Iritsi da nire
eskuetara asteburu honetan eta bere tituluak erakarrita, plis-plas batean
irentsi dut. “Concepto psicobiológico del traje, del adorno y de la moda” du
titulua, Arabako hiriburuan 1941ean Aurelio Vallejo abade eta Gasteizko
Apaizgaitegiko irakasleak argitaratutakoak.
Modaren
subjektibotasuna, ohitura induzituek gizabanakoengan eragin ditzaketen gora
beherekin nahastuz koktel ulergaitza gertatzen da, bederen emaitza modu
patxadatsuan aztertu nahi badugu. Horregatik, gizakia gizaki den unetxotik
gizadiak bizi izan dituen janzkera, zintzilikario eta apaingailuei buruzko
tratatuak ez luke amaierarik izango, inbentario edo katalogo ez ezik, norbaitek
haien arrazoi eta nondik norakoak interpretatu nahi balitu.
Biluzik jaiotzen
den bizidun bakarra gizon emakumeak gara. Ez dakit Paradisuko bekatuak zer
ikusirik ote duen honetan baina, zalantzarik gabe, espeziaren eboluzioak
animali ezgaiak bihurtu gaitu, eta daramagun joera honek noraino eramango
gaituen asmatzerik ez dugun arren, gauzak gero eta konplikatuagoak jarriko
zaizkigulakoan nago. Seguru nago ere, historiaren gaueko aurreneko pertsonaia
haiengan burmuinaren bilakaera gero eta sofistikatuagoa egiten ari zen heinean
euren soinetarako osagarrien premia nabarmenagoa zela, gorriagoa. Lehenik
hotzaren eraginez, eta aurrerago –gizakiak gizakia otso, aspaldikoa dela
kontuan izanda- auzoko kideengandik zetorkiekeen arriskua magiaz saihesteko
behartuta, narruak, landare-janzkiak, margoak, ukenduak eta gainerako
bitxikeriak presente egin ziren gure bizitzetan.
Aipatu dut magia
–erabat ezinbestekoa gizaki batzuen besteenganako nagusikeria zuritzeko- eta hortik ondorioztatu zen modaren morala,
erlijio-magoek hain trebetasun handiz erabili ohi dutena, alegia. Antzinatean
zein gaur egun ere modaren aginduak giza-burmuinaren zirkuitu berdintsuetatik
igarotzen dira, eta uneko zirkunstantziak dira moda-transmitzaileari produktu
itxura ematen diotenak. Hala gertatu da beti eta horregatik modako
denbora-mugak mezu-hartzailearen produktuarekiko arretaren araberakoak izan ohi
dira. Modak ez baitatoz zerutik, ongi orkestraturiko (merkatal) politikaren
eskutik baizik.
Bestela ezin
zitekeen moduan, moda eta bekatuaren arteko loturari buruz garatzen ditu
Aurelio Vallejok bere teoriak, eta uler daitekeen legez garaiko moral
hertsiaren oinarrian sostengatzen du bere eraikina. Subjektiboa, beraz. Hala
ere, badira apunte batzuk gaurkotasun aparta gordetzen dutenak eta horiengatik bestela ez bada ere liburuxkatxoa
irakurtzea ez da alperreko ariketa. “Modaren esklabuak bihur gaitezke –dio
egileak- eta baloreen ordena atzekoz aurrera jar dezakegu anekdota besterik
izan behar ez zuena gizakiaren ideala bihurtzen denean” Begira diezaiogun
inguruari.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina