EAEn eta ziurrenik Euskal Herri osoan gehien
saltzen den egunkariaren portadan irakur zitekeen lehengo ostiralean honako
titulu hau (espainieraz, noski): "50 zigorkada Interneten foro bat
sortzeagatik" Eta albisteak Saudi Arabiara eramaten zuen irakurlea,
"horrela dabiltza hango agintariak giza eskubideen aldetik" kexatzen
zelarik.
Aitortu behar dut txundituta geratu nintzela
Raif Badawi kazetariaren istorioarekin ... eta Bilbon egoitza nagusia daukan
egunkariaren "despistearekin" Edota joko bikoitzarekin. Salagarria
baldin bada ere saudi diktaduraren jokaera adierazpen eskubidearekiko, nora
begira zegoen ni irakurtzen ari nintzen erreportajeko kazetari euskalduna
(vascoa, behintzat, izen-abizenengatik) berea idatzi zuenean? Arabiaraino joan
barik, ez al zuen hurbilagoko beste adibide argigarriagorik, kazetari, blogero
eta informazio askearen aldeko aktibista batzuen istorio tristeak kontatzeko?
Eta hori gutxi bailitzan, ez al da Arabiakoa
bezain salagarriagorik, albistea zerbitzatzen zigunaren egunkariko
korporazioaren jokaera, espainiar gobernu atzerakoi eta arbuiagarriaren
politikarekin bat egiten ari? Seguritateko Legea ez al da atzerapauso itzela,
adierazpen askatasunari dagokionez? Garbi dago ideiak libreki azaltzeko
askatasunerako defentsa ez dela gobernuaren kezka ezta euren medio akolitoena
ere, horiek denek beraien interesetara jokatu baitute beti.
Mahomak ipurdia bistan utzi ditu, adierazpen
askatasunaren izena aldarrikatu arren komeni ez zaiena ezkutatzen diguten
medioak eta horiek diruz gantzutzen dutenak.
Argazkiak: wikipedia
Zerikusirik daukan artikulua (1991an idatzia)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina