Vox-etik hasiko naiz, PPri eskuin aldean atera
zaion garun zornetsu berritik, alegia. Abascal/Ortega Lara bikote harrigarriak
bitarte zabala ireki diezaioke Raxoyren entramatuari eta honek ohiko bere
jarrera atzerakoia areagotu beharko du hurrengo hauteskundeetan eskuin
muturreko hautesleria galduko ez badu. Espainiako gehiengoak garbi
markatu du eskuinerako joera, Francoren garaietatik antzematen ez zen indar
pilaketa izugarriarekin. Barre egiten dut horietako norbaitek bere buruari
" liberal" etiketa jartzen dionean. Hain justu, eskuin kirastuaren
erreakzio trogloditikoak ezkutatzeko erabiltzen den izenorde engainagarria.
Baina gaur derrigorrez dagokit Castilla Leongo
Gamonal izeneko "galiar auzo" ausartaren istoriora jotzea,
oraindik ere itxaropenerako izpitxoren bat gera lekigukeela nire buruari
adierazteko. Zin egiten dut ez nuela oraintsu arte Burgosko Asterix-en berri,
baina astebeteko erreboltaren magia gai izan da ustelkeriaren ispilua eta
ustelen ipurdia agerian uzteko. Ondorioak berebizikoak izan dira. Eta nota
hartu dute beste latitudetan, gurpila geldi ez dadin.
Gure esparru naturalari helduz, zenbat euskal
gamonal bizi izan ditugu orain arte eta zenbatetan atera gara garaile? Hori
baino garrantzitsuagoa, ordea, gainditzeko geratzen zaizkigunak ez ahaztea da.
Frakak bete lan daukagu-eta!
Argazkiak: www.eldiario.es
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina