BILATU

martxoa 29, 2021

ZERGATIK EZ ZARA ISILTZEN?


 
Diotenez, Ingalaterrako Isabel II. erreginari galdetu zioten behin zein zen bere bete beharra. Eta emakumeak lasai asko erantzun zuen: "Ezer ez egitea, horixe da nire lana. Eta isilik egotea" Eta historiak txalotu egin du erreginaren ateraldia.

Kanpetxanoak, ordea, beste esaera batzuengatik egin da ezagun munduko bazter guztietan.  Zergatik ez zen isiltzen bota zion Chavez Venezuelako presidente hautatuari estatu buruen bilera batean, diplomaziaren arau guztiak hautsiz. Izango ote zuen borboiak presarik, ezertxo ere interesatzen ez zitzaion batzar hartatik alde egiteko, itxaroten zion jet pribatuak, Corinna barruan, tropikoko hondartzaren batera eraman behar zuelako?

“Sentitzen dut, okertu egin naiz eta ez da berriro gertatuko” dugu bigarren esaera ospetsua, ospitale bateko igarobidetik bere menpekoei botata. Eta bere zereginetara itzuli zen, bi makuluz lagunduta, inpunitate osoarekin guztion poltsikora eskua sartzen jarraitzeko. Botere faktikoen berrogeita urtetako babesak bermatzen zion itzalean aritzea.

Estatu buru, errege eta politikako gizon emakume ugariren esaerak egin dira ezagunak historian, gehienak, bota duenaren ohore eta ondrarako bitarteko bihurtu direnak. Atera kontua, beraz, hurrengo belaunaldiek zer pentsatuko duten errege espainiarrari buruz historiarako geratu diren bi adibide maiuskulu horiek direla eta. Barre, pena edo zeharoko ezaxolatasunak harrapatuko ditu... ala hiruek batera, itaun batekin, hori bai: eta zergatik ez zuten auziperatu eta zigortu txorizoa?

 

 Argazkia: www.wordpress.com


www.wordpress.com

2 iruzkin:

  1. Arazoa ez da bera bakarrik, baizik eta erabateko inpunitatearekin jarri eta mantentzen dutenak.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. ... ongi datorkielako mantentzen dutenak. Eskerrik asko, Juan Bautista!

      Ezabatu