Asteburu polita
izan dut amaitu berri dena. Antzerkiarekin lotuta eta modu aktiboan, gainera.
"Paradisuko atean" antzezlana eskaini dugu Arrasateko Doke Antzerki
Taldekook, sei bat hilabeteko prestakuntza trinkoaren ondorioz. Amateurra bere egituran
baina kontsekuentea bere planteamenduetan, horixe da DATen esentzia, funtsean.
Badakit ez digutela ezelako sari ponpoxorik emango gure ekarpen
jarraikiarengatik. Baina ez da hori gure helburua, behintzat orain arte,
antzerkiko mundu eder bezain zailean barrena abiatu ginenetik. Geure barnean
zaletasunaren garapen naturala sentitzea eta testu zein gorputzen bidez
gogo-bibrapenak publikoki eta libreki adieraztea izan ditugu xede, antzerki
munduan gabiltzanetik.
Antzerkiak, besteak beste, aukera eman dit neure buruaren gain barre egiteko. Samurra ez den ariketa, alegia. Gehiegi kortsetuta bizi gara normalean, eta ahazten ari zaigu bizitza bera nahikoa tragedia dugula gure eguneroko jokaera arruntekin ozpindu gabe ere. Barre egitea -eta ERAGITEA- jazoera irrigarriekin baina baita serioekin: horixe izan da dokekideen helmuga azken zortzi urteotan. Eta horretan segituko dugu, ariketak merezi duela iruditzen zaigun bitartean.
Libreak eta gure expresibitarearen jabeak garenez gero askatasunean konpartitzen
ditugu mezuak -xeheak- eta ametsak. Antzerkiak gure bizitzetatik karetak
erauzteko aukera eskaintzen digu. Eta garen bezalakoak ageri gara, arropa
arrotzez biluzik eta karetarik gabe. Horrexegatik, beste ezerengatik ez bada ere, eszenategira
igotzeak merezi du.
Argazkiak: goiena.net; mondraberri.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina