BILATU

otsaila 15, 2016

TITERE USTELDUAK


"Txerpolariak" idatziko zuen Augustin Anabitarte euskal idazle donostiarrak. "Compañía gimnástica, acrobática y mímica de don Rafael Díaz de Lisboa"ko artistak genituen Augustinen fikziozko protagonistak, herriz herri ari zirenak, euren arte xumea gogo-askatasunetik eskainiz. Gazte nintzela ezagutu nuen  Anabitarte eta gizon librea genuela adierazi behar dut, gure haize-ontzi txikietan nabigatzen ari ginen bitartean hark irakasten zizkigun itsaso-teknikek ahalbidetutako askatasun hitzaren adierazpen osoan. 

Anabitarteren txerpolariak eta "La Bruja y Don Cristóbal. A cada cerdo le llega su San Martín"eko titiriteroak antzerakoak ditugu, batzuk eta besteak adierazpen libreko aldarrikapenean ari baitira, gogo eta gorputz-lotura guztien kontra. Nola arraio pentsa dezake inork  izpirituari ateak jar dakizkiola? Buru motz batek edo sistema politiko sozial kirastu batek bakarrik har dezake gogorako atea fabrikatzeko erabakia. Eta buru gaixoek ordena naturala gainazpikatu egiten dute. 

Titere-estadium erraldoia bihurtu da politikako mundua eta panpina ustelduak botere guztiz ahaltsuaren eskuek mugitzen dituzte. Haize fresko libre garbitzailearekin datozkigun txerpolariak, aldiz, arriskugarritzat hartzen dituzte ezker-eskuineko buru oker sabel eskertuek. Eta auzipetu egiten dituzte, terroristak direlakoan.  Baina ez, izuaren politika darabiltenak ditugu, bakar-bakarrik, terroristak.

Argazkia: www.gamba.cl. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina