BILATU

maiatza 03, 2021

GORROTOA LEGE


Duela berrogei bat urte egunkari batetik galdetu zidaten nire irakurgairik kuttunenez, eta besteak zeintzuk izan ziren ahaztu dudan bitartean garden gordetzen dut oroimenean titulu bat: “Gorrotoa lege”.
Lehen aldiz irakurri nuenetik Yon Etxaidek idatzitakoa maisu lan bat iruditu zait. Liburu mardula, dokumentatua, ongi baino hobeto irakurleari transmititua. Gorrotoaren garro itsuek norainoko arriskua adierazten duten bikain azaldu zuen Etxaidek, ikusi ezin patologikoek erroak botatzen ditueneko gizartea arras birrintzeraino hel daitekeela erakutsiz.

Ahaide Nagusi banderizoen XV. mendeko Arrasate ilun eta tragiko batean oinarritua, gatazka pertsonalak Euskal Herri osoaren gizartera proiektatuak aurkeztu zituen Etxaidek bere testu jorian. Esan ohi da idazle donostiarrak 1936ko gerraren ondoriozko gizartea islatu nahi izan zuela bere eleberrian. Baliteke, baina “Gorrotoa lege”k berdin balio du 1936, 1980 edota gaur egunekoaren kontzientzia astintzeko. Hain gaurkoa den! Horregatik aholkatzen nuen bere irakurketa duela lau hamarkada. Oraintxe egiten ari naizen bezalatsu.

Azken egun hauetan zenbait herritako ormak “Gorrotoa antolatu” hitzekin bete dituzte esku anonimo batzuek. Ahaleginak arren, ezin dut ulertu zein den esloganaren xedea. Nahiago dut pentsatzea margolari horien gau txar baten ondorioa izan dela euren ekarpena eta beste zerbait aldarrikatu gura zutela... baina  amesgaiztoak eragindako sukarrak burmuina (eta eskua) okerrarazi zien. Horrela ez balitz, Yon Etxaideren testuari begirada bat botatzera gonbidatuko nituzke ilunpeko borrokalari horiek.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina