"Paradisuko atean" nire antzezlanean zenduaren errautsak gordetzen zituen ontzia tanatorioko gelan bertan erori eta haize bolada arraro batek barreiatu zituen Miren Karmele Zuazubizkarren partikulak oro, auskalo zein tokietaraino, senitartekoen dolua areagotuz.
Iragan astean Punta Umbriako hondartza
luzean nenbilen eguna urratu aurretik, ohi dudan moduan. Iluntasuna, bakardadea
eta itsas-marruma nituen lagun. Nire begiak uhinek ekarritako bulto batean
pausatu ziren. Eskuetan hartu eta kremaileraz itxitako poltsa bat zela
ohartu nintzen eta jakin minak eraginda ireki egin nuen. Ontzi susmagarri bat
zegoen barruan. Telefonoaren argiak lagunduta poltsan irakurri nuen:
Servicios Funerarios San José. Tanatorios de Huelva S.A. Ontzia eskuetatik
jausi zitzaidan.
Lurrekoa dena lurrera itzultzen dela oroitu
nuen, itsasoak ez baitu berea ez den ezer nahi. Baina aldi berean pentsatu nuen
ontzi hartako edukia zegokion hildakoaren senide gupida gabeak ezingo direla
lasai bizi errauts anonimo haiei behar bezalako atsedena ematen ez dieten
bitartean. Eta ontzirako erakutsi duten begirunea ikusita, luzerako daukatela iruditzen zait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina