Ez gara geldi egoteko jaiotzen. Bizidun
guztien sena dugu mugimendua, higidurarik eza hilotzaren islapen hutsa
den bitartean. Gaixo ezindu erabatekoak ere mugimenduan ditugu etengabe, barne
autopista azkarrean edo ildo estu malkartsuko abiadura motelean. Baina beti
bidean.
Azken finean horixe gara gu, homo viator, atsedenik
gabeko bidaiariak, eta bizitzako une guztiak ikasten ematen ditugu, eremu
berrietatik edo ohiko bazterrei etekin desberdina atereaz. Badira bi
eternitateren arteko egonaldiari trantsitu deitzen diotenak eta garbi dago hitz
horren bidez nonbaitetik norabaiterako bakoitzaren bidaia adierazi nahi dutela.
Mugimendua barne aberastasunarekin
erlazionatzen dutenen aburukidea nauzue. Izpiritu aberatsa erion ohi du
bidaiariak, ikasteko beti prest, balizko eroritik ostera jaikitzeko beti gertu.
Bidaia, nahi bada, behin behinekoa izan daiteke, baina ez dio inoiz mugimendua
izatezko nolakotasunari uzten. Kanpo edo barne higidura den berdin dio.
Inportanteena mugimendua bera da. Bidaiari izatea.
Argazkia: Tere Anda
Argazkia: Tere Anda
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina