Udan sartzera goaz eta udazkeneko tenperaturekin egiten ari gara amets, eta, estutzen bazait, neguko hotza nahiagoko genuke, batez ere azken urte hauetako neguetakoa, tenperatura gordinik gabea. Kontua ez da inor ez datorrela bat daukanarekin eta beti kexatzen ari garela, baizik eta badirudiela inguratzen gaituen natura zoragarria gure aurka bihurtu dela eta gizadi gero eta irrazionalagoak gupidarik gabe aplikatu dion zigorra itzultzen ari zaigula.
Uste dut ondo merezia dugula gure pasibotasun kronikoagatik. Eztabaida ergeletan murgiltzen gara etengabe, eta funtsezkoa ahazten dugu: ez dugu zereginik gure aurreranzko ihesaldi eroan. Salbuespenik gabe alienatuta gaude, jasangarritasun-logikarik gabeko egunerokotasunean bizi gara. Gure planeta kargatzen ari gara eta bost axola zaigu.
Munduak bere martxa gelditu behar du norabide desberdina bilatzeko. Baina ezinezko ariketa bilakatu zaigu mundua guk geuk ere osatzen dugula ulertzea, eta guri dagokigula makineria suntsitzaileari freno ipintzea. Konprenitzeko ezgaitasunean harrapatuta gaude eta horrela, Covid/bero sapa/prezioen igoera jasanezina/ eta hamaika katramilaren osteko estresa arintzeko... oporretarako txartelak erreserbatzera goaz, ziztu bizian. Ihesean.
Argazkia: Ekain
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina