Zuzenean entzun nuen duela egun batzuk Espainiako hego aldeko kafetegi batean.
Adineko bi emakume ari ziren eguneko albisteak komentatzen eta arreta berezia
eskaini zioten kasta politikoaren
ustezko ustelkeriaren gaiari. "Udaletxean karguren bat banu, nola ez nuke
sartuko lan egitera nire senitartekoren bat langabezian balego?" bota zuen
lasai asko haietako batek, bigarrenak "Noski!" borobil batekin
erantzuten ziolarik, lagunaren baieztapena guztiz logikotzat hartuz.
Eta gure artean gertatzen ari denak
irtenbide konplikatua duela pentsarazi zidan elkarrizketa hark. Erroetaraino
daukagu sartuta ustelkeria, gizarte-eraikinaren oreka arriskutan dago eta giza
norbanakoak gero eta sorgorragoak gara arazoaren aurrean. Pixkanaka zoru
etikoaren mugak desagertzen ari zaizkigu.
Nola eman dakioke buelta korapilo nazkagarri
kirastu horri? Nola sor liteke lege egitura berri bat ustelak eta
ustel-eragileak delituaren araberako neurriekin zigortzeko? Ai ene! Hori
ezinaren hurrena dugulakoan nago, gurpil eroaren dinamika zentripetoak
harrapatuta baikaude. Indar ziklopeoa beharko dugu osoko usteltze prozesuari
freno ipintzeko ... Baina lantegi erraldoia den arren ezinbesteko ariketa dugu
berrarmatze etikoari ekin ahal izateko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina