BILATU

azaroa 18, 2024

UMEAK HAZI EGITEN DIRA

 


Mingotsez irakurri dut Madrilen azken bost urteotan haur gehiago desagertu direla aurreko berrogeita hamarretan horrela erregistratuta zeudenak baino. Zifra dardaragarria, drama sozial gisa esan nahi duenarengatik. Horrelako giza hondamendiren jatorrian arrazoi ugari egon daitezke, gizakiaren kontzientzia larritzeari uzten ez diotenak. Eta gizakia esanez, ez naiz ari Israel-Palestinaren gatazkaren erdian ospitale, ikastetxe eta abarren bonbardaketen kontra ahotsa altxatzen ez dutenei buruz, baizik eta egunero hiltzen diren ume errugabeak ahaztuz Netanyahuri Irango petrolio eremuak ez suntsitzeko eskatzen diotenak. Nazkagarria, besterik gabe.

James Barrie idazlearen “Inoiz ezeko herrialdea”ren umeak datozkit gogora halako albiste zirraragarriekin batera, umeak heldu izatera ailegatzen ez direneko izar baten barruan kokatuak. Helduak izateagatik gaiztoak diren Garfio kapitanaren agindupeko eskifaikideen gaiztakeriak noiznahi jasan beharrean dauden umeak dira, hazi nahi ez dutenak. Zoritxarrez, ipuina da eta errealitatean umeak hazi egiten dira.

azaroa 15, 2024

HERRI-KONTSULTAK


Demokratikoa denik ezin uka,  baina  bere osotasunean erlatiboa gerta daiteke, batez ere ondorioen aplikazioari dagokionez. 

Partaidetza-kontsulten alde nago, betiere parte hartzearen oinarrizko alderdiak aintzat hartzen badituzte, hala nola, -adibidez-, ordezkari politikoek arazo zehatz bat ebazteko zeharoko ezintasuna, eta -gainera- ez badute inoiz ordezkaritza politikoa bere erabaki-eginkizunean erabat ordezten.

Auzotarrak kontsultarako prestatu eta deitzeak ez ditu deitzen dutenak ardura politikotik salbuesten. Ordezkari politikoak dira erabaki behar dutenak, eta ez diete inoiz herritarrei bota behar hautatu zituztenean bere gain hartu zuten betebeharraren zama. Herri-kontsulta batean, herritarra ezin da bere eginkizunean kontsultatua izateaz haratago joan.

Eta kontsultari inoiz ez zaio eman behar erabakigarrizko balio absolutu handiagorik, kontsulta sustatzen duen erakundeari hauteskunde-ordezkaritza edukitzeagatik dagokiona baino. Beste edozerk hauteslegoa zorabiatzea lekarke, eta horrek iruzurra eragin lezake. Horregatik herri-kontsultak, berez, ez du ordezten eragileen erantzukizuna.

azaroa 11, 2024

ULERTZEN DUGU EZINEGON HORI

 


Oroimen kolektiboa hauskorra da. Aroek, indar erlazioek eta interesek aldaraz dezakete, teorian behintzat betiko grabatuta geratutako inoizko jazoeraren oroitzapena. Denboraren joan ekidinezinak lausotu egiten du kolektiboaren zuzeneko pertzepzioa eta iraganeko egiaztapena zalantza bihur daiteke… eta azkenean lurrundu, erabateko desagerpeneraino.

Gure artean arras garbi dugu jeneral diktatore hiltzailearekin gertatzen ari dena. Belaunaldi gazteena ez da gai, Francorekiko aurrekoaren erreferentziatik ia ezer gordetzeko, eta -areago- gizartearen berezko alprojakerian gauza da munstro harena legenda hutsa bilakatzeko.

Esparru txikiagora mugatuz, zenbait hamarkadaren buruan inork gutxik gogoratuko du beste munstro batzuek inguruko mendi batean eragindako eraso suntsitzaile deitoragarriaz… eta bizitzak aurrera jarraituko du, ergelkeriak jota.

Oharra: udal erregistroetan ere ez da atentatuaren kontrako erabaki idatzirik aurkituko. Ulertzen dugu ezinegon hori,  edo oroimenaren hauskortasun induzitua...

azaroa 04, 2024

ATZERATU DEZAGUN AZKEN TRENA

 


Batzuk datoz eta beste batzuk joan egiten dira. Batzuk erortzen dira, beste batzuk altxatzen diren bitartean. Eta gurpila ez da gelditzen. Konponduta egongo ginateke egunen batean ibiltzeari utziko balio! Ezezaguneko erresumara  garamatzan trenaren joateari azkena emango litzaioke. Geltokirik gabeko trena, jangelarik gabea, plataforma ilun batetik bidaiariei gozokiak eskaintzen dizkien saltzailerik gabeko trena. Bere bidetik ateratzen  gizakiok saiatu arren bira egiten jarraitzen duen eta jarraituko duen trena, gutariko bakoitzarekin bidaiari gisa.

Konponbiderik ez dugula pentsatzeko arrazoi ugari daude. Eta ziurrenik gure espeziea geure erruz desagertuko da. Baina ez da egia txikiagoa herentzia genetikoan itxaropen dosia eman zaigula, martxarako ezinbesteko elementua, hain zuzen. Eta horri heldu behar diogu, beldurrik gabe, bizitzaren txinpartari eutsiko badiogu. Inork ez gaitu ezkor izatera behartzen, beraz, eman diezaiogun aukera berri bat unibertsoan gure kokaleku den hauts puntu honen etorkizunari. Amaiera sumatzen dugu baina oraindik azken trenaren irteera atzeratzeko denbora dugu.

Argazkia: Zuriñe

urria 28, 2024

OHEAN POSITIBO

 


Auzoko dudan Carlos Egeak dio gutxi eta gaizki egiten dugula 
lo. Ez da edonor hori baieztatzen duena,  Loaren Elkarteen Espainiako Federazioko presidentea baita nire laguna. Diputatuen Kongresuko Osasun Batzordera gonbidatu berri dute, derrigorrezko eguneroko atsedenerako jokabidean gero eta muturrekoagoa den gurea bezalako gizarte batean lo egiteko ohiturak aldatzeko haren iritzia entzun nahi baitzuten. Ordutegiekin eta lan-ordu kopuruarekin zuzenean lotutako gaia dute esku artean.

Lo egiteari garrantzi gutxi ematen zaio gure artean, lan eta aisialdiko jarduerei lehentasuna eskainiz beharrezko atsedenaren aldean, eta horrek estres maila handia dakar.

Espezialista honen arabera, oheratu ordua eguzki-orduarekin guztiz desfasatua dago. Behar baino askoz beranduago hartzen dugu afaltzeko ordua. Eta ohitura egokiagoa eta osasungarriagoa izateko prestakuntzan, hezkuntzan eta lege berrien aplikapenean eragin beharko litzateke. Hau da, legedia berria behar da loaren kultura aldatzeko.

Eta ohiturek kultura irrazional batean ainguratzen gaituzten bitartean, beharbada Egeak aholkatzen duena probatu beharko genuke, ohean positiboa izan behar dela: lo egiteko eta harreman sexualak izateko lekua dela, eta ez irakurtzeko edo telebista ikusteko edo ezer burukoarekin kontsultatzeko. Horrek guztiak pixkanaka loa murriztea eragiten du.

Argazkia: https://nubett.com/


urria 21, 2024

POLITIKAN EZ DAGO LAGUNIK


Ez dut inoiz ulertu ahal izan, ezin baduzu zure etsaia garaitu  bat egin harekin dioen esaera. Badira egunak ni ere baieztapen horren esanahia ulertzetik gertu nagoela, baina arrazoi bategatik edo besteagatik ezin dut zirkulu bete eta ezinaren aldean geratzen naiz.

Hausnarketan lagunak  bereizten hasten naiz, inoiz traizionatuko ez ditudan pertsona maite horiek. Eta sentitzen dut ezin ditudala sartu haien artean sintonizatu ezin izan ditudanak, edozein dela ere beraiekiko  diferentziarako arrazoia. Zaku berean lagunak eta horiek sartzeak adiskidetasunaren perbertsioa suposatuko luke, lagunek adierazten duten altxorra ezerezean diluitzera eramango ninduen zerbait.

Eta horrek baieztatzen dit politika dela hasierako esaldi bihurri hori aplikatzeko den sektorea, horretan etengabe ikusten baititugu bere betetze praktikoaren adibideak eta, ohituraren ondorioz, etsaia adiskidetzat hartzearen emaitzak txalotzera ere iristen gara. Eguneroko prentsaren titularrak irakurri besterik ez duzu behar jabetzeko, arerio mortala nork bere helburuetako erabiltzea praktika arrunta dela.  Azken finean, politikan ez dago lagunik. Horregatik da politika.

urria 14, 2024

EZJAKIN ARRISKUTSUAK

 


Gure haurtzaroan gutariko batek, labana txiki batek lagunduta, bere izena idazmahaian markatzen zuenean edo, eskolatik kanpo, horman idazten zuenean, esan ohi zen ekintza hark erabateko ezjakin bat irudikatzen zuela. Udalaitzeko gurutzea eraso eta desagerrarazi dutenak, ezjakin izateaz gain, koldarrak dira, gauaren iluntasunean babestuta egin baitute balentria.

Herriaren borondatetik sortzen diren zeinu kulturalak ezabatzea, desagerraraztea, kalifikaezineko ekintza bat da, buru gaixoetatik bakarrik etor daitekeena. Eta tristeena da erasoak ez duela atzera bueltarik. Ondare kulturaleko pieza bat birrindu dute, betiko. Hori egin dutenek gure memoria historikoaren defizita handitzea lortu dute. Baina eurei, bost axola! Ezjakin arriskutsuak dira.


Argazkia: https://www.freepik.es/imagen-ia-premium


urria 07, 2024

LURRALDEAREN KOHESIOA

Lehengo astean Gasteizen izandako Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren egunetan, euskal gizarteak gaurregun duen (edo izan beharko lukeen) gai interesgarrienetako bat aurkeztu da, eta hori gure lurraldearekiko, gure habitatarekiko konpromisoa baino ez da. Gaia berez dagoeneko zaila bada mundu mailan, ez da gutxiagorik hurbileneko lurraldera mugatzen garenean, hots, egunero zapaltzen dugun horretara.


Lurraldetaz orokorrean hitz egiten dugunean europarrari, estatukoari, eskualdekoari, udalekoari, baita bizi garen auzokoari buruz ere ari gintezke. Eta bistan denez, horietako bakoitzaren aldeko konpromisoa ezberdina da. Zirkulu zentrokideen formula da. Intentsitate ezberdineko indar konprometitzaileak daude, bizitegi hutsetik hasi eta emozionaltasun sakonenetaraino, erabateko kidetasun sentimenduarekin. Horregatik beragatik, herritar guztiek ez dute modu berean ulertzen lurralde kontzeptua.

Lehen zirkulu bat konpromiso sozialarekin behar adina konprometituta ez dagoenean, lurraldea lausotu egiten da eta kohesioa zailtzen duten mugak agertzen hasten dira. Eta ez dago garapenik lurraldeari bizia emateko baldintzak betetzen ez badira. Konpromisorik gabe ez da ongizate sozialik izango, eta ongizate hori ez da faktore ekonomikoak soilik ematen. Harreman soziokulturalak oinarrizkoak dira. Bestela atxikimendurik ezak galaraziko gaitu.

Argazkia: Eusko Ikaskuntza

iraila 30, 2024

GARRAIO PUBLIKOA

 

Bidaiarien garraio kolektiboari dagokiona da garraio publikoa. Pribatua ez bezala, garraio publikoko bidaiariek operadoreak eskaintzen dituen ordutegi eta ibilbideetara egokitu behar dute eta neurri handiagoan edo txikiagoan Jaurlaritzaren arauzko esku-hartzearen menpe egon behar dute.

Horrela defini liteke garraio publikoa, eta mugaketa horrekin bat egin ala ez, gertatzen dena da administrazioaren esku-hartzea gutxi gora behera sinbolikoa dela, konpainiek eurek nahi dutena egiten baitute, eta zer esanik ez ditxosozko Covidez geroztik bezeroarekiko adarra jotzea maila maiuskulak hartzen ari da. Ez dakit zer gertatuko zaion irakurleari, baina ni – garraio publikoaren gero eta zale handiagoa naizenez- jipoituta sentitzen naiz batzuetan, eskaintzen zaigun zerbitzu eta arretarengatik.

Nire duintasunean zauritu egiten naute, adibidez, autobusera iritsi eta barrura igotzeko txartela internet bidez hartu dutenek lehentasuna dutela adierazten zaigunean. Operadoreak, enpresa pribatua  delako, bere interesetarako hoberen iruditzen zaizkion baldintzak jartzen ditu sal-erosketa errentagarria gerta dakion. Baina nik – gauza mordorako internet erabiltzen dudan arren- aldez aurretik txartela erdietsi duena bezainbeste eskubide daukat autobus “publikora”ra igotzeko… baldin eta administrazio publikoak hiritarron berdintasunean sinesten badu. Osterantzean, gezurretan ari dira, eta, askotan bezala, interes pribatuen morroiak dira.

Argazkia: wikipedia

iraila 23, 2024

GORROTOZKO DELITUTIK HURBIL

 "Norekin hitz egiten ari naiz?" Horixe jakin nahi dut, edozein zentro publikora jotzen dudanean atenditzen nauen pertsonak izen-abizena baitauka, eta berak nirea dakien bezalatsu nik ere harena ezagutzeko eskubidea dut. Lotsagarria da erakunde publikoetako enplegatu asko eta askorengandik administratuok -ogasun beharrarekin zintzo betetzen dugunok- pairatzen dugun tratua.

Haserretu egiten naiz —zu baino gehiago sentitzen direnen helburuetako bat dela uste dut— soldata ordaintzen diegun pertsona aurkeztezin horietako batek mespretxu aurpegiz begiratzen didan bakoitzean,  bere txakurrarekin erabiliko ez lukeen tonu batean hitz batzuk botatzen dizkidan bitartean. Eta ez dut ezer esan nahi telefono bidezko arretari buruz: tratuak mespretxuzko eitea hartzen du.

Bada, beraien izen-abizenak eskatzea erabaki dut, euren kontrako salaketa jarri behar badut... gorroto delitu batengatik, horixe erakusten baitute beren axolagabetasun pozoitsuaren bidez. Kasta sailkaezina sortu dugu, eta nire adinean ez nago prest edozein txatxuk bizitza ozpin diezadan.

(Aurrekoa adierazita, aitortu behar dut, begirunez hartzen nauten zerbitzu publikoko zenbait enplegatu ezagutzen ditudala)

Argazkia: www.urtkintz.com

iraila 16, 2024

GIZAKIOK EZ GARA JAINKO

Yuval Noah Harari israeldar historialariak oso artikulu interesgarria idatzi berri du The Guardian egunkarian. Gaia adimen artifiziala da eta horren garapenak ekar dezakeen ondorioa aztertzen du.

“Inoiz ez deitu kontrolatu ezin duzun botere bati" zioen artikulugileak, eta Platonen Faidon jartzen zuen adibide gisa bere teorian. Iokin Zaitegi zenak euskarara hain maisuki ekarri zigun mito grekoak bere jainkozko jatorria frogatu nahirik, eguzkiaren gurdia gidatzeko pribilegioa eskatu zuen. Eguzkiaren erregea zen Heliosek Faidoni ohartarazi zion gizakiak ezin dituela kontrolatu eguzki-gurdia tiratzen duten zeruko zaldiak. Baina Faidon temati, zerura harro altxatu ostean gurdiaren kontrola galdu zuen. Eguzkia bere ibilbidetik aldendu zen, landaretza guztia errez, izaki ugari hil eta Lurra bera erreko zuela mehatxatuz. Zeusek esku hartu zuen eta Faidon jo zuen tximistaz. Izar iheskor bat bezala erori zen zerutik, bera sutan. Horrela, Jainkoek zeruaren kontrola berretsi zuten mundua salbatuz. Horixe da, laburki, mitoaren nondik norakoa.

Zer kontatzen digu Faidonen alegiak XXI. mendean? galdetzen du Yuval Noah Hararik. Agerikoa da gizakiok uko egin diogula mitoaren abisuei kasu egiteari. Dagoeneko desorekatu dugu Lurraren klima eta gure kontroletik ihes egin eta instant batean euren kontrola gal genezakeen milaka milioi drone, chatbot eta algoritmiko sorgindu batzuek mundua auskalo norantz mugiarazten duten tramankulu harrigarriak sortzen ari dira.

 Zer egin behar dugu orduan? Alegiek ez dute erantzunik eskaintzen jainko batek salbatuko gaituenaren zain.

Eta niri beldurra eragiten didate. Geratzen zaidan lasaitasun apurra 1945ean Monique Luigik “le petit journal” egunkari frantziarrean idatzitakoak dakarkit: aurreikuspenaren xarma da ia ziur ez garela iragarpena baieztatu ahal izateko nahikoa biziko. Erosotasun tragikoa, hain zuzen.

iraila 09, 2024

LANAREN AURREKO JARRERA DESBERDINAK


Duela gutxi argitaratu den ikerketa soziologiko batek dio belaunaldi berriak aurrekoetatik ezberdintzen direla lanerako darakutsaten behin betiko jarreran. Gerra zibilaren ondorengo belaunaldikoa naiz, ekoizpen, ekoizpen eta ekoizpen lelo autokratikoak behartutakoen semea. Gure gurasoen laneko neke fisiko eta psikikoak estajonavismoarekin oso lotuta dagoen bizitzari aurre egiteko modu bat eratu zien. Eta gure kopetaren izerdiz ogia irabazteak suposatzen zuenaren hurbileko oinarri moral batekin hazi ginen, nahiz eta gure aurrekoen hainbeste estres edo lan presiorik gabe eta haien baino estatus sozial hobeagoan bizitzeko aukera ematen zigun hegan egiteko pista bat genuen.

Jarraitzen gaituen belaunaldia ohitura ezberdinetako ingurune batean murgilduta bizi da, nondik nora doan oso ondo ez dakien lan merkatu batekin, eta balio ezberdinekin, horietatik gehien gailentzen dena bizitzeko lan egitea eta ez lan egiteko bizitzea delarik. Bizitza oso laburra da eta egunez egun egin behar duzu. Niri oso ondo iruditzen zait, prozedura honekin bizitza duina izateko eskubidea bermatzen baldin badute, eta jarduten duten gizarte osorako dituzten betebeharrekin bat egiten badute.

Horrela ez bada, bakarkako karta-jokoan tranpak egiten ibiliko lirateke.

Argazkia: Tere Anda

iraila 02, 2024

MARE ANGUSTIAE

Bada zorte txarra! Albisteak lurpeko ilargi-bide handi bat aurkitu dela zioen, etorkizuneko misioetarako aterpea eman dezakeena eta muturreko tenperatura eta meteoritoetatik babesten dituena, eta informazioaren atzetik datorren lehen ilargi beteko gauean zerua estalita agertzen da, gure satelitea ikustea galaraziz. Gogoarekin geratu naiz, aipatu bidea ikusterik izango ote nuen.

Zientifikoek diotenez, Mare Tranquilitatis deitu duten putzuan, ehun metrotako sakona, espazio-kolonia bat loja zitekeen, eguzkiaren erradiazio, izpi kosmiko eta mikrometeoritoetatik babestuta. Halaber, badirudi putzu horietan leizeak ere litezkeela, ur, izotz eta beste material batzuetatik hurbil egon litezkeenak, ilargi-misioak arrisku gutxiagokoak bilakatuz. Hori bai, ilargiko estazioak eraikitzeak ingenieritzako azpiegitura sofistikatua beharko lukeela diote adituek.

Niri ez zait oso garbi geratu zeinen izenean hitz egiten duten zientifiko horiek, eta beldur nago ez dutela gizateriarenean egin, euren estatuarenean baizik. Eta horrela bada, espazio-misioetako benetako arriskua ez da izpi-kosmiko eta era horretako eragileetatik etorriko, giza-tribu desberdinetatik baino. Hau da, banderak egongo dira jokoan. Eta, beraz, Mare Tranquilitatis ordez ilargiko putzuari Mare Angustiae esan beharko litzaiokeelakoan nago.

Argazkia: wikipedia

abuztua 26, 2024

BI MUSIKARI LAUROGEITA HAMAR URTEDUNAK


Azken aste honetan bi lagun handik laurogeita hamar urte bete zituzten. Laurogeita hamar urte luze, osasuntsu bizi izan dituzte. Azpimarragarria da biek landu izana, modu ezberdinetan bada ere, musikaren artea. Bata profesionalki eta bestea guztiz afizionatua, eta biek esperientzia luzea dute.

Lehenengoa Sabin Salaberri da, Aramaioko gasteiztarra, konpositore, interprete, zuzendari eta ekintzaile nekaezina, musika ibilbide zabala duena. Euskal Herri osoan miretsia, bere hamarkadetako lanaren aitorpen gisa jasotzen ari da omenaldiak. Berriro ere lerro hauetatik nire zorionik beroenak berarentzat.

Bigarren lagun laurogeitahamar urtedun berria Blanca da, gasteiztar petoa. Txikitatik musikari lotuta, etxe barruan garatu du bere zaletasuna, eta aldi berean Arabako hiriburuko zenbait elizatan ekarpen puntualarekin organista lanetan.  Egun bere elizan organo jolearen betebeharretan jarraitzen du, eliztarren poztasunerako. Musikaren bitartez bizitzaz gozatzeko aukera indarrean du oraindik. Ahalmen zoragarria. Bihoazkio nire aitortza eta zorionak lagun maitagarria dudan Blancari ere.

Argazkiak: Michel Martinez Vela (apunte de Sabin Salaberri), JMVM

abuztua 19, 2024

ETA TRANSFERENTZIEZ, ZER?

 


Atzo elkarrizketa zabala egin zioten Euskadiko egunkaririk irakurrienean Pradales gobernuko lehendakariordeari. Bere kargutik exekutiboko hizkuntza politikaz ere arduratzen da. Elkarrizketako euskarari buruzko galderak, jakina, topikoen jario etengabea ziren, hamarkadetan errepikatu dena eta eguneroko bizitzan euskara ezartze duin eta logikoaren alde aktiboki borrokan dihardugunok etengabe ikusi eta sufritu duguna. Ez nau haserretzen kazetariak gure hizkuntzari lotutako gaiak hain baldar ukitu izanak, ohituta nagoelako. Aspertu egiten nau, besterik gabe. Politika da, bere zentzurik zabalenean, eta zirrikitu bakoitza aprobetxatzen da ziri pozoitsua bat sartzeko.

Alderdi linguistikoaz gain, Lakuako exekutiboak aurre egin beharko dizkion beste alderdi eta arazo batzuk ere ukitzen zituen elkarrizketak. Eta adierazgarria da lehendakariordeak galderetako bati, legegintzaldi honetan Gernikako Estatutua,  hots 1979ko Lege Organikoan jasota dagoen transferentzia-prozesua bete beharko litzatekeela erantzutea. Eta deigarria dela diot, ez lehendakariordearengatik baizik kazetariak elkarrizketaren izenburua euskara konfrontaziotik kendu behar dugula adieraziz jarri zuelako, aukera alferrik galduz bere egunkariaren irakurleei transferentzia prozesuari ondoz ondoko gobernu zentralek egindako iseka gogoratzeko, Estatutua sinatu zenetik berrogeita bost urte igaro baitira. Baina utz dezagun hori, politika baita.

Argazkia: Tere Anda

abuztua 12, 2024

BEROA ETA PUIGDEMONT

 

Lerro hauek idazten hasi nintzenean 35 gradu markatzen zituen termometroak. Hego haize leun bat tenperatura igotzeko joera eragiten ari zen eta pentsatu nuen, idatziari azken puntua jarri orduko, beroak gora egingo zuela, ziurrenik. Ez hain zuzen ere zuriko hutsunea betetzea kosta egingo zitzaidalako, baizik eta eguraldi aurreikuspen guztiek maila altuagoetara jotzen zutelako.

Eta horretan nengoen, egia esan sagarrondo baten gerizpean eserita, irratiak berriro Puigdemonten gaineko beste albiste  bat eman zuenean. Barkatu, irakurle zintzoa, Waterlooko politikari katalana edo, hobeto esanda, politikan sartutako katalana aipatzen badut. Baina, agian termometroko digitu handiekin irudimena blokeatuta nengoelako, molt honorable president ohiaren oroitzapenak gogoa apur bat freskatzeko aukera eman zidan, eta pertsonaiak denetaz -bere buruaz barne- barre egin zuen bi egun lehenagoko irudiak berreskuratu nituen, izan ere publikoaren aurrean pailazo ona izan ahal izateko  zeure buruaz  iseka egiteko gaitasuna erakutsi behar da, derrigorrez. Eta katalanak primeran egin zuen bere funtzioa.

Bada hori, bat-batean eroso sentitu nintzen berotasunean eta termometroa 36ko marrara iritsia zela konturatu nintzen. Udek dituzten gauzak!

Argazkia: wikipedia


abuztua 05, 2024

JAIAREN ZURRUNBILOAN


Hamar bat urte edukiko nituen. Gasteizko aitona Jose Mariaren eskutik Plaza Berrira agertu nintzen, ziurrenik lehen aldiz nire bizitzan. Abuztuaren 4 zen, arratsaldeko 6etan, eta espektakulua hastear zen. Plaza jendez mukuraino beteta zegoen, edo hori iruditu zitzaidan niri giza-saldoaren zurrunbiloan erdi itota. Urte pare bat lehenago jaiotako ikuskizunaz ezer ez nekien, baina aitona ere ezjakin samarra zen jai zalapartatsu hartaz ... hori bai, zigarro puru txikitxoa iziotu behar zuela garbi zeukan arren. Eta amona Juanitak udako jakaren bularraldeko sakelean sartutako “vegueroa” harro zerakutsan aitonak bere ezpanetan. Urte hartatik beste dozenaren bat aldiz ospatu dut jai berdina, eta aitortu behar dut nik neuk ere habanoa erre izan dudalarik.

1957tik bizirik dirauen ohituraren eraikinari atzo adreilu berri bat jarri zitzaion. Zeledon jaitsi zen Gasteizera, gainera pertsonaiaren ziklo berri bati hasiera emanez, eta sentsazio gazi-gozoak piztu ziren nire baitan. Alde batetik, Andra Mari Zuriaren Plazako maremototik aldentzeko nire gorputzak emandako agindu garbia: Josemari ez zaude horren gisako giza-elkarreratzetarako! Eta egiaztapen goibeltsu horren ondoren dardara goxoa: hamarkadak igaro badira ere hiritargoa jaiarekin dago, dimentsio osoan. Eta nire haurtzarokoek ez bezala, oraingo gaztetxoek jaiaren lerro lodia antzeman dezakete. Zigarro puruen kea desagertu eta berarekin batera jaiaren muina ezabatu egin den arren.

Argazkia: El Correo. Alava

uztaila 29, 2024

ANTIPODETAKO LISKAR OLINPIKOAK

 


Oroitzen ditudan lehen Olinpiar Jokoak 1956koak dira, Melbournen burutuak. 7 urte bete nituen ordurako, eta fraideetako ikastetxean ikusten dut nire burua ikaskideekin ia ezer ez genekien gertaera bati buruz hitz egiten, leku haren kokapen geografikoa ere barne, antipodetan kokatu zitekeela sumatzen genuen arren.

Ia zazpi hamarkada igaro dira eta ondorioz, hurbil daukagun Paris, lagunekin ditugun elkarrizketetan Australiako hiriak egun urrun haietan hartzen zuen lekua okupatzera dator. Eta badakigu, ezagutza metatu dugulako, Frantziako hiriburua ezin hobeto egon daitekeela Melbourneren espektroaren kontrako muturrean, haren antipodetan. Alegia, badago ardatz bat, ipar-hegoaldea, nolabait olinpiar gune biak lotzen dituena, eta horrek kirol lehiaketei antzeko izaera ematen die.

Eta ardatz honek argi baino argiago utzi duena zera da, elkartasun olinpiko teorikoaren izpiritua izan arren, herrien arteko arazoak izaten jarraitzen duela. Antipodetako liskar olinpikoak errealitatea direla. 1956an estatu batzuen boikota eman zen joko olinpikoetara sobietarrek Hungaria inbaditua izateagatik . 2024an errusiarrak alboratuta geratu dira Ukraina eraso zutelako. Bizitzak berdina izaten segitzen du.

Argazkia: https://www.rfi.fr/

uztaila 22, 2024

PROMESARIK GABE


Behar dugu elkarrekiko begirunea, baina ez dakit non saltzen duten hori; behar dugu lasaitasuna, baina ez dut ikusten inon erakusten denik bide horren ontasuna. Behar dugu gutxieneko gizarte kohesioa... eta horren oinarria zeharo hautsita dago. Daukagun kaskarkeriaren ondorioz etorkizunerako begirada lausotu egin da, eta iragarpenek ez dute eszenategia antzematen...

Inork nire aurreko hitzetan izpiritu ilun bat ikusten badu, ez dabil zuzen. Gerta daiteke, eta gertatzen da, egunero kontenplatzen duguna bezalako hainbeste zentzugabekeriaren aurrean, itxaropen alaiak islatzen lezakeen argazkirik egin ahal ez izatea. Hain da zaila! Baina sakonean berdin zait. Nire mundua bizitzen saiatzen naiz, neure pozekin eta etsipenekin, izan ere horietatik ekin diezaioket nire inguruari. Eta saiatzen naiz haiek gainezka egin ez nazaten, itsu ez nazaten. Nire esperientzia-mugetan sartzen dira eta horregatik normal jokatzen dut, ezagutzen dudanaren arabera eta eskura dezakedanaren arabera.

Bihoaz pikutara inoren promesak eta gomendioak. Nik ere ez ditut egiten.

Argazkia: Tere Anda


uztaila 15, 2024

EZ FUTBOL EZTA TRUMP ERE


 Gaur futbolari buruz idatz nezakeen, gaztetan erakarri ninduen eta nire adinean arretarik eskaintzen ez diodan kirola. Badakit lerro hauek idazten ditudan uneetan bi talde daudela ustez euren ohorea eta, antza, sostengatzen dituztenen aberriena jokatzera prestatzen ari.... Horixe da, hain zuzen, futbolaren ikuskizun gero eta erradikalago eta erraialdekoagotik atzera egiten nauen arrazoia.

Trumpen inguruko erasoari - autoerasoa?- buruzko iruzkin batekin ere bete nezakeen txokotxo hau, baina, egia esan, AEBen bezalako herrialde batean, hain bortizkeria, kriminalitate eta etsipen sozialaren tasa altuak dituenean, ez nau harritzen, herrialde horretako historia modernoan ezagutzen den agitatzaile politiko aurkeztezinaren inguruan ikuskizun hau antolatu izana , hautagai errepublikanoa subjektu pasibo gisa edo zuzeneko erantzule aktiboa izan bada ere

Baina gaurkoa ezin dut amaitu, oroitzapen txiki bat izan gabe munduan jarraitzen duten gerren gorrotoaren eta zentzugabekeriaren biktima errubako guztientzat, eta halaber nonahi zabaltzen ari den genero indarkeriako jasaleentzat ere.

Argazkia: europepress

uztaila 08, 2024

AURKEZTU ZAITEZ


Bidenek dioenez, AEBen presidentetzarako lasterketa uzteko duen modu bakarra Ahalguztiduna jaistea eta hala agintzea da. Sasoian dagoela gaineratu du eta ez diela beldurrik Trumpen gezurrei, ezta bere aurka ile horiak egin ditzakeen joko zikinei ere, ziurrenik Putin ia ahalguztidunaren laguntzarekin.

Libreki aukeratzeko askatasuna erabiltzeko eskubidea pertsona orok dutela pentsatu dut beti. Gizaki bakoitza aske da eta, beraz, arduradun eta erantzule, bere bizitza gehien nahi duen tokira bideratzeaz, edozein garai eta ordutan. Baina besteen askatasuna pertsona baten menpe dagoenean, gogoratu behar da badirela erabakiak hartzea zailtzen duten eta nor kide den taldearen funtzionamendu ona arriskuan jartzen duten faktoreak. Eta elementu problematiko horietako bat adina da. Izan ere, konbentzimenduz diot, zenbat eta zentimetro gutxiago geratzen zaizkigun bizitzaren metrotik, orduan eta mingarriagoa baita eguneroko martxa, edozein dela ere gure gain hartu behar dugun ardura.

Ez dut ikusten Jainkoa lurrera jaisten Bideni agintzeko bere ahaleginetatik alde egitea. Eta bere jarrera higiezinari erreparatuz, iruditzen zait aingeru eroriren bat izan dela, infernutik etorrita, hautagai demokratari belarrira xuxurlatu ziona: "Aurkeztu zaitez! Denetarik duzu irabazteko"

Argazkia: RNZ News

uztaila 01, 2024

EUROPA, ARAZO BAT DUGU

 


Ez dago oso argi Jack Swigert astronautak "Houston, arazo bat dugu" esan zuen edo iragan hurbilaz ari eta estualdiaren berri ematean, "Houston, arazo bat izan dugu" erabili zuen. Teoria guztiek apuntatzen dute pentsatzera azkena izan zela Swigerten esaldia, baina historiarako jaso denak tentsio handiagoa ematen zion gaiari eta hura egonkortu da.

Gauza da, gaur egun, okertzeko egiteko beldurrik gabe, orainaldi trinkoa erabil dezakegula gure kontinentean gertatzen ari dena azaltzeko: “Europa, arazo bat dugu” Mundu mailan gaizkiaren benetako islapena da Europan barreiatzen ari dena. Frantzian gertatutakoari erreparatuz, soilik, sistema demokratikoa bera zalantzan jartzeko gai den eskuin faxistoidea nagusi dela, dardara sorrarazten da. Nora joan dira iraultzaren balioak? Zer demontre bihurtu da Europa progresista eta sozialki konprometitua? Ez naiz inozoa, baina zer esango lukete Monnet, Spaak, Schumann eta abarrek burua altxatuko balute? Nora goaz?

Europa, arazo (handi) bat dugu”. Jack Swigertek konpondu ahal izan zuen. Gureak ba al du irteerarik?

Argazkia: espacioconvexo

ekaina 24, 2024

NIRE EZINTASUNA AITORTZEN DUT


Ezin dut gehiago nire barruan gorde. Seguruenik, Txema tokaioak, gaiaz duen maisutasunetik esango dit orain ezin dudala amore eman, pixka bat gehiago saiatu behar dudala amaierara iristeko. Baina ezinezkoa da niretzat... Ez dut ikusten nola ailega nintekeen helburura. Urteak daramatzat, hamarkadak, saiatzen, eta errealitatearekin izan ohi dudan topaketa etsigarria izan da beti: ezin naiz heldu, bere sostenguaz gain, liburuaren edukiaren gainetik salto egiteko aukera emango lidakeen puntura.

Beraz, behin betiko uzten dut Joyceren Ulises bukatzeko erronka. Idazlea beste irakurle mota baten bila zebilela diote, literatura irakurri ohi duen pertsona arrunta baino egokiagoa, prestuagoa, agian jantziagoa. Porrot egindako saiakerekin egiaztatu dudanaren arabera -Xabier Olarraren euskarazko bertsioarekin ere ahalegindu nintzen... - Joycek ez zuen nirekin kontatzen bere liburu unibertsal honetarako. Eta damu naiz, gustatuko baitzitzaidan Poldy Bloom sakonki ezagutu izanaz harrotu ahal izatea. Eta porrotaren mikaztasuna dastatzeaz bat, apika beste bizitza batean - denbora osoa edukiko dudanez-  hobeto joango zaidala pentsatu nahi dut, han liburuak baldin badaude behintzat.

Nire ezgaitasunaren gaineko aitorpena eginda, badirudi lasaixeago nagoela orain.

Argazkia: JMVM

ekaina 17, 2024

400.000 BAKARRIK?


Confebaskek dio 400.000 behargin baino gehiago beharko dituela lanean datozen hiru hamarkadetan, eta albisteak zuzenean eragiten ez nauen arren eta hala izango den egiaztatzerik edukiko ez badut ere, arreta irabazi dit. Gehien bat, atzera begira jarrita, pentsatzen dudalako duela mende laurdentxoren bat ikerketa hori burutu izan balitz orain beste kuku batek kantatuko zigula, gure artean hainbat sektoretan den esku espezialduaren gabezia ikaragarria ikusita.

Confebaskek dio, gainera, Eusko Jaurlaritzarekin ari dela prospekzioko osagaiak aztertzen eta, zalantzarik gabe, interesgarria da detailetxo hori, sarritan galdetu baitiot nire buruari non eta zertan arraio egon diren EAEko agintariak euren kabinete soziologiko-ekonomiko ponpoxoekin, dugun esku kualifikatuaren eskasiako egoerara heltzeko.

Duela mende erditik honako euskal gizartearen norabideaz jabetuta, ez al zegoen hobeto planifikatzerik, adibidez, egungo Osakidetzaren itxura iluna saihesteko? Medikurik ez dagoela? Zeinen errua da? Zergak zintzoki ordaintzen ditugunona, agian? Itsu batek ikusten zuen, genuen eta dugun jaiotza-tasarekin eta biztanlegoaren zahartze progresiboarekin kolapsoa iritsiko zela. Baina epe laburreko politikak pikutara bota du eduki genuen osasun zerbitzu eredugarria. Lehen arretako medikuak profesionalen zerrendetatik desagertzen ari direla, beharrezkoak diren zerbitzuak bete gabe geratuz? Zertarako daude, gure diruarekin patxadatsu bizi diren hezkuntza/enplegu plangintzetako guruak?

Beldur nago, Confebaskek emandako zifra txiki geratu den etorkizunari begira. Klase pasiboetara igarotzen ari den laneskuaren jarioak, bizi-adinaren luzapenari gehituta, uste baino zulo handiagoa utz dezake. Eta eskasiari aurre egiteko badakigu non dagoen irtenbidea. Horregatik diot ondorio horretarako ez genuela prospekzioko kabinete garesti antzurik behar.

Argazkia: JMVM

ekaina 10, 2024

EUROPAN GALDUTA


Denboran ez hain urruti, Europa Hendaian hasten zen. Eta orduko testuinguruan Europako buruzagien izen-abizenak, nongoak ziren berdin zelarik, ezagutzen genituen – nik, behintzat, bai. Zuri-beltzeko TV hari begiratu edota Mugimenduko egunkarien nazioarteko orrialdeak irakurri eta - benetako informazioa ezkutatuta zegoen arren- han aurkeztu zitzaizkigun herrialde ezberdinetako buruzagiak, komunistak, demokratak edo, besterik gabe, eskuinekoak. Ia-ia etxekoak zirela esango nuke.

Gaur egun badirudi gu ere Europa garela. Are gehiago, gainontzeko europarrek bezala bozkatu ere egiten dugu europar parlamentua hautatzeko, denon interesak zaintzen dituen Legebiltzarra, hain zuzen. Urrunago joan gabe, atzo Brusela eta Estrasburgora begira zeuden hautestontzietan eman genuen botoa - egin genuenok, noski. Badirudi Europako Parlamentua, bere ordezkaritzari dagokionez, Indiaren atzetik munduko bigarren parlamentu demokratikoa dela. Eta nik, europar on gisa, sinetsi egiten dut.

Ziurta dezakedana da, kolore guztietako TVrekin, ideologia oso zabala duten egunkari eta aldizkariekin, ohean ere sartzen zaizkigun sare sozialekin..., horrekin guztiarekin, oraindik ez dakit nortzuk diren  Europako Gobernuaren batzordekideak. Dagoeneko ez dut galdetzen, gobernu horrek milaka pertsonaia zalantzagarriren bizimodu ekonomikoa ziurtatzeaz gain beste ezertarako balio duen. 

Bitxia da: lehen Europatik kanpo geundela hobeto ezagutzen nuen Europa. Orain Europan galdu egiten naiz. Eta atzoko emaitzekin, are gehiago.

Argazkia: www.deutschland.de/

ekaina 03, 2024

ZERGAK ARTEAREKIN ORDAINDUTA


Zalantza eta zurrumurruak sortu dituen irtenbidea izan da baina, ikuspuntu praktikotik begiratuta, arrakastatsutzat jotzen dut. Arabako Foru Aldundiak herritar jakin batek lurralde-ogasun kutxarekin mantentzen zuen zerga-zorra konpontzeko hartu duen erabakiaz ari naiz.

Irakurleak badaki honezkero hainbat margolariren koadro bilduma baten truke zorraren kitapen operazioaz ari naizela, artista haietako batzuk fama unibertsalekoak. Asmatu egin dela uste dut eta, zordunak bere betebeharrak horrela betetzen zituen aldi berean, Foru Aldundiak eskua luzatu dio gaur egun suspertze-bultzada behar duen artisten kolektiboari, merkatua minimoen azpitik egonda. Artearen mundu nahasian -arte hitzaren zentzu osoan- aurrera egiteko artistek beren kabuz ibili behar dutela uste dut, baina ez die kalte egiten noizean behin instituzioek oraingoaren moduko proposamenekin laguntzea.

Formula bakoitzak ez du balio zirkunstantzia guztietarako, baina kasu honetan aipatzen ari naizen bildumaren jabeak eman zien izendatzaile komuna artistei, eta horregatik argi dago zerrendan dauden zirkuitu komertzialeko margolari xumeek, Julio Galarta bezala, zeharka onura atera dutela. Eskertzekoa dena, artea ia pisuz erosten den garaiotan. Idazleok zailago dugu, dena den.

Argazkia: Josu Okina (Miguel Okina Julio Galarta margotzen ari)


maiatza 27, 2024

SOLIDARITATE KANPAINAK SUPERMERKATUAN


Ez zait inoiz gustatu elizan erretilu edo poltsa bat pasa diezaidaten nire akaroa utziko ote dudan. Koakzioa iruditzen zait niri eliztarra halako tesituran jartzea. Amorru eman dit beti poltsari-zelatariaren aurrean nire jarrera azaltzeko frogak. Are gehiago, pertsona bakoitzaren pribatutasunaren aurkako erasotzat jotzen dut, eta horren aurrean nire jokaera duela hamarkada asko erabaki nuen, dirua publikoki ez nukeela inoiz emango baieztatuz. Norbait lagundu nahi badut, ez diot inori jakinarazi beharrik, ezta seinaleen bidez ere.

Hausnarketa hau gure herrian oso ezaguna den banaketa kate batean egindako “elkartasun kanpainarengatik” etorri zait burura. Hartu berri dituzun Cola Cao-a edo patatak ordaintzera zoazenean, kutxazainak galdetzen dizula zuk ere kanpaina horretarako diru-kopuru bat eman nahi duzun: nire askatasunaren eta intimitate-eskubidearen sartze bortitza da . Baina nor da kate hori nire sentimendu intimoak frogan jartzeko?

Elizaren jokaera, bere gastuetarako eliztarrek laguntzen duten ala ez aztertzeko denen begien menpe jarriz, supermerkatu kate honena bezain arbuiagarria iruditzen zait.  Elkarte horrek ongintzazko helburu batekin kolaboratu nahi badu, egin dezala bere bitartekoekin, edo - nahi badu, eta gehienez jota- bere bezeroentzako inkesta partikularren bitartez.

Laguntza humanitariorako helburu honetarako edo beste baterako nire dirua eskaini nahi badut, esku batek besteak zer egin duen jakin gabe egingo dut. Are gutxiago, beste inoren eskuak.

Argazkia: wikipedia

maiatza 20, 2024

GORA ANTZERKIA



Atsegina izan arren, ezezaguna zitzaizun medio batean murgil egitera ausartzen zara eta hogeitabi urte eman ondoren pentsatzen duzu asmatu egin zenuela erabakiarekin, merezi izan zuela. Oso azkarra eman da dena, hastapenetako zalantza eta zuhurtziak bere indarrean segitzen duen arren, eta batzuetan ahaleginak irentsiko zintuela iruditzen bazitzaizun ere. Bizitzak berak bezala, erlatibizatzen erakutsi dit antzerkiak.

Horixe baita antzerkia, eguneroko bizipenak euren testuinguruan aztertzeko egokiera, eta nor beraren sentimendu hutsetik erantzun aproposa eskaintzeko plataforma. Eta, hori gutxi bailitzan, talde lanean aurrera egiteko zirrikitutik joanda giza kohesioan hazteko ibilbidea jartzen du antzerkiak zure aurrean.

Hogeitabi urte daroiagu antzerkia sortzen edo, nahi baduzue, interpretatzen, antzerkian ezin baita bi kontzeptuak bereiztu. Interpretazioak sortzera eramaten zaitu eta ez dago sortzerik interpretazio gabe. Doke Antzerki Taldea nire espazio partikularra izan da sorkuntza kolektiborako, eremu idorrean arituko bainintzen taldekideen sostengu, babes, konfiantza eta baliorik gabe. Horiei denei, mila esker... eta gora antzerkia.

Argazkia: JMVM

maiatza 13, 2024

HAN FEIZI

 


Aspaldi gizon bat izan zen jateko gauzei buruz filosofatzen zuena, hau da, ez zuela denbora alferrik galtzen kastitateaz, fedearen botereaz, gaitzerako jendearen berezko joeraz edo anakoreten bizitza eta bere bertuteez. Dagoeneko esan dut aspaldikoa zela eta gerta liteke berari buruz eta bere aldarrikapen filosofikoei buruz dakiguna pixka bat desitxuratuta egotea distantziaren ondorioz. Baina axola duena zera da: bere iragarki eta teoriak haizatzen hasi zenean bizitzaren ibilbidea alda zezakeela uste izatetik egin zuela... noski, norbaitek bere teoriak praktikan jartzen bazituen.

Han Feizi zuen izena eta K.A berrehun urte lehenago bizi izan zen, Txinan. Bere nagusientzat -dei ditzagun jabeak- gobernu autokratiko motari buruz teorizatu zuen, Konfuzioren teorien aurka joaz eta ereduarekin gobernatzeko ideia baztertuz... hain zuzen, esan zuen gure pertsonaiak, eredua eredugarria ez izatea gerta baitzitekeen, eta ez zen egoki belaunaldi berriei errotik oker dagoen bizitza politikoa irakastea.

Han Feiziren ustez, erakunde politikoek egoera historikoen arabera aldatu behar zuten, postulatu anakronikoetan ainguratuta dauden gobernu formei atxiki gabe. Agintariak ez luke, txinatarraren arabera, jendea on egiten saiatu behar –bere ustez ezinezkoa den helburua–, baizik eta gaizki egitea eragozten saiatu beharko litzateke. Eta helburua lortzeko, agintariak –enperadoreak bere kasuan– sinetsi beharko luke bere ministroek beti inperioaren onerako lan egingo zutela eta ez euren aldeko jukutrietan.

Han Feizik hasieran enperadorearen errespetua eta sinpatia irabazi zituen, baina aurki salatu egin zuten lehen agintaria inguratzen zuten gobernadoreek. Giltzapetu egin zuten... eta gure filosofoak zikuta hartu zuen, bere kontzientziari entzungorrarena egin izan balio itxaroten zion tortura baino erremedio gozoagoa, alegia. Enperadorea laudatzen jarraitu zuten inguruko pelotek -egun batzuetan ni naiz lehen ministroa eta  besteetan zu- baina ikusi zutenean buruzagi gorenak ez ziela balio, tronutik erauzi zuten...eta hemen bake eta gero aintza.

Han Feiziri buruz ez zen ezer jakin milaka urte geroago arte. Txinan enperadorearekin segitzen dute, mendebal janzkera daraman arren. Errusian ere gauza bera. Espainian erregea daukate.

Argazkia: Tere Anda

maiatza 06, 2024

HATZAPARRETATIK ALDE EGIN GURAN

 


Diotenez, hiper modernizatutako gizarte batean ez dago,  edozein alderditan teknologia kontrolik gabe sartzearen aurrean imintzio txar egiterik. Ezinezkoa da, antza denez, adimen artifiziala deritzonaren bizkar gainean zamalkatzeko tentazioari ez heltzea, eta, hala ere, nora eraman gaitzakeen ez jakiteak izutu egiten gaitu. Badakigu lur izeneko planeta hau nekez salba daitekeela giza eboluzioari buruzko tratatuetan inoiz erregistratu ez den hekatonbe batetik. Ezezagunaren aurrean begiak ixten dituen animalia espezie bakarra gara. Gurea ez da ausartzen horri aurre egiten bere indar ulerkor eta otzanarekin. Eta etengabeko mugimendu zurrunbilotsuan galtzen da.

Saiatzen gara kanporantz burutsuak garela ematen, eta huts egiten dugu gure jokabidean akatsak bilatzeko barne-murgiltzean. Bakardadeak asaldatzen gaitu eta zarataren aldeko apustua egiten dugu, gure kontzientziarekiko erronkaren erantzuna bertan aurkituko dugulakoan. Gaindituko al dugu lehen erasoa? Edo hobeto izango al da, on materialik ez dakarren abentura oro ezabatzea?

Dena bost axola zaidala esan nahi nuke, ez nagoela prest geratzen zaidan apurra inork pipermindu diezadan. Baina ezin dut. Kontzientea naiz hartutako konpromisoari ez eusteak amorru handiagoa sortzen duela hura onartzeak baino, nahiz eta oso nekagarria eta bihurria den. Eta horretan ari naiz. Hatzapar itotzaileetatik alde egiteko guran.

Argazkia: JMVM

apirila 29, 2024

GAUR DA EGUNA


Halaxe da, bai; deliberamendu eta ospakizun egun honetan, batzuen txalo eta algarek bazterrak beteko dituzte. Eta hitz amoltsuekin protagonistaren belarrietara adorezko hitzak xuxurlatuko dituzte. Beste askori berdin izango zaie, ospakizuna beraiekin ez doalako. Gaur du eguna gure protagonistak eta guztion aitzinean agertuko da – edo ekarriko dute-  bere barrua hustutzeko. Ariketa zaila, alde guztietatik baldintzatuta baitago, baina adiskideak ahaleginetan hustuko dira, haren berbak ulergarriak gerta dakizkigun.

Ba hori, batzuek txaloka egingo dutela gehiengoak ahanzturan jarraituko duen bitartean, izan ere giza duintasunaren jazarpen eta zapalketa antzeko kasu ugari izan dira orain baino lehen ere, eta aurrerantzean hala segituko du, giza-espezimenaren gaixotasun hau zuzenean ez dagokigun bitartean inork gutxik altxatzen baitu ahotsa, ez du lerro bakar bat idazten edota ez dira komunikabideen hautsak harrotzen. Azken finean, egoera oso pertsonala da. Familia girotik haratago ez doala esango nuke. Baina, era berean, ez da egia txikiagoa kaltetutako norbaiten ondoan zaudenean hobeto ulertzen duzula haren eta hurkoen mina.

Ez dakit zer egingo dudan. Pertsonaiarekin bat egiten dut eta berarengandik hurbil egon nahiko nuke. Bizitzaren gorabeherek gizagabetzat jotzen dudan egoera batera eraman dutela ikusten dut. Baina gaur egun ez dago lasaitasun mezu helarazterik, eta gure gizartea kolpatzen ari den gaixotasun madarikatu honek epe laburreko konponbidea izango duela agintzen duen metodologiarik ez da inon antzematen.

Seguruenik, esango duen edo kontatu nahi digunari adi egongo naiz. Oro har, ez diot ulertuko, baina hari zor diodan kidetasun eta afektuagatik gertu edukiko nau. Gaur da bere eguna. Ehun urte betetzen ditu eta alzheimerrak jota dago.

Nori buruz ari nintzela uste zenuen?

Argazkia: Zuriñe

apirila 22, 2024

AXOLA BEHAR AL DIT?

 


Axola behar al dit Ameriketako Estatu Batuek Palestina UNOren kide oso gisa sartzeari betoa jarri izanak?


Axola behar al dit Irak eta Israel giza elkarbizitzarako ezintasuna berresten duen gerra berri batean aritzeak?

Axola behar al dit munduko gobernuek arman gehiago inbertitu behar dutela uste izateak?

Axola behar al dit etorkizun zalantzagarri baten bila atzo, gaur eta bihar milaka lagun Mediterraneoko europar ertzetara iristeak?

Axola behar al dit gure gizartean, larruazalean dardara apurtxo bat baino sentitzen dugun bitartean era guztietako eta norabide guztietako indarkeria gailentzeak?

Axola behar al dit, gu guztiok lepo zuriko krimenen sindikatu batek zuzendutako kontzertu ekonomiko global baten menpekoak izateak?

Axola behar al dit gure erabakietan gero eta indibidualistagoak agertzeak?

Axola behar al dit ez dakidan nongo futbolari baten lesioa prentsa orokorreko lehen orrialdeko albiste izateak?

Axola behar al dit hurrengo oporraldian, nire helburua ziren Maldivetara joan barik etxean geratu behar izateak?

Erantzun iezaiezu aurreko galderei zeure baitan. "Axola behar dit" irabazten badu, munduaren prozedura eta jokabide orokorraren aurka zoaz.

Argazkia: Ekain

apirila 15, 2024

SEXU BIDEAK


Lehengo astean tokiko aldizkari batean irakurri nuen korronte ezagun bateko militante batek sexu jokabide berezi bat defendatzeko egindako deialdia. Nire adinean giza sexu adierazpen ugari ezagutu izan ditut, eta baita horiek guztiak errespetagarritzat jo ere, lehenik eta behin hala izateagatik errespetua merezi duten pertsonengandik datozelako. Hala ere, aitortu beharra daukat ahaleginak egin behar izan nituela hamabost lerro inguru zituen aldarrikapen manifestu hura irakurtzen amaitzeko.

Gertatu zen, egun batzuk lehenagotik Jose Mari Satrustegi etnologoak 1975ean osatutako “Euskaldunen seksu bideak” liburua berrirakurtzen ari nintzela. Gure arbasoen sexu jokabide historikoei buruzko alderdi etnografiko interesgarriak azaleratu zituen arruazuarrak bere testu jori hartan eta kontakizun erakargarri bezain argigarrien oroitzapena berriz ere nire baitan piztea nuen helburu. Jakina, eta Satrustegik idatzitakoaren testuinguruari erreparatuz irakurleak ulertuko duen moduan, liburuan ez da goiko aldarrikapenean defendatutako jokabidearen aipamenik jasotzen. Ez mendeetan zehar existitu ez delako, liburuaren egilearen eta bere informatzaileen moralarekin bat ez zetorrelako baizik.

Edonola ere, bitxia da liburuaren berrehun orrialde baino gehiagoko irakurketan energia gutxiago inbertitu behar izan nuela hasieran aitatutako artikuluarenean baino. Gakoa ez zegoen mamian, estiloan baizik.

apirila 08, 2024

TEKNOLOGIAREN ABANTAILA


Antza denez, asko dakit teknologiari buruz. Edo, behintzat, hala dio nire biloba txikiak tabletan arazotxoren bat konpontzen diodan bakoitzean. Irakurlea ohartuko da nire aurkezpen laburrean erlatibismoa nagusi dela, mundu honetan ia dena bezala. Eta zazpi urteko neska batentzat dakidana handia den bitartean, teknologiaren sekretuetan ez nintzateke hamar urte bete dituen gazte baten altuerara iritsiko. Hau konbentzimenduz eta okertzeko beldurrik gabe esaten dut.

Egia da aurrerapen teknologikoen aplikazioaren bidez zer lor daitekeen jakitea interesatzen zaidala, haiek ulertzeko gogorik gabe. Ez zait zergatikoa interesatzen zertarakoa baizik. Adibide bat jarriko dut: gaur arratsaldean Jon Etxaide mirestuaren “Hamasei seme, Euskalerriko” berrirakurtzen ari nintzen. Iztueta pertsonaiara heltzean, zaldibiarra hiru aldiz ezkondu bide zela idatzi zuen Etxaidek - horrela, ziurtasunik gabe- inork ez baitzuen ordura arte frogatzeko daturik eman. Gogoratu behar da liburua 1959koa dela eta ziur aski norbaitek harrez geroztik argitu du ezkontza kopuruari zegokion iluntasuna..

Minutu bat behar izan nuen Dokuklik bidez erantzuna aurkitzeko. Eta horrela jakin dut Juan Ignazio Iztueta hiru aldiz ezkondu zela. Ezagutu izan nuen halaber, non izan ziren zeremoniak eta ezkontzen datak, eta baita Iztuetak bere hiru emazteekin izan zituen seme-alaben kopurua ere. Etxaidek ezagutu ezin izan zuena, ez baitzuen bilakuntza digitaletarako gaur egun dugun tresnarik.

Norbaitek galdetuko dit: eta horrek zertarako balio dizu? Bada, egia esan, ez dakit, baina denbora tartetxo atsegina eman nuen datuen atzetik.

Argazkia: periódico calasanz vitoria

apirila 01, 2024

ALBISTEEN AZPIMUNDUAN


Joaten ari zaren edo bueltan zauden asmatzen zure aldarteak uzten ez duen egun horietako bat nuen. Egoera horietan, normalean, zure inguruko edozein gertaerak alderdi neutroa hartzen du, gauza zure ingurukoa ez balitz bezala. Eta inkontzienteki prentsa digitala erabili eta portadakoak ez diren Ayuso, amnistia edota arbitroaren akatsa tarteko Madril golik gabe utzi zuenez haratagoko albisteen azpimunduan sartu nintzen.

Nire lehen saioan antropozenoa "garai" geologiko gisa deklaratzea amaitu ote den galdetzen zuen albiste batekin egin nuen topo. Egia esan, aulkian urduri mugitu eta niretzat guztiz berria zen baina komunitate zientifikoaren zati bat kezkatzen zuen galdera haren ondorengoa irakurtzen jarraitu nuen. Albisteak zioen bertako defendatzaileek antropozenoa garai gisa aitortzeko bozketa errekurritu zutela, irregulartasunak salatuz eta bozketa baliogabetzeko formalki eskatuz. Antropozenoa izeneko aldaketa geologikoa, hau da, giza jarduerak eragindakoa, gaiaren inguruko teorikoen arteko liskarren kausa zen. Normala.

Edizio digitalaren azpimunduan murgiltzen ari nintzela, duela 13.000 milioi urteko eszenatokira eraman ninduen bigarren albisteak, hain justu JADES-GS-z7-01-Q izeneko galaxia, unean bakarrik 800 milio urte zituenean existitzeari utzi zionean. Hori guztia orain ezagutu da, James Webb espazio teleskopioari esker. Hala eta guztiz ere, amaitzen zuen adierazten aldizkari espezializatuak, ez dago argi galaxia horren "off" egoera aldi baterako edo iraunkorra den. Ez naiz harritzen, tartean horrenbeste urtetako distantzia izanez.

Irakurketa horien ostean aldartea lasaitu egin zitzaidalakoan nago.

Argazkia: www.inspenet.com/

martxoa 25, 2024

JAI GURU DEVA, OM


Lasai: ez dut aurkitu Zorioneku itxura duen ezer, izenburuak euskarazko hitzekin nolabaiteko antza duen arren. Sanskritoa da, eta gaztaroan abesten genituen abestietako baten parte da -mantra bat da, funtsean-, bere mezua guztiz ulertu gabe. Urteetan zehar musika entzuteko/gozatzeko egoera hori ehuneko ehunean ulertu barik gainditu eta gero, entzuten/gozatzen/liseritzen joan nintzenean, John Lennon-ek Beatlesentzat konposatutako abesti hori askoz gehiago egin ahal izan nuen nire, propioa.

Hitzak euri amaigabea bezala isurtzen dira paperezko edalontzi batean. Unibertsoan zehar lerratzen diren bitartean irristaka egiten dute. Bere lehen ahapaldian dioena da aurrekoa, eta momentu oso etsigarri hauetan, indarkeriak, gezurrak (indarkeria mota oso arriskutsua), genozidioak… behin eta berriz astindutako mundu konbultsibo batekin aurkitzen garela, iruditzen zait Unibertsoak ez duela gugandik ezer behar ezta nahi ere. Porrot egindako proiektu bat gara.

Baina ezintasun-testuinguru honetan, behintzat, aipatutako abestiaren mezutxoa erabiliko dut eta Liverpooleko mutilekin esango dut ezerk ez duela nire mundua aldatuko, nirea baino ez dela, eta horri dedikatuko diot nire indar guztia. Saldu nahi didatena ez zait batere interesatzen.

Argazkia: Ekain


ACROSS THE UNIVERSE

Words are flowing out like endless rain into a paper cup

They slither wildly as they slip away across the universe

Pools of sorrow, waves of joy are drifting through my opened mind

Possessing and caressing me

 

Jai guru deva, om

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

 

Images of broken light which dance before me like a million eyes

They call me on and on across the universe

Thoughts meander like a restless wind inside a letterbox 

They tumble blindly as they make their way across the universe

 

Jai guru deva, om

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

 

Sounds of laughter shades of life are ringing

Through my open ears inciting and inviting me

Limitless undying love which shines around me like a million suns

It calls me on and on across the universe

 

Jai guru deva, om

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

Nothing's gonna change my world

 

Jai guru deva

Jai guru deva

Jai guru deva

Jai guru deva

Jai guru deva

Jai guru deva