“Aprendizak” izen historikoa ez bide zen egokia eta Juan Arzamendi Musika Eskola deiturarekin bataiatu zuten (bihoakio nire begirune eta miresmen osoa Juanitori, pertsona eta musiko bezala) Eta aitortu behar dut hasieratik zalantzak toki hartu zuela nire baitan, ez baitakit deitura horrekin eraikina edo eskolaren zerbitzua mugatzen den, ala biak.
Denbora igaro ahala batzuei lau hitzetako izena luzeegia dela iruditu zaie, eta akronimoa sortu eta erabiltzen hasi dira: JAME. Herriko komunikabideetatik ia egunero zerbitzatzen digute izen berri horrekin. Herriko Udalaren baitan ere iritzi berdinekoak dira, bertako web orrian JAMErekin identifikarazten baitzaigu Musika Eskola, erakunde eta eraikin bezala. Ondorioz, herritarrek bide berdinetik jo dute eta ahotik ahora erabiltzen ari da deitura bitxi bezain kaltegarria. Eta gero eta gehiago entzun dezakegu, “kontzertua JAMEN izango da”
Bitxia denik inork ez dit ukatuko. Kaltegarri, baina, zergatik? Begira: JAME, orohar, musika zerbitzuari, hots erakundeari bakarrik dagokiola? Ulertuko nuke izena. Musika eskola batzuk ezagutzen ditut akronimoa erabiltzen dutenak. Demagun, arrazoiren batengatik eraikinez aldatu behar dela musika eskaintza: JAME aldatzen da, erakundea. Areago, zerbitzuak eraikin desberdinetan banatuko balira ere irakaskintza-eskaintza bereko adarrak lirateke.
Gauza erabat desberdina da, ordea, JAME eraikinaren izenaz ulertzen bada. Eta horixe da jazoten ari dena. Udal web orritik, adibidez, Amaiarako eta JAMErako sarrerak saltzen dituzte. Zer gertatuko litzateke, pentsa dezagun unetxo batez, Juan Arzamendi Musika Eskolak ELMAren eraikinera aldatu beharko balu irakaskintza-zerbitzua? ELMA JAME izatera pasatuko al litzateke?
Arriskuarengatiik, JAME espezie inbaditzailetzat har daiteke, bere arroztasun osoarekin iraganeko arrastoaren gainetik igarotzen baita, errotik ezabatuz. Memoria historikoa ez da gerra zibileko testuinguruan bakarrik ulertu behar. Gizartearen ibilbide historikoan bizi izandakoa behar bezala ez argitzea edo, larriago, estaltzea memoriari ostikoa ematearen hurrena da. Eta ildo horretatik memoria inposatzera hel daiteke.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina