Juan Garmendia Larrañaga lagun handiak esan
ohi zuen -ia ia Castelao galiziarraren ildo beretik- zaharrok ez dugula planik
egin behar, nahikoa dugula bizi izate hutsarekin. Eta aburu berdinekoa nauzue,
bi arrazoirengatik: Juanito jakintsua zelako eta, zuzenagoa, adinean aurreratu
samar nagoenez hodeiertza gero eta estuagoa dudalako.
Beraz, ez dut uste helduko naizen ditxosozko birusak gure gizartera ekar
lezakeen aldaketa behar bezala neurtzera. Ahalezkoan idatzi dut, izan
ere ostera erakusten ari garen ergelkeria kolektiboak betiko zulo
alienagarritik ihes egitea eragotz dezake, osorik. Baina suposa dezagun baietz,
gizarte-epidermian ikututxoren bat eragin duela.
Aldatuko al da izurriteari buruzko gure pertzepzioa, eta barneratu ahalko dugu
birusa ez dela gaizkiaren sorburua baizik gizateriaren kudeaketa okerraren
ondorioa? Birusak seinaleak igorri dizkigu bere ibilbidean antzemandako gizarte
ahultasunari dagokionez, mundu kontrajarrien arteko eramanezina areagotuz.
Erakutsi digu Trump zoroaren ludi osoko ejertzitoak prest daudela demokraziaren
oinarria bera ere akabatzeko; aurkeztu digu abeslari rapero kaskar batek
dardaran jar dezakeela elkarbizitzaren egitura; egiaztatu digu osasuna negozioa
dela, kontsiderazio guztien gainetik; garbi utzi digu hiritarrok gero eta
txiroagoak garen bitartean boteretsuen kluba egonkortu eta aberatsagoa bihurtzen
ari dela. Eta abar.
Ba, hasieran nioena, ezingo dudala behar bezala antzeman koronabirusak
aldaketarako bidean jarri gaituen. Epe luzerako erronka da, baina abiapuntuan
gaur bertan kokatu beharra dago, ahaleginean etsi gabe borrokatzeko. Finean,
gaizkiaren kontrako borroka baita. Gizartearen beraren gaizkia, alegia.
Koronabirusa beste gauza bat da.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina