BILATU

uztaila 26, 2021

SANTIAGOTIK SANTANARA

 


Gaur amaitzen bide da Gasteizko uda idaz-buruari jaramon eginez gero. Atzo hasi eta gaur bukatu. Behingoz, bederen, gustatuko litzaidake jakintza zaharraren herrena agerian geratzea, adineko guztia ez baita okerrik gabea, are gutxiago eguraldiaren gorabeheretan. Egutegiak nahikotxo pilatuta ditugunok eskarmentuan gradu bat altuagoan gaude oraindik gordin samar daudenak baino. Ez zaigu, beraz, ikusi eta bizi izandakoaren meritua kenduko.

Esan liteke gauzak aldatuz doazela. Ahalegin gintezke frogatzen klimaren aldakuntzak gugan eragin positiboa duela eta hotz beroen lasterketan gorantz goazela, iragarrita dauden tenperatura itogarriek horrela darakutsatela baieztatuz. Eta hurbilduko zaigu laguna, bera bero dagoela adieraziz. Bego horrela, bere arrazoi eta desadostasun guztiekin.

Niri dagokidanez, gaur arratsaldean eguneroko osteratxoa egitera ateratzen naizenean, lepoan ohiko jertsea eramango dut, orain arte egin dudan bezala. Izan ere, jakintza zaharrak herrentasuna ager dezakeen arren azkenik jakintza da eta asko daki, zer arraio
!

 Argazkia: www.ttiklik.com

uztaila 19, 2021

EKONOMIA HUTSAREN ESKLABOAK


Giza kolektiboaren garapena soziala izango da ala gureak porrot egin du. Ezeren gainetik gizakia izango da garaile ala esklabo hutsak bilakatuko gara. Izan ala ez izan, argi eta garbi. Ekonomiak ezin du gizartea askatu, formula askatzailean oinarri ekonomikoa derrigorrezkoa gertatzen zaigun arren.

Pandemiak mundua hankaz gora jarri digu eta hamaika laudorio entzun ahal izan ditugu, botere politikoek berreskuratze ekonomikorako aldarrikaturako neurriak direla eta. Inoiz erabilitako aurrekonturik handienak izango dira han eta hemengo herrialdeetan martxan jarriko direnak eta badirudi ostera ere ahaztu dugula pertsona diruen labirinto konplikatuan. Salba bedi ahal duenaren gordintasunean jarraitzeko arrisku bizian gaude, neoliberalismo orojalearen hatzaparretan preso.

Egitura defizit erraldoiak azalean utzi du osasun publikoaren gabezia kronikoa. Erakunde boteretsu aseezinek bira berri batez estutu dute mundu osoko populazioaren premia, ia-ia bizitza arrunt duinari eusteko ahalmena ahitzeraino. Eta oinezkook gure mailako albokoari begiratzen diogu, gehiago ote garen frogatzeko, guztiz ahaltsuak gure etorkizuna hipotekatzen digun bitartean. Dinamika horrekin apurtzen ez den bitartean ekonomiak ez gaitu aske egingo.

Argazkia: JMVM

uztaila 12, 2021

BARNE BIDEAK


 
Udaldian barrena goazela ezer ez dela berdina izango oroitarazten dit lagun batek, arratsaldeko kafea terraza batean hartzen ari garela. Berbak labaintzen zaizkigunaren sentsazio patxadatsuak inguratzen gaitu, ez baitugu ezertarako presarik, mundua ez dela gelditu garbi ikusten dugun arren. Gertatzen dena da, gure zain legokeenak ez duela ardura merezi, behintzat uneko perspektibaren arabera.

Gero konturatzen gara ez dela bakarrik uda parteko egiaztapen borobila, urteko sasoi guztiek baitakarkigute pentsamendu berdina. Eta baieztatu egiten dugu barne arragoaren sendotasuna, hamaika abenturatan indartutako eskarmentu solidoa. Ondorioz barregura piztuta zantzotan amaitu dugu kafea.

Bitxiena da gero ohartu naizela ni bakarrik nagoela terrazan, eta elkarrizketa ez baizik bakar iharduna izan dela, nire barne ibilaldi lasaia, tranparik gabea. Ziur nago, goitik behera, ezer ez dela aurrerantzean berdina izango, aldakuntza gurekin baitoa, urratsez urrats, orduz ordu. Udak ez ezik, udaberri, udazken eta neguak ere diferenteak izango ditut. Egia esatera, ez dakit kafe izan ote den edan dudana.

Argazkia: Ekain 

uztaila 05, 2021

ORTZADAR

 


Errioxa aldean Ortzadar komunitatearen jarraitzaileek zer esan ugari eman dute duela zenbait aste, kideen ohiko bilkura horietakoa izan dela eta. Inoiz idatzi dut zertxobait komunitate horren inguruan,
Emilio Fiel bere guru ohia  hurbildik ezagutzeko aukera izan bainuen nire gaztaro gordinean, bera eta biok Alfredo Tamayo jesuitaren ikasleak ginela. Ordudanik berrogeita hamar urte baino gehiago eman dira.

Badakit Emiliok aspaldi egin ziola  uko ortzadarkide izateari, desengainatua, nonbait, berezko bere predikuarekin. Eta ametsen bidezidor arriskutsutik abiatu zen gero, mundu onirikoa exploratzeko Freud eta Jungen teoriez haratagoko postulatuetan zut, bosgarren dimentsioaren ahalmenaz konbentziturik. Azkenean, ene ustez, barne ideia berdintsuen eskaileretatik gora egin zuen predikatzaile donostiarrak, bere jarraitzaile (bezero)ei auskalo zein nolako bertuteren bitartez batek dakien norako bidaia-txartela ahalbidetu asmoz.

Ortzadar komunitatea txiki geratu zitzaion -beharbada ezerosoa barne kontraesanetan- eta mundu  berri bat eraiki zuen beraren inguruan, ortzadarretik ez hain urruti, eta utopia guztiak ahaztuta,  inora ez daraman bidera gonbidatzen ditu orain ere, duela mende erdi bat bezala munduaren etengabeko birei aurrez-aurre begiratu nahi ez dieten lagunak. Bakoitzak nahi duen bezala ahitu ditzake bere indarrak, horretaz ez daukat dudarik. Baina zalantzarik ez,  ortzadarrekoek eta Emilioren jarraitzaileek ez dute inoiz mundua aldaraziko.

Argazkia: JMVM

ekaina 28, 2021

OTSOA GURE ALDEAN ARKUME


 
Esaerak giza zoritxarra gogoratu dit jai egunetako bezperan. Ezin da hobeto mugatu gizon emakumeon nolakotasun bihurria, txarkeriarako joera naturala. Plauto klasikoaren aspaldiko “Gizonak gizona otso”ren ospera iritsiko ez bada ere, ezin uka bost hitz horiek modu borobilean definitzen dutela gure nortasun ankerra. Elkar bizikidetzaren oinarrizko arauak ez apurtzea oroitzen digute kartelean, eta horren gisako iragarkiak arras beharrezkoak bilakatu dira, gure lotsarako.

Hobbesek zioen XVII.enean gizakiak bere egoera normalean lagun hurkoaren kontrako jokabide etengabean diharduela, eta horregatik abisuak eman behar zaizkiola frenoa jar dezan, berezko izaera kaltegarriak hondamendi osoa ekar ez diezaion. Animaliarik basatien eta gupidagabeentzat zeukan filosofo ingelesak gizakia, eta ez zen bakarrik gerraz edo beste edozein bihozgabekeria erraldoiaz ari. Eguneroko praktika arruntean giza krudelkeriaren sintomak antzematen direla idazten zuen “Leviatan” obran. Eta egia da, inon arakatzen ibili gabe berez sortzen direla gure begien aurrean gaizkiaren txinpartak, gaizki hitzari nire aldetik ezelako esangura erlijiosorik eman barik, jakina.

Giza neurrigabekeriak gure artetik desagerraraztea posiblea dela pentsatzeak filosofiaren premia adieraz dezake, baina milurtetako eskarmentuak diosku argazkikoaren gisako abisuak zeharo ezinbestekoak zaizkigula filosofatzen jarrai dezagun. Hobbesek gizarte itunean jartzen zuen itxaropena. Zigor neurri aplikagarri egokirekin, gehituko nuke, otsoa gure aldean arkumea baita.

Argazkia: JMVM

ekaina 21, 2021

KALITATEAREN Q



Eroskiren eraikineko itoginek kalitatearen Q ekarri digu askori gogora.
Kudeaketa on eta egokiaren sinonimoa dugu Aenor edo nahi denaren ikurra eta kalitate hitz ponpoxoaren itzala maila guztietara - administrazio publikoaren tramiterik txikienetara barne- heldu da.

Ez naiz ni, otoi!, kalitatearen aurka agertuko, kalitatearen antonimoa zabarkeria baita, eta horrexek bai sortzen didala atzerako keinua. Ni hitzaren sakralizazioarekiko nago ezeroso, prozesu guztietan kalitatearen gako sarritan ulertezina jartzera behartzen gaituztenean, berbaren konnotazioa jainkotzeraino ailegatzen denean. Izan ere, zabarra bezain arriskutsua gerta daiteke kalitatearen mitifikazioa, mitoak -politak daitezkeen arren- ez baitira ukigarriak.

Titanic gaindiezina hondoratu egin zen lehen itsasaldian, Columbia transbordadorea lehertu egin zen estreinako hegaldian, Eroskiren itoginak aurreneko eurite gogorrean ikusi dira. Seguru nago hiru kasuetan kalitateari buruzko estandar guztiak gainditu zirela. Gertatzen da, sistemak erabiltzen dituztenak pertsonak direla, eta guretzat -gorputz gehi gogoa- ez da oraindik, zorionez, kalitate neurgailurik asmatu. Nik kalitatearen Q baino K jarriko nuke, konpromisoarena, Lan Onarekikoarena.

ekaina 14, 2021

IKASI AL DUGU EZER?


Ziklo berri batean gaude eta itxurari begira badirudi mundua suspertzen ari dela. Galtzerdi bati barnekoz kanpora egin izan bagenio bezala gainetik kentzen ari gara iluna, inguru argitsu batekin ordezkatzeko. Eta, noski, gainera datorkigun udari ongi etorri zaratatsua ematera prestatzera goaz, gurekin amaitzerik ez dagoela erakutsi nahi baikenuen, labezomorroak baino gehiago garela, hain zuzen.

Munduko kalapita politikoek itxaropenerako zirrikitu gutxi uzten dutenean - ikus Gaza edo Ceuta/Melilla; osasun ekonomikoak jangela solidarioetako bezeroen kopurua biderkatu duenean; tentsio ekologikoak orekaren soka apurtzear duenean - "denbora amaitzen ari zaigu"; futbol zelai batera sartzea kutsaketa guztiak baino premiazkoagoa egiten denean;... orduan, zerbait ez dugu ondo egin pandemiaren kudeaketan edota gureak ez du irtenbiderik.

Urtebete t’erdi eman dugu krisiak gure gizarte jarrera eraldatuko duela iragarriz, eta itxura askoren arabera zauri gehiagorekin atera gara borrokatik. Gure gizarteak - denak- jota daude eta bi bloketan sailkatzen ari da gero eta gardenago planetako biztanleria: nirekin ala nire kontra. Pandemia ez da amaitu; areago, badirudi betidanik gurekin bizi izan dela, gizon-emakumeon izaerarekin batera sortua. Noiz behinkako erupzioak - azkenari koronabirus deitu diogu- barne-zornearen ondorio hutsak dira. Irtenbidea ez datza Jansen, Pfizer, Moderna edo AstraZeneka txertoetan.

Argazkia: Zuriñe