Ez dut ulertzen zergatik esaten zaion pilak kargatzea, pertsonala oporretatik gorputza birrinduta itzultzen dela egia denean, neke sentsazio astun batekin, osatzeko aste batzuk beharko dituena. Izan ere, jaun-andreok, oporretako irteera gorputzari jipoia ematea besterik ez da, nahita edo nahitaez erabakia. Eta ez dut ezer esaten adina protagonistaren egitura fisikoan orbain sakonak uzten doanean.
Mankatuta itzultzeari gehitzen bazaio deskonposaketa psikikoa itzulera operazioak tragediaren itxura hartzen du. Adibidez, tour operatorrek markatutako bira europarrari zerion estresak sakon eragin du bidaiariaren burmuinean eta suspertze emozionala ez zaio hain erreza gertatuko oporraldia amaitu berri duenari.
Nolanahi ere, egoera fisiko eta psikikoan zeharo jota egon arren, etxerakoan garaipenaren irribarrea loratu behar zaio bidaiari gizaraxoari ezpainetan. Ezin du porrotaren keinurik erakutsi, osterantzean galera erabatekoa izango bailitzateke. Eta bere zirkuluko ezagunei fantasiazko istorioak kontatu beharko dizkie, oporraldian xahututako bidesaria nolabait zuritzearren. Portzierto, inori interesatzen ez zaizkion abentura aspergarriak. Eta segituan, giza ardi zintzo bat denez, datorren urteko oporrak prestatzeari ekingo dio.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina