BILATU

urtarrila 05, 2015

HAUR ILUSIOAREKIN



Beste gau magikoa gaur biziko duguna. Umeek biziko dutena idatzi beharko nuen baina barnetik atera zait aditza pluraleko lehen pertsonan jokatuta eta inkontzienteki magiarako prest segitzen dudala frogatu dut. Deskubrimendua, bai horixe!

Ziur nago umetan galdetu izan baligute epifaniaren esanahiaz errege magoen irudiekin erantzungo genuela. Denboraz, batez ere etimologietako ildo bihurrietatik barrena ohituta,  jaiaren adierazpena zorrozten joan gara eta orain ospakizun honen gaineko hamaika aldaera desberdin eman genezake, denak aintzakotzat hartzekoak, bizitzak eskainitako jakinduria eta zientziak apainduta. 

Baina niretzat baliorik gehien duena  barne-barnean gordetzen bide dudana da, hots, ilusioa biztuarazten didana. Jakina,  ez naiz ari opariren batek sor dezakeen ilusio zalantzagarriaz baizik eta pertsonaren baitan bihotza kilikatzeraino hel daitekeenaz. Sentsazio hori ez dago etimologietako inongo entziklopediatan jasota, ez dakigu zehazki zer den. Baina galdetu ume bati eta berak emango dizu erantzun zirraragarria. Egin ezazu froga.

Argazkia: www.fondos10.net

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina