Errioxa aldean Ortzadar komunitatearen jarraitzaileek zer esan ugari eman dute duela zenbait aste, kideen ohiko bilkura horietakoa izan dela eta. Inoiz idatzi dut zertxobait komunitate horren inguruan, Emilio Fiel bere guru ohia hurbildik ezagutzeko aukera izan bainuen nire gaztaro gordinean, bera eta biok Alfredo Tamayo jesuitaren ikasleak ginela. Ordudanik berrogeita hamar urte baino gehiago eman dira.
Badakit Emiliok aspaldi egin ziola uko ortzadarkide izateari, desengainatua, nonbait, berezko bere predikuarekin. Eta ametsen bidezidor arriskutsutik abiatu zen gero, mundu onirikoa exploratzeko Freud eta Jungen teoriez haratagoko postulatuetan zut, bosgarren dimentsioaren ahalmenaz konbentziturik. Azkenean, ene ustez, barne ideia berdintsuen eskaileretatik gora egin zuen predikatzaile donostiarrak, bere jarraitzaile (bezero)ei auskalo zein nolako bertuteren bitartez batek dakien norako bidaia-txartela ahalbidetu asmoz.
Ortzadar komunitatea txiki geratu zitzaion -beharbada ezerosoa barne kontraesanetan- eta mundu berri bat eraiki zuen beraren inguruan, ortzadarretik ez hain urruti, eta utopia guztiak ahaztuta, inora ez daraman bidera gonbidatzen ditu orain ere, duela mende erdi bat bezala munduaren etengabeko birei aurrez-aurre begiratu nahi ez dieten lagunak. Bakoitzak nahi duen bezala ahitu ditzake bere indarrak, horretaz ez daukat dudarik. Baina zalantzarik ez, ortzadarrekoek eta Emilioren jarraitzaileek ez dute inoiz mundua aldaraziko.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina