Interesarekin irakurri nuen lehengoan, El Paisek zekarren albistea, Martin Garitako Ahaldun Nagusiak bere lehen prentsaurrekoan euskara bakarrik erabili zuela jakinarazten zuena. “Medioetako gehiengoaren haserrea piztu zuena, informazioa behar bezala jaso ez zutelako” Harrapazak! Iñaki nire lagunak esango zuen moduan.
Hogeita hamar urte eta gero, hau! Hego Euskal Herriko gizarte-bizitzaren aldaketa ekarri zuen Francoren heriotzak (1975!) gure herri honetan gauza asko gertatu dira normalizazioaren bidean, eta horietako bat Unibertsitate publiko baten sorrera izan da, eta, beste bat, oinarrizko hezkuntza sisteman euskarazko adarrak gero eta indar gehiago edukitzea, ia-ia bere osotasunean betetzeraino iritsiz, batez ere EAEn.
Hogeita hamar urte daramazkigu euskararen bideetatik profesionalak merkatarazten eta norbaitek ez badio aukera horri heldu, berari galdetu behar zaio zergatik egin dion uko. Komunikabideetako espektroan oraindik ere mesprezu handia diote zenbait enpresak euskararen profesionalak kontratatzeari eta horixe egotzi behar zaie, argi eta garbi. Ez dago eskubiderik –eta hamaika bider pairatu behar izan dut nire bizitza profesionalean- medio lotsagabe horietako kazetariek (maiz kazetariak dira errurik gutxienekoak) informatzailea bi hizkuntzetan aritzea behartzeko. Informatzaileari berari dagokio hizkuntza hautatzea, eta kasu honetan Garitano Gipuzkoan ari zen, hau da, euskararen defentsan ari direla predikatzen diguten erdal medio horiek egoitza daukaten lurraldean. Hemengo medioek ez liokete eragozpenik jarri beharko komunikazio-hizkuntzaren hautatzeari, baldin eta egiazko gizarte eleanitzean sinetsiko balute.
Nola arraio ez dute medio horiek kazetari euskaldunik kontratatzen? Zergatik ematen diote bizkarra herri honen hizkuntza-normalizazioari? Nork eragiten dio gure herrian anti-euskalduntzeari?
Nire galdera horiek inozo batek eginak direla dirudite, ezta?
Garitano eta gainerako kargu publiko euskaldun militanteen keinuak indarra edukiko du, denboran iraunkortzen gai diren bitartean. Lerro hauetatik, eutsi gogoz lantegiari!
Argazkia: http://www.deia.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina