Zer gertatzen ari zaie katalanei? Printzak ageri bide zaizkie jasotzen diharduten eraikinean. Eta kabernako munstroa - Cid berri baten antzera arma legal eta ez hain legalak eskuan hartuta - zantzoka ari da, etsaiaren porrota iragarri izan balu bezala.
Euskal abertzaleak - ezkerra bezala- toki bakar batean elkartzen direla
esan ohi da: kartzelan. Historiak diosku politikoki elkarrekin aritzeko ezgaiak
izan garela orain arte, egin ahalak egin arren. Ez naiz, ez, oraintxeko
adibideei buruz bakarrik ari; katea luze egingo litzaidake XX.ekoak aipatzera
jarriko banintz.
Katalanek, ordea, beti izan dute gu baino askoz praktikoagoak izatearen
ospea. Baina ez dakit, ez dakit... Gogora datorkit Nazio Zapalduen Liga
famatua, 1924an Francesc Maciá katalana eta Telesforo Uribetxebarria
aberrianoak abiarazia, hain zuzen nazioarteko testuinguruan munduko - orduko
egitasmoan Katalunia eta Euskal Herriaz gain, besteak-beste Galizia,
Kanariar Irlak, Irlanda, Filipinak, Egipto eta India sartzen ziren- nazio
jazartuen askatasun eta independentziarako eskubidea aldarrikatzeko. Aurki egin
zuen porrota egitasmoak, eta ez euskaldunen erruarengatik katalanen euren arteko
tiki-mikiengatik baino. Gu bezala.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina