Joan den urtarrilean berrogeita hamar urte bete ziren Arrasateko Gau Eskolan euskarazko klaseak ematen hasi nintzenetik. Gogoan dut hasiera hartan ez zegoela oso argi irakasleek eta ikasleek egiten genuen ahaleginak zerbaiterako balioko ote zuen. Borrokan ari ginen, baina zalantzan geunden. Mende erdia igaro ondoren - bi belaunaldi- esan dezaket nire ikasle ohi gehienekin — kopuruz, gero eta gutxiago — euskaraz egiten ditudala solasaldiak, eta horrek berrogeita hamar urte lehenagoko zalantza argitzen dit.
1973an klaseak ematen genituen eraikineraino igotzen naiz ia egunero nire
bilobekin eta bidea haur eta gazte andana batekin egiten dut, eurak ere
heziketa erregelatuaren ikasketak burutzen ari baitira, euskaraz. Etsipen puntu
batekin geratzen naizela aitortu behar dut, haur eta, batez ere, gazte gehienen
artean gaztelera baita nagusi. Eta zalantza zaharrak gainezkatzen nau ostera:
merezi izan al du bideko ahaleginak?
Hausnarketa-une txiki bat eta zalantzaren itzala desagertu egiten da: merezi
izan du, noski!! Edo ez al da ederra bi belaunaldi oso euskaraz trebatu ahal
izana? Gehienek gaztelania erabiltzen dutela? Hori ez da txarra, okerragoa izan
zitekeen. Erabilera orekatu baterako formulak bilatu beharko dira. Baina hori
ez da hizkuntza-irakasleen lana izango, soziolinguistikan edo beste diziplina
zuzentzaile batzuetan adituak direnena baizik.
Argazkia: Zuriñe
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina