Andre Maria Zuriaren jaiei buruzko nire lehen oroitzapenek Gasteizko pilotalekura naramate, zortzi bat urte nituela aitona zenaren eskutik, ez preseski pilota partidu batera, baizik eta borroka libreko jaialdi batera. Catarecha anaiak aritu ziren Inka Peruano eta izena ahaztu dudan laugarren atleta baten kontra. Aragoiko bikoteak irabazi zuen eta saioak, prezio berdinean, ringeko emakume baten agerraldia ere zerbitzatu zigun, haserre bizian aterki batekin Incari astindua eskaini ziona. Ez naiz halako espektakuluetara itzuli.
Urte batzuk geroago Gasteizko jaiek zezenetarako bide bihurritik abiarazi ninduten, plazetarako nire joan etorriak ugariak izan ez badira ere. Baina nire adinetako guztiok bezala - eta ezetz dioena gezurretan ari da- zezenketak atsegin izan ditut, erritu, giro edota morboarengatik. Baina heldu zen eguna zezenak sakon miresten hasi nintzela... larrean bizirik
Jaiak aldatzen joan dira, eta hori guztiz logikoa eta beharrezkoa da, ez baitira alfer-alferrik gizartearen bilakaeraren erakusle zuzena. Ez dago jai egitarauetan borroka librerik, ez dago zezenik, ezta gizabidezko sentsibilitatea min lezakeen ikuskizunik. Baina, bestalde, oso zaila da erakargarritasun berririk sortzea, jai formularen bitartez interes masiboa pizteko gai litekeena. Agian behar ez ditugulako, urte osoko egitaraua era guztietako denborapasekin beteta dugulako. Eta artifizialki ezin da luzaroz inoren gorputzik biziarazi.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina