Zenbait lagunen galera mingarria izan dut azken hilabeteotan, heriotzak markatzen duen erritmo ilunaren guretzat martxa etsigarrian abiatu direlarik. Bizitzaren legea al da heriotza? Hori bai, hori, erantzunik gabeko galdera, bi kontzeptu kontrajarrietan lotune aurkitzerik ezina baita. Bataren logikak bestea ezereztatzen du eta alderantziz. Niri, behintzat, ulertezina egiten zait bizi-hil bikoteari amankomuneko ezer aurkitzea.
Bizitza bizidunok esperimentatzen dugu, eta esperientzia amaituta... zer? Heriotza nongo esparrua den adierazterik ez dagoenez jokoa hemengo aldeko zelaian atondu beharra daukagu, marretatik aldendu gabe. Heriotzaren itzala sentitu duenarentzat partidua nekezagoa gerta dakiokeen arren, jokoaren arauak ongi barneratuta praktikari eustea dagokio, jota ke.
Horregatik biziki atsegin nuen lehengoan, berriki alargundutako adiskide batek, isilpean belarrira aitortu zidanean: bizitza berrira baikortasunez egokitu, beste erremediorik ez daukat. Hori eta heriotzak lapurtu zion maitatuarenganako oroitzapena bizirik iraunaraztea.
Argazkia: Zuriñe
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina