BILATU

uztaila 18, 2011

ESPAINIAR TRANTSIZIOA EZ DA ORAINDIK AMAITU


Espainiar trantsizio deiturikoa amaitu gabe dagoela pentsatzen dugunok hamaika arrazoi eskain genitzake, dioguna horrela dela frogatzeko. Faxistak errepublikaren kontra altxatu zirela hirurogeita hamabost urte betetzen dira gaur eta medioek horren gaineko informazioarekin ilustratzen ari zaizkigu, denetariko iritziz jabetu ahal izango garelarik. Juduen holokaustoa ukatu egiten dutenak ditugun bezala, espainiar gerra justifikatzen dutenak ere badira. Areago, ez dira gutxi hondamendi itzelaren ontasunaz mintzatzen zaizkigunak, Francoren misio jainkotiarra laudatuz.

Gauza bitxia da, gerrak utzitako zaurientzako baltsamo apur bat erabili nahi izan denean –horratx, adibidez, Memoria Historikoaren Legea- espainiar eskuinak, eta teorian ezkerreko postulatuak defendatu behar zituzten askok ere- argibideak bilatzeari balazta jartzea eta duintasunezko elkar bizitzarako oinarrizko urratsak ez ematea. Eskuin horrek, nik dakidanez behintzat, ez du oraindik errefusatu faxisten altxamendua. Ez du barkamena eskatu, gerrako hiru urtean eta diktadurak iraun zuen bitartean buruturiko bidegabekeriengatik.

Adolfo Suarezekin ekindako trantsizioak bere betebeharra amaitu gabe duelakoan nago. Zauri sakonei ez bazaie egiazko sendabiderik eskaintzen, bizi-bizirik irauten dute belaunalditan. Eta gorrotoaren sustrai luzeetarako isiltasun behartua bezain ongarri aproposa gertatzen da gaizki egindakoaren gaineko aitorpenik eza. Espainiar trantsizioari batzuen eta besteen aitorpena falta zaio, elkarri eskainitako barkamen zintzoarekin batera. Hori ezik bidean mamuak nagusituko zaizkigu, etengabe.

Azpimarratu behar da, espainiar gerraren ondorengo trantsizioaren kasuan hondamendiaren mapa ezin zitekeela, inondik ere, simetriko marraztu. Gerrak garaile eta garaituak ekarri zituen; borreroak eta biktimak, bi aldeetan, batzuk majo gailendu baziren ere. Baina mapa hura modu simetrikoan adostu zen. Hala ere, trantsizioak ez du bere epea amaitu. Itxitzat ematen has gintezke, hiritarrok prest baleude espainiar historiaren berrogei urtetako orbanaz aitorpena egiteko. Baldintzarik gabe.

ETAren hamarkadetako bortizkeriak eragindako zauriak zabal-zabalik daude. Euskal gizartea gertu badago historiaren orri beltzari amaiera emateko, euskal hiritarrok derrigorrez eskaini behar diogu elkarri gaizki egindakoaren aitorpena. Azken berrogeita hamar urteotako liskar armatuak garaile eta garaiturik izan ote duen galde genezakeen arren, zalantza izpirik gabe borrero eta biktimak izan ditu. Bi aldeetan, jakina, kolore gorria alderdi batean ilunagoa den arren.

Gorrotoak ez daki zabaleraz, ezta sakontasunez ere. Gorrotatu egiten da, ala ez. Maitatzearekin gertatzen den bezala. Horregatik ezin dut barkamen partziala ulertu. Trantsizioaren amaierarako motxilarik gabe abiatu behar izan zen. ETAren ondoko egun argitsurantz ere zamarik gabe mugitu beharko gara , inoiz gure trantsizio propioa atzean utziko badugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina