BILATU

martxoa 14, 2016

QU'EST CE QUE C'EST CE MERDÉ?



La Trincak galdetzen zuen laurogeietan, denon ahotsetan egon zen abesti ospetsu hartan. Eta hara non, hogeita hamar urte inguru geroago teleaurkezle ohi batek eman digun erantzuna: c' est l' Espagne! Horixe bera ondorioztatzen da, behintzat,  Borboiarekin ezkondu zen emakumeak bihotzeko lagun bati whatsapparen bidez emandako ihardespenetik. 

Panderetako Espainiak bere esperpentoak erakusten segitzen du, inoiz baino kolore ausartagoekin. Inork uste badu iritsi dela absurduaren erpinik gorenera, itxoin dezala apur bat eta ikusiko du nola ergelkeriaren uhinak dimentsio handiagoa hartzen duen, misterioaren ormak dardaran egin gabe, pertsonala lelo loerazlera ohitu baita eta harripeko  istorio sinestezinak biderkatu arren ... hemen ez da ezer gertatzen.

Bankia eta Caja Madrideko black txartelengatik, sexu jazarpenarengatik eta PPren legez kanpoko finantziazioarengatik akusatua dagoen pertsonarekiko bihotzeko laguntza luzatu zion La Zarzuelatik, Jainkoaren graziak bedeinkatuta (eta Francoren bitartez) direna izatera heldu den bikoteak. Panderetako Espainia idatzi dut gorago, baina, barka nazatela, pandero joleak ondratuagoak izaten dira.

Argazkia: www.curiosisimo.com
 

martxoa 07, 2016

DEMOKRAZIAREN BILA



Europa demokratizatu behar dela entzuten ari gara    hedabide batzuetan, ez guztietan. Badirudi hiritar askok - gehienok garela esatera ausartuko nintzateke- Europari buruz dugun kontzeptua oso urruti dagoela Bruseleko politika-lapikoan mamitzen ari denetik.  Eta bata bestearen arteko desberdintasuna - gap deituko liokete europar funtzionario burutsuek- handitzen ari da egunez egun. Une hauetan Espainako alderdi politikoen arteko desenkontrua eskuetatik ihes egiten ari zaigun Europa politiko presoaren islapena hutsa da.

"Le Monde Diplomatique"ko Ignazio Ramonetek zioen elkarrizketa batean,  enpresa eta finantza botereek euren nagusitasunari euts diezaioten dagoela diseinatua Europar Batasuna. Eta politikarako balizko margena zeroren hurrena dela azpimarratzen zuen. Ramonetekin bat nator adieraztean Europako hiritarrek bizkarra eman diogula europar proiektuari. Erresuma Batuaren kapitulu lotsagarri berriaren ikusle pasiboak izan gara eta tabernako negoziaketa horretaz hiritar arruntetako inork ez duela ezertxo ere ulertu esango nuke. Eta, zer esanik ez, pasibotasun ikaragarriarekin ere segitzen ari gara Madrileko parlamentuko espektakulu lotsagarria.

Baina ezin gaitezke desenkantu eta hitz antzuetan gera. Hori nahi lukete botere guztiz ahaltsuek. Bidean ez etsitzea dagokigu, lantegi zaila dela dakigun arren. Hiritar arrunt xumeak zoritxarreko patu horri egin behar izan dio aurre, demokrazia inbentatu zenetik. Eta bidean segitzen dugu, egiazko demokraziaren bila.

otsaila 29, 2016

BISURTE TAMALGARRIA

Bis sextus dies ante calendas martii - errepikatu seigarren eguna martxoaren lehen egunaren aurretik. Eta Kristo aurreko 46. urtetik berrematen ari da operazioa, eguzkiaren inguruko lur planetaren ibilbide ez sinkronikoa orekatzeko.

Badira bisurteei begira adur txarreko urteak direla dioten eta sinesten dutenak. Ni ez naiz horretaraino heltzen eta estatistiken ondorio hutsari egozten diot, Titanic itsasontzia 1912an hondoratzea, 1936an Espainiako faxistak altxatzea, Robert Kennedy eta Luther King 1968an eta John Lennon 1970esn  erailak izatea... Eta abar, eta abar.

Otsailaren 29an gaude eta  bi milurte luzeko ohiturari jarraiki gaur ematen zaio eitea bisurteari.  Egia esaten badizuet ez nago oso eroso aurtengo egun osagarriarekin, hogeita lau ordu  gehiago baitauzkate politiko twiterzaleek euren matrakarekin gu bonbardeatzeko. Eta nahiko sufrimendua izan dugu iazko abenduaren 20tik (egia esan, lehenagotik ere) egutegi aleatorioa egun bat gehiago eskaintzen ibiltzeko. Halaber, Arnaldo Otegi agian kalean egongo zen gaur, bisurtekoan ez bageunde. Zorte txarra, beraz, 2016koa. Superstiziosoa?


Argazkia: Wikipedia

otsaila 22, 2016

HILDAKOA HONDARTZAN


"Paradisuko atean" nire antzezlanean zenduaren errautsak gordetzen zituen ontzia tanatorioko gelan bertan erori eta haize bolada arraro batek barreiatu zituen Miren Karmele Zuazubizkarren partikulak oro, auskalo zein tokietaraino, senitartekoen dolua areagotuz. 

Iragan astean  Punta Umbriako hondartza luzean nenbilen eguna urratu aurretik, ohi dudan moduan. Iluntasuna, bakardadea eta itsas-marruma nituen lagun. Nire begiak uhinek ekarritako bulto batean pausatu ziren. Eskuetan hartu eta kremaileraz itxitako poltsa bat zela ohartu nintzen eta jakin minak eraginda ireki egin nuen. Ontzi susmagarri bat zegoen barruan.  Telefonoaren argiak lagunduta poltsan irakurri nuen: Servicios Funerarios San José. Tanatorios de Huelva S.A. Ontzia eskuetatik jausi zitzaidan.
 
Lurrekoa dena lurrera itzultzen dela oroitu nuen, itsasoak ez baitu berea ez den ezer nahi. Baina aldi berean pentsatu nuen ontzi hartako edukia zegokion hildakoaren senide gupida gabeak ezingo direla lasai bizi errauts anonimo haiei behar bezalako atsedena ematen ez dieten bitartean. Eta ontzirako erakutsi duten begirunea ikusita, luzerako daukatela iruditzen zait.

otsaila 15, 2016

TITERE USTELDUAK


"Txerpolariak" idatziko zuen Augustin Anabitarte euskal idazle donostiarrak. "Compañía gimnástica, acrobática y mímica de don Rafael Díaz de Lisboa"ko artistak genituen Augustinen fikziozko protagonistak, herriz herri ari zirenak, euren arte xumea gogo-askatasunetik eskainiz. Gazte nintzela ezagutu nuen  Anabitarte eta gizon librea genuela adierazi behar dut, gure haize-ontzi txikietan nabigatzen ari ginen bitartean hark irakasten zizkigun itsaso-teknikek ahalbidetutako askatasun hitzaren adierazpen osoan. 

Anabitarteren txerpolariak eta "La Bruja y Don Cristóbal. A cada cerdo le llega su San Martín"eko titiriteroak antzerakoak ditugu, batzuk eta besteak adierazpen libreko aldarrikapenean ari baitira, gogo eta gorputz-lotura guztien kontra. Nola arraio pentsa dezake inork  izpirituari ateak jar dakizkiola? Buru motz batek edo sistema politiko sozial kirastu batek bakarrik har dezake gogorako atea fabrikatzeko erabakia. Eta buru gaixoek ordena naturala gainazpikatu egiten dute. 

Titere-estadium erraldoia bihurtu da politikako mundua eta panpina ustelduak botere guztiz ahaltsuaren eskuek mugitzen dituzte. Haize fresko libre garbitzailearekin datozkigun txerpolariak, aldiz, arriskugarritzat hartzen dituzte ezker-eskuineko buru oker sabel eskertuek. Eta auzipetu egiten dituzte, terroristak direlakoan.  Baina ez, izuaren politika darabiltenak ditugu, bakar-bakarrik, terroristak.

Argazkia: www.gamba.cl.