Ugalderen aginduetara, Amatiño, Anatsan, Mikel Atxaga, Mikel Mendizabal, Antton Aranburu eta seiok. Militantzia hutsa. Garai hartan ez genuen intrusismoarekiko beldurra ezagutzen.
A! Eta noski, ez zen geure burutik inoiz pasatu, lan harengatik ezer
kobratu behar genuenik. Horrelako baldintzetan abiatu ginenetako askotxok
oraindik ere musu truk segitzen dugu beharrean, askotan editoreen
indiferentziak matxakatuta. Kazetagintzaren modu bateko espezimenak izan gara,
baina zorionez ala zoritxarrez gizartearen bilakaerak estilo berriak jaioarazi
ditu, diferenteak. Eta bat ere dudarik gabe, maremagnum itzel honetan kazetari
onak behar ditugu.
Egungo kazetari profesional euskaldunek –inoiz baino gehiago eta sekula baino jantziagoak ofizioari dagokionez- arazoak dituzte euren lanetik -hobe esanda, titulutik- bizitzeko. Eta gainera intrusismoak toki hartu du, indartsu, munduko beste edozein hizkuntzatakoan bezalaxe. Kazetariek aurre egin behar diote egoerari, bakoitzak ahal dituen bitartekoekin, eta horiek zoritxarrez ez dira asko.
Baina kazetarien lana beharrezkoa da gizartearen disekzio zintzoa angelu
guztietatik eduki dezagun. Demokraziak ez du egiazko betartea erakutsiko
kazetari profesionalen ekarpenik ezean. Gizarteari dagokio langile horientzako
baliabideak aurkitzea. Erronka ez da txantxetakoa. Kazetagintza zintzoan
sinesten dugunok ezin diogu bizkarra erantzukizunari, aurrean brunete
mediatiko, albiste-korporazio orojale asezin eta era askotako eragozpen
zurrunbilotsuak edukiko ditugun arren.
Argazkiak: kevin.lexblog.com; apu.org.uy
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina