BILATU

martxoa 08, 2021

HOMO SAPIENS ETA MARTXOAREN 8

 


Hasiera batean kaosaren hurrengoa bide zen, hots, Lur planetan bakarrik ur eta lurra ziren, eta animaliak, txiki eta handiak, askatasunean bizi zirenak, inongo araurik gabe eta bakoitzaren biziraupenak markatzen zituen mugen barruan egokituak. Eta milioika urteren buruan gizakiak sortu ziren, kontinenteetan zehar barreiatuz eta bazterrak oro, animaliak barne, menderatuz. Eta bere nagusitasunaz itsututa bere buruari Homo Sapiens deitu zion. Nork bataiatu zuen horrela gizakia? Gizona, bistan da.

Gizartea jaio zen gizakiarekin, eta animali adimengabeek gordinki nabaritu zuten hori euren larruetan, lehen libertatea zen tokian esklabutza eta heriotza nagusitu baitziren Lur azalean. Eta gizartean gizona bihurtu zen errege, eta botereko tronuan jarraitzeko ortodoxiak inbentatu zituen, hau da, zurrunkeria erlijioso, politiko eta soziala. Eta malgugabekeria horretan gaizki iraun zuen gizadiaren erdiak. Erdia diot, antzerako portzentajean baitago zatituta generotan
planetako emakume eta gizonon populazioa.

Animalien esklabutzatik emeen esklabutzara eman zuen, beraz, salto Homo Sapiens-ek (gogora dezagun, gizon jakintsua) eta adimen eta arrazoiarekin konbentzitzeko gai ez zenez gero ortodoxiaren arau, lege eta praktika salbaiarekin menderatu zituen gizaldi eta gizaldietako bidai-lagun isilak. Gaur arte. Horregatik konbentzituta nago, XXI.eko iraultzarik sakonena emakumeek eragindakoa izango dela... Homo sapiens-en osoko lankidetza eta onarpenarekin. Bestela, gureak egin du.

Argazkia: Wikipedia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina