Bada zorte txarra! Albisteak lurpeko
ilargi-bide handi bat aurkitu dela zioen, etorkizuneko misioetarako aterpea
eman dezakeena eta muturreko tenperatura eta meteoritoetatik babesten dituena,
eta informazioaren atzetik datorren lehen ilargi beteko gauean zerua estalita
agertzen da, gure satelitea ikustea galaraziz. Gogoarekin geratu naiz, aipatu
bidea ikusterik izango ote nuen.
Zientifikoek diotenez, Mare Tranquilitatis
deitu duten putzuan, ehun metrotako sakona, espazio-kolonia bat loja zitekeen,
eguzkiaren erradiazio, izpi kosmiko eta mikrometeoritoetatik babestuta.
Halaber, badirudi putzu horietan leizeak ere litezkeela, ur, izotz eta beste
material batzuetatik hurbil egon litezkeenak, ilargi-misioak arrisku
gutxiagokoak bilakatuz. Hori bai, ilargiko estazioak eraikitzeak ingenieritzako
azpiegitura sofistikatua beharko lukeela diote adituek.
Niri ez zait oso garbi geratu zeinen izenean
hitz egiten duten zientifiko horiek, eta beldur nago ez dutela gizateriarenean
egin, euren estatuarenean baizik. Eta horrela bada, espazio-misioetako benetako
arriskua ez da izpi-kosmiko eta era horretako eragileetatik etorriko,
giza-tribu desberdinetatik baino. Hau da, banderak egongo dira jokoan. Eta,
beraz, Mare Tranquilitatis ordez ilargiko putzuari Mare Angustiae esan beharko
litzaiokeelakoan nago.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina