BILATU

iraila 28, 2015

FELICITATS I ENDAVANT!



Cañizares kardinalak tiroa erratu du. Baliteke zeruko zaindari guztiak beste gerraren batean egon izana egun hauetan eta ez jabetzea Valenciako eliz-gizon txit argiaren erregu misteriotsuaz. Baliteke ere astean Onda Ceroko elkarrizketan nazionalitateei buruz Raxoi inklitoak  txirrista egiteak despistea ekarri diela Kataluniako independentziaren kontrako hautesleei. 

Eta baliteke ere Kataluniako hautesleriaren gehiengoak gauzak oso argi edukitzea zer bozkatu duten, zergatik eta zertarakoaz. Eta azken berrogei urteotako desertu-ibilaldian euskal hiritar asko  poliki-poliki galtzen joan garen intentsitate positiboarekin agertu dira hautestontzietara katalanak euren aldarrikapena mundu guztiak ezagutu dezan.
 
Seguru nago Merkel, Cameron, Obama eta abarrek (Sarkozy, Mariano eta Sanchez ez ditut abarrean sartzen) dagoenekoz hausnarketatxoren bat egin dutela azken orduetan Kataluniaren geroaz. Eta apustu egingo nuke ez direla barratina eta senyerakoak hain gaizki geratzen nazioarteko inguruan. Zuzentasunaren arrazoiak gainditu egin du indar, deskalifikazio eta izuarena. 

Zorionak Katalunia. Felicitats i endavant !

Argazkia: Tere Anda 

iraila 21, 2015

KATALUNIARREN MIGRAZIOA



Irakurtzen nuen lehengoan ikerketa bitxi berri baten gaineko laburpena eta nire baitan, erreakzioa bitxiagoa emanez, Kataluniako hauteskundeetaraino egin nuen salto. Ikerketaren gaia: hegazti migratzaileek nola erabakitzen duten elikatzeko zein tokitan geratu. Horixe zen ikerketaren ardatza eta azalduko dizut, irakurle estimatua, nola arraio iritsi nintzen Mas molt honorablearenganaino. 

Begira: ikerketaren arabera, hegazti migratzaileek aurre egin behar diote arrisku soka luze bati. Nekea, jakirik eza, klimaren gorabeherak eta, jakina, depredadoreak.  Hegazti asko eta asko bidean geratzen dira, helburura ailegatu gabe, euren xedeaz disfrutatu barik. Eta, noski, belaunalditako eskarmentuari esker, hegaztien baitan bada halako zuhurtasun puntu bat neurriak hartzera ahalbidetzen diena.

Jango dute, bai, baina ez edozein tokitan eta edozein modutan. Ikerleen teoriari jarraiki, hegaztien hegaldia hiru faktoreren arteko orekaz antolatzen da:  seguritatea, balizko  jaki mota eta abiadura. Eta horiek ongi integratu ondoren, bidean ez geratzeko arriskua egundo jaisten da. 

Kataluniako prozesua ere hiru faktore horien bat egitearekin aldera genezake. Jaki motari dagokionez, independentzia daukate mokadurik  goxoen eta erakargarriena, arriskatzera animatzen duena. Abiadura: egundokoa daramate kataluniarrek eta hitz hutsetan geratu beharrean goi mailako hegaldi praktikoa burutzen ari dira. Eta ez dute seguritatea ahaztu, inondik ere:  jakin badakite, gertatuko dena gertatuta ere, Katalunia beti onetsia izango dela nazioarteko testuinguruan, espainiar estatuaren barruan ala hortik kanpo. Katalunia, berez, oso lurralde inportantea (aberatsa) baita eta hori ez dute alperrik galduko Merkel, Cameron, Obama eta abarrek. Bai, zera!

iraila 14, 2015

EZ ZAHARRAGOA BAINA BAI GUAPOAGOA



Iragan asteko albiste batek etsipenik ilunenean utzi ninduen eta oraindik jota samar nabil: euskaldunok ez bide gara hain zaharrak. Esan zaigunez,  "gainerako" espainiarrekin batera agertu ei ginen lurralde hauetara eta baliteke, gainera, euskara ez edukitzea hain gurea. 

Ez esan niri, honaino iritsi zaren irakurle estimatua, ez dela triste eta noraezeko sentsazioarekin egoteko!  Independentismozko txinparta ideia oker uste batengan genuen eraikia. Hori desastrea! Eta, noski, Sabinoren ezjakintasunari egotzi behar zaio okerraren jatorria eta euskal gizartearen gainera erori den madarikazioaren sorburua.

Zer esanik ez, espainiar medio maitagarriei - El Paisetik hasita- zor diegu gehien bat oihal itsuarazlea gure begietatik  kentzea. Etsipenean preso egon naitekeen arren, behintzat orain badakit egia (egia zientifikoa, berdaderoa) eta nire bilobei ipuinak kontatzen dizkiedanean euskaldunak ez garela hain beteranoak adierazi beharko diet. Baina hobe pentsatuta, nire baitan alaitasuna berreskura dezadan, agian esango diet gure lehen tximu-arbaso hura askoz guapoagoa zela "gainerakoena" baino. Eta galdetuko balidate nola dakidan hori, erantzungo dut gure sendiko ahozko tradizioari esker dela. Uf, ze lasaitasuna!



 

iraila 06, 2015

GIMNASIOA BEHAR DUGU

Oporretako itzulera operazioa astun samarra gertatu  da.  (Baina abuztua bera ez al da gogorra izan eta urte osoa ere beltz ilun? Edo, ez al da izango badaramagula denboraldi luze bat  pisu jasanezinaren eztena gogoa pitzatzen ari zaigula?)   Kilo gehiegi ditugula somatu ei du hiritargoak azken egunotan. Bai,  larregi gizendu garenaren kezka antzeman dudala iruditzen zait, soberako zamaren alarmak  esnarazi izan bagintu bezala.

Ez naiz kilo fisikoez ari, tamalez. Sortu dugun mundu irrazional honen estanpa tragikoak proiektatzen digun bizi-larritasuna daukat gogoan lerro hauek idaztean, nire begi niniek bizitza arruntera normaltasun osoz inkorporatu duten hamarkadatako dramaren garraisia, alegia. Eta gizon-emakume pribilegiatuon  baitan kontzientzia-zamak  dardara txikia eragin duelakoan nago.  Eraiki dugun munduak ez diola elkar bizitza konprometituari ezelako aukera ematen eta gorputzaren gehiegizko pisu kamustailea mugimendurako oztopoa dela ikusi ei dugu. Balioko al du ezertarako?

Bidetik kopeta ageri eta goian joan gaitezen, kilo asko sentiberatasunik eza erre behar ditugu, bai, giza-duintasunari  eskua luzatu ahal izateko.  Konpromiso ausarteko labe garaietan tonelada ugari konformismo suntsitu  beharrean gaude, sistemaren garro itotzaileetatik askatu eta gizadi  justua sorrarazteko. Duda izpirik gabe,  gizarte konpromiso aurrerakoiaren  gimnasiora igaro behar dugu!

Argazkiak: www.ethic.es








abuztua 31, 2015

IZARRETAN BARRENA



Udako gau epeletan gorputz eta izpirituari une goxoak bizitzeko  aukera ematen diet: etxeko lorategian etzan eta nire gaineko zeru infinitoari geratzen naiz begira, loak betazalak itxi arte. Plazera, aizu. Ezta Hawkingek ere, izar eta zulo beltzen gaineko bere teoria guztiekin, lortuko ez duena. 

Hitzekin deskriba ezin daitekeen sentsazio dultzeak espazio erraldoitik garraiatzen nau eta nire txikitasun nanoaz jabetzen naiz. Ahaleginak egiten ditut izarrik txikiena antzemateko eta segundo batean milioika kilometrotako bidaia burutzen dut, itaunak bata bestearen ondoan datozkidan bitartean.  Argitxo hura zer arraio den, zer distantziara dagoen eta zergatik ikusten dudan galdetzen diot, besteak beste, nire buruari. Eta naizen begiraleren saiakera horretako azken galderak hotzikara puntu bat jartzen dit bizkar hezurrean: izango al da izar urrun hartan nire moduko besteren bat lur planetari buruzko antzerako zalantzak dituena? Bertigoa. 

Gizon-emakumeok lur azalera agertu ginenetik egon gara izarrez liluratuta. Eta berezko gure ezgaitasunaren ondorioz, galdera berdinei erantzun diferenterekin ihardetsi diegu. Egiatasun ilun horrek, ordea, ez nau kezkatzen, ihardespenik gabeko galderak gizakion ezinbesteko gogo-eusletzat baititut, zorabio animikoak sorraraz ditzaketen arren. Nahiago dut ezezagunaren aurreko bertigoa isiltasun alienatzailearen zarata baino.

Argazkiak: wikipedia, wallpaper.net 

abuztua 24, 2015

ESPERANTZA ETA ILUSIOA



Aro desberdinetako esperantza eta ilusioak ezberdinak izaten dira. Jakina norbanakoaren baitan erro zaharreko bi sentimendu horiek bizi daitezkeela, baina denboraren poderioz mehetzen joaten dira iragarpen zalantzagarrizko itxaropen eta grinak, eta azkenik aldatu egiten ditugu berri batzuekin ordezkatuz.
 
Begira: arrantzan ateratzen naizenean amuarraina izaten dut helburu nagusia. Duela mende erdia (bai, berrogeita hamar urte baino gehiago daramazkit kanaberarekin!) ahalik eta piezarik handiena hartzea zen nire xedea. Eta esperantza neukan goizero marka berria jarriko nuela.  Horren ondorioz, ilusioa egiten zidan, arrain hura  labean ipinita, etxeko guztientzako otordu goxoa prestatzeak.

Amuarrainak desagertu egin dira nire ohiko arrantza tokitik eta beste arrain mota asko azaldu badira ere nire baitan haien gaineko esperantzak segitzen du bizirik, piezaren neurria bigarren planora igaro delarik. Esperantza daukat oraindik nire kanaberaren amuan inoiz amuarrainen batek tenk egingo duela. Berdin dit tamainak. Ilusioa ere desberdina da: nirekin batera argazki kamera eramaten dut txalupan eta amuarraina harrapatuko banu harekin pare bat erretratu atera ondoren ostera itzuliko nuke uretara, nire baitan esperantza eta ilusioa pizturik iraunarazi ahal izateko. Sasoien joan etorriekin aldatzen joaten direla dakidan arren.

 Argazkiak: JMVM