Ergelaren
bortizkeria da arriskutsuena, hilgarriena. Burutsuarenak bere alderdi, diodan, adeitsuak
eduki ditzake, modu bortitzean eragindako heriotzak inoiz ez duela ezer goxorik
izango aldez aurretik adierazita, mistiko eta santuentzat ezik.
Ergel bortitzen kasuez beteta dago historia, Cainengandik hasita, Adan eta enparauak
historian kokatzerik balego. Badirudi historiako testuek era bereziz aurkeztu
nahi dizkigutela gizaki burumotzen balentriak, eta zerrenda luze-luzea osa
genezake euren izenekin. Ekin, ekin - irakurle estimatua- eta ikusiko duzu
noraino heltzen zaren. Eta zein nolako tipologiakoak diren jabetuta, desertuko
hondar aleak baino ugariagoak direla ohartuko zara.
Baina
gaur nabarmenki ekarri nahi dut gogora, eskrupulurik gabeko bortitz ergela,
bere utzikeria eta aldeko jardun deitoragarriarengatik ingurukoen bizia
arriskuan jartzen duena. Toki guztietan ematen da, ergelkeriak ez baitu muga
geografikorik, eta jasaten ari garen izurritearen bilakaeran zehar denetarikoak
ezagutu ditugu, izurritea bera ukatzen duenarengandik abiatuta. Bidean daude,
noski, osasun-neurriak hanka azpitik pasatzen dituzten kolore guztietako
burmuin gabeak, jai giro petrala muturrez haratago eraman nahi dutenak, besteon
zuhurtziaren gainetik Atilaren zaldia balira bezala igarotzen direnak. Horiek
ez dira bortitzen historiara igaroko, baina izan badira, zeruetako izarrak
beste.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina