BILATU

uztaila 16, 2012

JUMPING "MARIANO" FLASH

Their Satanic Majesties-en harrikadaren lehen mende erdia mundu guztiari gogorarazten zitzaion egunean, Rajoyk bere harritzar bereziarekin agurtu zigun, hori bai,  britainiarren baino askoz entzulego murritzagoaren aurrean mintzatuz. Antzekotasunik ote bi protagonisten artean? Begira dezagun:

Musika arloan behintzat badute halako kidetasuna,  haien soinuari adituek aspaldi "negroide" izatezko etiketa jarri baitzioten eta orain blues ikaragarri triste jo duena, hil ezkilako kanpaiak negarrez jartzeraino, galiziarra izan da, espainiarren lehendakari errekonbertituriko estatu abokatua, alegia.

Eta bat batean, lantu eta hortz kirrinkaren artean, honky tonk woman ospetsua baino hamaika aldiz zurbilago geratu gara. Eta "Joan hadi popatik hartzera!" oihu ozen kolektiboa entzun ahal izan da zezen-larruko espektro zabalean, harri errodatuen kontzertuetan sarri stablishment-arekin izan den deskontsiderazio berdintsuarekin.

Auskalo nolako eragina izango duen gure artean, gero eta kontrolaezinagoa dugun maldan beherako erritmo frenetiko honek, ezin baitugu ondorioen gaineko erradiografia ezta irudikatu ere egin. Hain itsututa gaude hondoa antzeman ezin dioguneko zuloan, non ikuspegi hurbil eta laburreko irtenbide zentzugabean ari gara jartzen esperantza, emaitza justu kontrakoa gertatuko zaigula barneratu gabe. Eta gure noraezean esna gaitezen, nonbait, muturtxo bihotz urratzailearen mokor joko lizunkoi estiloa imitatuz, galiziarrak txaloka jarri ditu espainiar hemizikloko bere jarraitzaileak.

Hondarrezko zutabe gainean eraikitako satisfakzioa amaitu da, lagunok. Rajoy eta beraren moduan burbuila batean bizi izan garenok aurrerantzean zein mahaira joko dugun jakin nahi genuke eta harri errodatuen beggars banquet aukerari egundoko izuaz begiratzen diogu, ez baitigu eskale gisa amaitzearen ideiak bat ere graziarik egiten.

Artifizialtasunaren gezurrarekin jokatu dugu, patxada osoz, aspalditik. Mick eta konpainiaren devil sinpatikoaren itzal diabolikoak gogoa lapurtu zion gure gizarteari duela mende erdi inguru eta orain, zeri heltzerik gabe, atzera begira jartzeari beldur diogu, bihar zerekin esnatuko garen asmatzea ezina baita. Baina bada ezpada ere, abuztuko oporrak kruzerotan edo Islandiara emateko prestatzen ari bide da euskaldun populua. Zergatik ez?


Argazkiak:
http://bretguille.blogspot.com.es
dreamluxjagger.net78.net

uztaila 09, 2012

DEKALOGOA EZKERREKO MILITANTEENTZAT





Une zailek beti ekarri dute gizarte konpromezurako bide berriak ezartzeko ahalmena eta egun ere, eskandalu erraldoiaren kariaz han eta hemen jasotzen ari diren ahots kritiko eta ausarten artean indar garbitzaile berririk sortzen ote den irrikan gaude. Finantza sistema, panpin-politikoak edota gizateriaren ergelkeria kronikoa daitezke zulo beltz hilgarriaren muineko  faktoreak. Nork bere kiniela egin dezala eragileen sailkapenerako. Baina, zalantzarik gabe, balizko konponketa integrala berrarmatze etiko eta militante zintzotik etorriko da.

Frei Betto kristau brasildarraren dekalogo antzeko bat irakurri dut berriki, ezkerreko militanteei zuzenduta. Jakina, ez da nahikoa munduari behin betiko irtenbidea emateko (ezkor baikorrak lioke, aterabide bakarra erabateko suntsiketa litzatekeela) baina hamar aholku hauen zentzuzko aplikapenak bidea eramangarriagoa egingo ligukeelakoan nago. Irakur ditzagun:

1) Eutsi goian sumindurari. Eta aldian behin egiaztatu ezkerrean duzula gogoa. Eguna eta gauaren arteko desberdintasuna bezain normala hartzen du eskuinak gizarte diferentzia.

2)  Oinek zapaltzen duten tokian pentsatu behar du buruak.  Ezin da ezkerrekoa izan,  herria bizi den lekuan oinak ezarri gabe. Teoriarekin ibiltzea praktikara igaro gabe, gezur antzetan ihardutea da.

3) Sozialista zarela, eta zer? Ez lotsatu! Inkisizioak ezin izan zituen kristautasun zintzoaren balioak hil. Sozialismoa modu ofizialean desagertu izanak ez luke haren predikua gure baitan erauzi beharko.

4) Izan zaitez kritiko autokritika galdu gabe. Eutsi ideialari zein praktika eraikigarriari, atsedenik hartu gabe. Ekintzaren etsairik handiena autoasebetasuna da, eta nor bere buruarekin beti ados egotea. Zaude zabalik ingurukoen kritikak onartzeko.

5) Eduki garbi militante eta militontoren arteko diferentzia. Aurrenak sakondu egiten du gizartearekiko bere konpromezua. Bigarrenak, aldiz, azaleko xehetasun ergeletan geratzen da.

6) Zorrotza izan militantziaren etikan. Ezkerrak printzipioetan oinarritzen du bere jarduera. Eskuinak, aldiz, interesetan. Militante ezkertiarrak den-dena gal dezake, morala ezik. Boterean dagoenean ez du bere funtzioa bere buruarekin nahastu behar.

7) Elika zaitez ezkerraren usadioetatik, adibide eredugarrietatik. Militantziaren  iturri teorikoetatik edateak praxisa ongarri dezake.

8) Txiroekin batera huts egiteko arriskua askoz lehenago dago eurak gabe asmatu nahi izatea baino. Pobre izateak, berez, ez du pertsona hobea egiten. Baina eurekin batera saiatzea, lan egitea, justiziarekin bakea egin nahi izatea bezain zuzena da. Ezkerreko militante batek ez ditu sekula pobreen eskubideak negoziatuko.

9) Zapaldua defenda ezazu beti, nahiz eta zure lehen bihozkadan ez daudela zuzen pentsa zenezakeen arren. Haien pairamendua hain handia den,  non  erreakzioetan ez dugu sarri boteretsuengan  inoiz ezagutuko ez dugun jarrera ikusiko. Gizartearen sektore guztietan dira gaizkile eta ustelduak. Diferentzia, ordea, goikoen artean legea aliatua dutela da. Zapalduenganako zure jarrera aktiboan ez duzu inoiz zapaltzaileen ulertzea erdietsiko.

10) Bihur ezazu otoitz egitea alienazioaren kontrako antidotoa. Militante bezala  hitz egiten dugu eta, askotan, burgesaren bizimoduan galtzen gara, borrokalarien epaile bilakatuta. Otoitzak -modu askotakoa gerta daitekeena- gure bizitza hankaz gora jar dezake, hausnarketarako unea ahalbidetuz.


Argazkiak: Tere Anda

uztaila 02, 2012

IRONIA NIRE ALIATUA DA



Ironia bide da, komunikazioari dagokionez,  giza banakoen askatasunaren azken babestokia.  Gero eta nireago daukat ikuspuntu hori, eta  ironia literatura-figura gisa maiztasun handiagoaz erabiltzen dut barne satisfakzioa ez ezik irakurlearengandik -ekartzen didanean- adostasun subjektiboa baitakarkit, asebetasuna biderkartuz.

Ironia umorearekin joan daiteke lotuta baina ez derrigorrez. Gertakizuni buruzko iragarpenen eta errealitatearen arteko diferentzian oinarritzen da ironia, sor daitekeen paradoxaren hurrena bilakatzeraino iritsiz. Eta umorea antzematen bada mezu ironikoan, bide erdia dago eginda, esanahiaren gunea ulertu dela adierazten baitu. Nire lehen idazkietatik –eta ordudanik laster lau hamarkada beteko ditut- nahitako zentzuaz azalduta eman dut sarritan gertaeren berri, lengoaiaren eta autokontzientziaren orekari eutsi behar izan diodalarik, barne estropozuan ez jausteko.
 

Mendebal estatuek eta arabiarrek Sirian bakea ezarri nahi dutela idazten badut ironia dosi batekin jokatzen ari naiz, noski. Rajoy eta Merkel proiektu ekonomiko amankomun baten liderrak direla adieraziko banu nire hitzei ironiazko kutsua bilatu beharko litzaieke, ezen nire ideiak publikoki azaltzean gezurretan aritzeko asmorik ez dudalako. Eta ironiak, barre algararen premiarik ez badu ere, nahita nahi ezkoa du egia osoaren bertute gardenarekin jokatzea, mezua hipokresiaren itzalpean ezkutatuko ez bada.

 Ironia da, beraz, etsipen sakonean ez erortzeko seriotasun zorrotz ortodoxo aspergarria eta aldarrikapen irrigarriaren artean geratzen zaidan errekurtsurik baliozkoena. Izan ere, nola arraio egin niezaioke aurre ironiarik gabe eguneroko albisteen gurpil monotono, antzugarri eta kirasdunari? Gezurrak eta desinformazioak behartzen naute ironiaz mintzatzera, idaztera eta  ia-ia baita pentsatzera ere. Adibide berri bat: enpleguaren gaineko erreportaia El Paisen, bere orrietan  Prisa taldearen  langileen murrizketa aipatu gabe, informazio prostituitua iruditzen zait eta sentsazio horrek ironia paseatzera ateratzera gonbidatzen nau, zuzeneko enbidora inora eramango ez nindukeelakoan. Baina, bada ezpada ere, beste barik ozen esaten dut gezurrik borobilena dela egia –zatitxo bat bada ere- aproposean ezkutatzen duena.

Ironia atsegin dut ihes tutu egokia baita, orduak joan eta orduak etorriko desinformazio lotsagabeak morala jan ez diezazun. 


Argazkia: Tere Anda
 

ekaina 25, 2012

AURELIO ARTETAK BELDURRA EMATEN DIT

Atzo, igandea, normalean irakurtzen ditudan egunkarietako batean Aurelio Arteta katedradunak zerbitzatzen zigun artikulu interesgarria irakurtzeko aukera izan nuen (pazientzia eta San Juan gau magikoaren osteko ajeari irribarre batekin eusteko ahalmena izan zituen beste edozeinek bezalatsu) “Memoria, relato... y juicios de valor” zeritzan idazkia.

EHU-ko irakaslearen ohiko lerrotik zetozen tiroak eta beraz ongi parapetatuta irentsi ahal izan nuen idazkia, nire osotasun psikikorako ezelako arriskurik gabe. Orain hurrengoan PSOEko Jesus Egigurenek zioen moduan, Arteta nondik datorren zangotzarra abiatu baino lehen ikusten zaio, ahalegin handirik egin barik. Gurdia idien aurretik jartzera ohituta dagoenez gero, teoriak ere halakoxeak ateratzen zaizkio unibertsitari-maisuari. Inor gutxi konbentzitzeko gai da, behintzat burmuinean razionaltasunari toki eskaintzeko gauza direnen artean.

Gonbidatu egiten zuen Artetak irakurlea aurriritzi faltsuak desterratzera, besteak beste gure diferentziari buruzkoak. Eta hori gutxi bailitzan, eskubide kolektiboen entelekiaz mintzatzen zitzaigun, EHUn filosofia morala erakusten duen nafarra. A! Eta gaixotasun etnizistari buruzko ez dakit zer nolako harri bitxiak botatzen zituen, lasai asko, euskaldun guztion diruarekin finantzatzen den erakunde akademikoko asalariatuak. Hori bai da demokrazia, ezta Arteta jauna? Talaia paregabetik –hots, Euskal Herri etnizistan egunkari gehien saltzen dituen komunikabide-taldearen baitako medioetatik- deskargatu egiten zituen bere pistolak, liberalismo eskuindar baztertzaile higuingarriaren ildotik. Polita, oso, etnizistok antidemokratikotzat jotzen gintuen bitartean.

ETAren amaierak euskal abertzaletasunaren egokitzapenaz ez baizik eta horren gaineko galdeketaz zerikusirik eduki beharko lukeela zioen filosofoak. Eta nazionalismoari legitimitate irrazionala dagokiola gehitzen zuen. Korolario gisa, berriz, euskal gizarteak nazionalismoaren desarmeari buruzko foro iraunkorra izan beharko lukeela azpimarratzen zuen, baina –aldi berean- bere burua inozo hurrengotzat jotzen zuen halako planteamendu egiteagatik, konbentzituta izan nahi ez duena konbentzitu nahi izatea ariketa antzua delakoan baitago. Albert Camusen aipu batekin amaitzen zuen pentsalariak, zeinean limurtu ezin daitekeen gizakia gizaki beldurgarria dela adierazten zuen frantziarrak.

Dirudienez Aurelio Artetak ez daki gauza handirik ispiluen jokoaz... edo giza banakoen askatasunaz hain konprometitua dagoen ze bere libertatearen labirintuan ahaztu egin du, simetrismoaren oinarrizko postulatuengatik bere burua ere jarri beharko lukeela balizko limurtzearen ahalezko jokalarien artean. Nik behintzat ez diot inoiz aditu (entzun, irakurri) prest legokeela pertsuaditua izateko, baldin eta konbentzitzen badute, noski. Horretarako joko dialektikora ireki egin behar da, aurriritzi eta lokarri liberal antzugarri eta kamustaileak alboratuz. Eta, zer esanik ez, liberalei beltz jartzen zaieneko interbentzionismorako deietara jo barik.

Niri, Aurelio Artetak –pertsuasiorako gertu ez dagoen heinean- beldurra ematen dit, izua.



Argazkia:  ciudadanovoltaire.blogspot.com

ekaina 18, 2012

ENTZULEGO ZORROTZA


Nire karrera luzexka samarrean ohitua nago han eta hemen hitzaldiak ematera, hamaika gai desberdinez. Eszenategi ugaritan eta zenbait hizkuntzatan aritu behar izan dut, batzuetan titulu propioarekin eta beste askotan erakunderen baten izenean. Publikoak ere, noski, denetarikoak izan dira eta kasu batzuetan oso zorrotzak, exigenteak, gainera.

Gaur goizean azken agerraldia egin dut, eta oso esperientzia polita izan da, modu bereziz prestatu behar izan baitut nire burua hitzaldian porrot ez egiteko.  Non eta Arrasateko ikastola batean aritu naiz, norentzat eta, bost-sei urteko umeentzat hitz egin behar izan dudalarik. Gaia ez zen makala, alajaina: Arrasateko historia. Aitortu behar dut azken egunotan urduri antzera ibili naizela, ez baitut inoiz hain entzulego gaztetxo izan eta ez nekien nola erreakzionatuko zuten nire berbaldiarekin. Normalean historiari buruz mintzatzen garenean erabiltzen diren kontzeptu eta terminologia, jakina, alde batera utzi behar nituen. Baina nola ordezkatu horiek? Hortxe zegoen gakoa.

Ume horiek nire begirune osoa zuten ekitaldiari ekin aurretik, eta ezin nuen edozein narrazio asmatu. Haurrek euren mundua daukate eta elikatu behar zaie, errespetutik, haien behar eta premiekin sentikorrak izan behar baitugu. Horregatik, umeak protagonista bihurtu nahi izan ditut gaurko hitzalditxoan, beraiek ere euren estilo eta oraindik gordintasunean historiaren partaide baitira. Nolakoak, gainera!
.
Istoriotxo bat bilbatu dut eta haurrekin batera nik egundo gozatu dut. Denbora-espazio kontzeptuan ipuin bateko zertzelada nagusiak bailiran sartu ditut arrasatear historiako hiruzpalau mugarri anonimo, eta horiekin haurren ezagutzarako ahalmen irekia zeharkatu dut, nire tantatxoa utziz. Lortu dudalakoan nago, umeak –zerbait izatekotan- egiazaleak baitira, aurpegi bakarrekoak.

Nik uste dut emaitzak merezi izan duela. Hantxe izan ditut hogeita hamar bat umetxo, euren aulkitxoetan eserita eta arbelari so. Nire esku ez trebeak marrazten zituen animalia, mendi, pertsona, erreka eta olei begira eman dute tartea, eta nirea amaitu dudanean galderak egiteko eskaini diedan txandan inoizkorik beteena gertatu zait itaunketa. Goi mailako entzulegoa, beraz, gaur goizean izan dudana, adinean ibilbide laburrekoak diren arren.




Argazkiak: Silbia Maria Seco

ekaina 11, 2012

SUKALDARITZA: EZ AL DA GEHIEGI?

Herri baten osasun fisikoa tokiko medioek sukaldaritzari eskaintzen dioten espazioaren arabera neurtuko balitz, euskaldunena munduko osasunik osasunenetakoa izango litzateke. Ez dago egunik prentsaren titularretan gastronomiarekin erlazionaturiko zerbait agertu gabe. Euskaldunok jatun onen ospea dugu eta, salbuespenak salbuespen, egia izan behar du, gure geografiako edozein tokitan aurki baitaiteke non bazkaldu edota afaldu modu ederrean.

Sukaldaritza zaleen salbuespenen artean nagoela argitu nahi dut aurrera baino lehen. Ezagutzen nautenek badakite ez dudala janari gaietan denbora alperrik galtzen, egia bada ere badakidala bereizten ongi jarritako jaki bat erdipurdizko beste batetik. Baina ez naiz aditu jakien sekretuetan eta denetatik jan dezaket, aparteko baldintzarik gabe. Gutxirekin konformatzen naiz.

Hori esanda, ez dakit azken urteotan ez ote garen pasatzen ari gastronomiari eskaintzen ari zaion tratamenduan. Batzuetan mitifikatu egiten dugulakoan nago, eta neurriz kanpoko hedapen mediatikoaren eraginpean bizi garela iruditzen zait. Michelin izarrak, munduko “chef” onenen sailkapena, Basque Culinary Center deritzanaren eguneroko agerpen margo askotarikoak... Sarri pentsatu dut eguneko sukaldaritzaren pauten eraginpean ergelkeriaren hurrengoan kokatzen garela, barregarri erortzeko arriskuarekin.

Erantzun lekidake, samur asko gainera, hobe dela sukaldaritzari buruzko albisteak edukitzea gerra eta gainerako giza-kalamitateei dagozkienak baino, batez ere errealitatearen islapen zuzenak badira. Erabat ados. Gertatzen dena, ordea,  lapiko eta zartaginen inguruan azken denboretan zerbitzatzen zaizkigun gehienak eguneko gizarte-premietatik urrun daudela da, eta gisa horretako albiste-bonbardaketa hiritar jasankor eta soilarentzako iraintzat har liteke. Lehengo astean bertan, Gasteizen izandako prentsaurreko batean arabar lurraldeko 500 senditan gosea errealitate gordina dela jakinarazi dute Bultzain elkartekoek. Zenbat dira Euskal Herri osoan? 

Barkatu inor mindu badut nire hitzekin, beharbada guztiz oker dagoena neu izan bainaiteke.


Argazkia: viviendocultura.blogspot.com

ekaina 04, 2012

KENDU KARETAK!



Asteburu polita izan dut amaitu berri dena. Antzerkiarekin lotuta eta modu aktiboan, gainera. "Paradisuko atean" antzezlana eskaini dugu Arrasateko Doke Antzerki Taldekook, sei bat hilabeteko prestakuntza trinkoaren ondorioz. Amateurra bere egituran baina kontsekuentea bere planteamenduetan, horixe da DATen esentzia, funtsean.

 
Badakit ez digutela ezelako sari ponpoxorik emango gure ekarpen jarraikiarengatik. Baina ez da hori gure helburua, behintzat orain arte, antzerkiko mundu eder bezain zailean barrena abiatu ginenetik. Geure barnean  zaletasunaren garapen naturala sentitzea eta testu zein gorputzen bidez gogo-bibrapenak publikoki eta libreki adieraztea izan ditugu xede, antzerki munduan gabiltzanetik.

Antzerkiak, besteak beste, aukera eman dit neure buruaren gain barre egiteko. Samurra ez den ariketa, alegia. Gehiegi kortsetuta bizi gara normalean, eta ahazten ari zaigu bizitza bera nahikoa tragedia dugula gure eguneroko jokaera arruntekin ozpindu gabe ere. Barre egitea -eta ERAGITEA- jazoera irrigarriekin baina baita serioekin: horixe izan da dokekideen helmuga azken zortzi urteotan. Eta horretan segituko dugu, ariketak merezi duela iruditzen zaigun bitartean.



Libreak eta gure expresibitarearen jabeak garenez gero askatasunean konpartitzen ditugu mezuak -xeheak- eta ametsak. Antzerkiak gure bizitzetatik karetak erauzteko aukera eskaintzen digu. Eta garen bezalakoak ageri gara, arropa arrotzez biluzik eta karetarik gabe. Horrexegatik, beste ezerengatik ez bada ere, eszenategira igotzeak merezi du.




Argazkiak: goiena.net; mondraberri.com