Gautxori festazaleren
batek botatako edari isotoniko lata huts bat dabil azken egunotan hara eta
hona, haizeak eta futbolari handien txutekin amets egiten duten haurren eta ez
hain haurren ostikoek mugiarazia. Atartetik kaleratzen naiz eta han daukat, espaloian,
garajearen kanpo aldeko txokoren batean edo bizikleta gurpil baten atzean.
Hartu eta ondoko edukiontzi horira bota dezakedan arren, ez dut nahi izan, eta
egunak aurrera joan dira, neure buruari galdetzen diodan bitartean: noiz arte
lata gure artean?
Aurrera eta atzera
mugitzen ari den egunetako goizetan, nire etxetik zabor-biltzailea entzuten dut
bere erratz zaratatsu mekanikoarekin endredatzen, hondakinak espaloira eta
inguruetara bultzatzen aire-zorrotada baten laguntzaz. Ez dakit nire
bizilagunek lataren joan-etorriaz ohartu diren, baina ziur nago batek baino
gehiagok, euren leiho azpitik igarotzean zabor-bultzagilearen eskuko
tramankuluaren soinuak esnatu dituenean, garbitzailearen senide hurbilak
gogoratu dituztela.
Ondorioztatu dudanaren
arabera, udal-garbitzaile-puztailearen betebeharretan ez dago latak jaso eta
zakarrontzira botatzea, eta noski ez zaio ezta bururatu ere egiten berez
makurtzea eta haiek desagerraraztea. Eta egunotan iraganeko
udal-kale-garbitzaile haietan pentsatzen aritu naiz, txilarrezko erratzarekin
eta esku-gurdiarekin behin eta berriz pasatzen zirenak kaleetan utzitako
zikinkeria biltzen, lau hankako astoen gorotza barne. Hura bai zen
eraginkortasun... isila.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina