Uda aurrera doan neurrian garbiago agertzen
zaizkit gaztetxo nintzela Arrasateko igeritokira joaten nintzeneko irudiak.
Berrogeita hamargarrenetako ekonomia ahul hartako, bizitza betebeharrak
ozta-ozta estalita etxe gehienetako gurasoek hil amaierara ailegatzeko sarerik
gabeko ekilibrismoa egiten zuteneko une gogoangarriak plazerez ari dira nire
baitan dantza egiten. Eta ikusten naiz belaunetarainoko oihalezko bainu jantzi
urdin batekin, material bereko gorro gomadunarekin burua estalita, bainatzeko
aukera paregabea dastatzera prest. Zoriontsua nintzen - ginen- inozotasunaren
askatasunean, gure aita-amen estutasun ekonomikoei arreta eskaini gabe.
Oraingo umeak ere, askoz bitarteko sofistikatuagoekin, zoriontsuki baliatzen
dira bainu bizigarriko abagunean, argi eta garbi frogatuz inportanteena ez dela
zenbat inbertitu duten euren gurasoek material eta azpiegituran baizik eta
jostagarria aukera askearen ondorioa izatean. Beraz, umeek inozotasun gordinetik
erakusten digute berezko borondatea prezio desberdinetan sal daitezkeen objektu
guztien gainetik dagoela. Eta egiaztapen horrek pentsarazten dit umeak ditugula
gizakirik askeenak, eta oraindik gure bizitza-ibilbidea fruituz bete
dezakegula, geure burua haur arropekin jantziz gero.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina