Nire karrera luzexka samarrean ohitua nago
han eta hemen hitzaldiak ematera, hamaika gai desberdinez. Eszenategi ugaritan
eta zenbait hizkuntzatan aritu behar izan dut, batzuetan titulu propioarekin
eta beste askotan erakunderen baten izenean. Publikoak ere, noski, denetarikoak
izan dira eta kasu batzuetan oso zorrotzak, exigenteak, gainera.
Gaur goizean azken agerraldia egin dut, eta oso esperientzia polita izan
da, modu bereziz prestatu behar izan baitut nire burua hitzaldian porrot ez
egiteko. Non eta Arrasateko ikastola
batean aritu naiz, norentzat eta, bost-sei urteko umeentzat hitz egin behar
izan dudalarik. Gaia ez zen makala, alajaina: Arrasateko historia. Aitortu
behar dut azken egunotan urduri antzera ibili naizela, ez baitut inoiz hain
entzulego gaztetxo izan eta ez nekien nola erreakzionatuko zuten nire
berbaldiarekin. Normalean historiari buruz mintzatzen garenean erabiltzen diren
kontzeptu eta terminologia, jakina, alde batera utzi behar nituen. Baina nola ordezkatu
horiek? Hortxe zegoen gakoa.
Ume horiek nire begirune osoa zuten ekitaldiari ekin aurretik, eta ezin
nuen edozein narrazio asmatu. Haurrek euren mundua daukate eta elikatu behar
zaie, errespetutik, haien behar eta premiekin sentikorrak izan behar baitugu.
Horregatik, umeak protagonista bihurtu nahi izan ditut gaurko hitzalditxoan,
beraiek ere euren estilo eta oraindik gordintasunean historiaren partaide
baitira. Nolakoak, gainera!
.
Istoriotxo bat bilbatu dut eta haurrekin batera nik egundo gozatu dut.
Denbora-espazio kontzeptuan ipuin bateko zertzelada nagusiak bailiran sartu
ditut arrasatear historiako hiruzpalau mugarri anonimo, eta horiekin haurren
ezagutzarako ahalmen irekia zeharkatu dut, nire tantatxoa utziz. Lortu
dudalakoan nago, umeak –zerbait izatekotan- egiazaleak baitira, aurpegi
bakarrekoak.
Nik uste dut emaitzak merezi izan duela. Hantxe izan ditut hogeita hamar bat umetxo, euren aulkitxoetan eserita eta arbelari so. Nire esku ez trebeak
marrazten zituen animalia, mendi, pertsona, erreka eta olei begira eman dute
tartea, eta nirea amaitu dudanean galderak egiteko eskaini diedan txandan
inoizkorik beteena gertatu zait itaunketa. Goi mailako entzulegoa, beraz, gaur
goizean izan dudana, adinean ibilbide laburrekoak diren arren.
Argazkiak: Silbia Maria Seco
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina