BILATU

otsaila 22, 2021

EZTABAIDAREN GARRANTZIA

 


Vene Herrero adiskideak sarkasmo puntu batekin idatzi zuen lehengoan pentsatzen zuela azken hilabeteotan mundua arrotz samarra gertatzen ari zaiola, oro har. Hori nire lagunaren ikuspuntua da eta, nork bere talaia partikularretik bere egin dezake ala ez haren susmoa. Izan ere, Monty Pythonen umorearekin neurtuta, eztabaidarako grina gu gizakiongan gauza naturala da eta prest gaude uneoro edozeini kontrakoa egiteko. Areago, ordaindu behar badugu eztabaida modu artifizialean pizteko, ordaindu egiten da eta kito.

Eztabaida, berez, ona da, eta ariketa osasuntsutzat har genezake arazorik gabe, azkenean esgrimako norgehiagoketaren bezalakoa baita. Beste gauza bat da, eztabaidaren ardatza leku aproposean jartzen den ala alde bateko edo besteko ikararekin abiatzen den. Esgriman ere “ukitua” samurragoa egiten zaio sablea puska bat luzeagoa daukanari. Eta kasu horretan, garbi dago, abantailarekin ari denak ez du egiarengatik borrokatzen, bere tesiaren alde baizik. Lanabesaren araberako emaitzak ez du, inondik ere, arrazoiaren indarra adierazten.

Eta arrazoia ahultzen bada, galzorian jartzen bada, ez al gara proiektatzen ari gure desagerpen kolektiborantz? Benetan, umorea berreskuratu nahi dut nire jardunerako, eta neurgailuen orekaren alde nago borrokaren abiapuntuan, lehian galtzaile ateratzen banaiz ere.

Argazkia: Ekain 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina