Horrela nago,
normaltasunean ibiltzeko ezgaitua, peronea hautsita. Lehengo ostiraleko
egunsentian gertatu zen: etxe-itsripu batek erabat jokoz kanpo utzi ninduen
hurrengo sei astetarako. Amorruzkoa izan zen aurreneko erreakzioa baina
haserreak inora ez ninduela eramaten ikusita, pazientziari heldu nion. Eta ohea
bilakatu dut joko eremua.
Orduak aurrera
doazen neurrian Interneti esker peroneari buruzko nire ezagutza biderkatu egin
da eta hezur horren gaineko espezialista bihur nintekeela pentsatzera iritsi
naiz. Hori bai, titulurik gabeko ezagutza, doktore izan barik. Ez naiz inoiz
praktikara igaroko, lasai. Jasan nuen erorketaren balizko arrazoiekin ari naiz
orain, jaustea baino segundo bat lehenago sentitu nituen goraleek zer ikusirik
izan ote dezaketen jakin minik. Jarraituko dut kontsultatzen eta informazioa
arakatzen.
Eguneko hainbat
ordutan oinak aurrez aurre edukitzeak, bestalde, normalean burura ez datozen
pentsamenduak sortzen dizkit. Eta, besteak beste, gaur goizean berpiztu ditut
ahaztua nuen pelikula bateko sekuentziak. Ez dut titulua oroitzen baina berdin
dio, ez baita inportanteena. Protagonista mendian gora zihoan atsedenik gabe,
nondik ari zen ez zekielarik, baina bazterrak familiarrak egiten zitzaizkion.
Hau da, ezaguna eta ez ezaguna elkarren ondoan bizi ziren gizaki haren baitan. Bazekien ez zekiela, jakin behar zuenik ez
zekien arren. Eta horretan murgildu naiz, Lucio Senecaren esaera presente egin
arte: gizakia beti txikia da, oinarritzat mendi altua hartzen badu ere.
Horretan utzi dut hausnarketatxoa, bada ezpada ere. Perone hautsiak eman
diezadakeen aukera aprobetxatu behar dut, baina gehiegi arriskatu gabe. Gauza
bat da hezurra apurtzea eta beste bat, larriagoa, burua galtzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina