BILATU

urtarrila 16, 2017

ERGELAK EZ



Idatzi nuen aurrekoan itxaropentsua izan behar dela, aurrera egingo bada. Bateon batek esan dit baikorregia naizela, errealitateak ez duela urdin koloreko etorkizunik antzematen ahalbidetzen. Jakina, baina zer irabazten dugu gure burua, denon artean jarri dugun teloi ilunaren kontra behin eta berriz jotzen? 

Dena den, itxaropenak ez du zerikusirik inozo izatearekin, batzuetan inozokeriazko zipriztinekin berriz bataiatu nahi gaituzten arren. Olentzero edo Errege Magoenganako sinpatiak ez digu fantasia errealitaterekin nahasi behar. 

Eta aurrekoa ongi datorkit, mahaira eramaten dizkioten errege-dekretuak EAO (BOE)n sinatzen dituen borboiari buruzko nire iritzietan tinkoagotzeko.  Pertsonaiaren hitzetan, espainiar estatuak krisi ekonomikoa gainditu du eta ekoizpen modeloa aldatu. Horren gisako baieztapenik egiten duenak, bietako bat, gu ergeltzat hartzen gaitu edo ez daki zertan ari den. 

Horren moduko azalpenetan ez naiz ni oinarritzen itxaropentsuak izan behar dugula adierazteko. Itxaropentsuak bai, ergelak ez. Horregatik nik, majestateetatik, errege magoetan bakarrik sinesten dut, behintzat ilusioa ekartzen didate.

Argazkia:Tere Anda

urtarrila 09, 2017

IZAN GAITEZEN ITXAROPENTSUAK



Urte zaharra amaitu berri da eta batzuek bizitza konplikatzera datorkigun arrotz bat balitz bezala begiratzen diote berriari, beste batzuek, aldiz, bat ere axolarik gabe egiten duten bitartean, nahiz eta sakon saia litekeen bakoitzaren bizitza iragarpenetan ez duela bat ere eraginik izango suposatzen baitute. 

Edozein kolektiboren sentsibilitate desberdinek elkarren arteko ondarea aberasten dute beti. Horregatik, aurrera egin ahal izateko ez dago ezer ausartagorik, giza komunitatearen barruko planteamenduetan eman daitekeen diferentzia baino, hura edozein neurrikoa izanik ere. 

Sortzezko ahalmenaren gaineko apustuari lotu behar gatzaizkio etengabe, beti dibertsitatearen bitartez abiatuz. Zorionez, oraindik askeak gara eta egoera emozional horretatik ekin behar diogu gure ingurua hobetzeari, arlo guztietan. Erakundeen gizarte funtzioan sinesten dut eta horien guztien arteko lankidetza ezinbestekotzat daukat eguneko zailtasunei behar bezala erantzuteko. Baina ahaztu gabe erakundeak pertsonok sortu, hazi eta kudeatzen ditugula. Zain dezagun hiritarron arteko kohesioa eta izan gaitezen itxaropentsuak. Izango dena izango da.

Argazkia: Tere Anda

urtarrila 01, 2017

ZENBAT ALDIZ IGO BEHARKO DU?



Berrogei urte eman dira Tellamendiko gurutzeaz lehen aldiz idatzi nuenetik. Bihotzetik eta suminduaren saminetik sortutako hitzak ziren urtarrilaren leheneko arratsalde urruti hartan burura zetozkidanak, eta idazteko makinaren teklek ezin zioten ideietako jario beroari segitu. Gaizkile uniformatu batzuek -inoren aginduetara edo euren kabuz ari ote ziren berdin dio- Tellamendiko tontorrean 1935tik ageri zen askatasunaren sinboloa hankaz gora bota zuten, herri oinaztuaren suspertzeak amorratuta, nonbait. Eta gizartearen indar aldarrikatzaileak ikur hura ostera jaso ondoren, beste askorekin batera, haraino igo nintzen, artean urtebete ez zuen semea motxilan hartuta.

Berrogei urte geroago, urteko azken egunean, Tellamendira
itzuli naiz, besteak beste bi urteko bilobarekin -bere aitak (nire seme hark) motxilan eramanda, herriaren gogoa ezin dela polboraz suntsitu eta aurrera egiteko indarrak bizirik dirauela argi eta garbi lau haizeetara adierazteko.

Gurutzeak bere edertasuna zerakuskigun bitartean,  tontorrera iritsitakoongan emozioak hartzen zuen toki, 1977an bezala. Baina orduan egin ez nuen itauna planteatu nion nire buruari iragan larunbatean: zenbat aldiz igo beharko du nire bilobak Tellamendira, bertan gurutzea jarri zutenen ametsa gauzatu aitzin? Erantzuna, hainbatetan lez, haizean dabil.
Argazkiak: JMVM

abendua 26, 2016

BESTE ORRI BAT

Ixten ari gara urtearen liburua. Gure bizitza bilduman beste argazki bat gehiago ageriko da, duela ez hainbeste ia-ia hutsik zegoen kajoia gainezka egitear dagoelarik. Erlojuaren gurpilak ez daki zer den atsedena eta segundoz-segundo ibilaldiaren amaieratik hurbilago jartzen gaitu. Eta?

Egia esan behar badut, ez nau bat ere beldurtzen iluntasun ezezagunak. Eta ukitzen dugun eguneroko errealitatea hezur mamiraino gozatu behar delakoan nago. Ez dut sinatzen Castelaoren "os vellos non deben de namorarse" ospetsua. Ez nago bihotzeko adiskide izan nuen Juan Garmendia Larrañagarekin, "zaharrok ez dugu planik egin behar" adierazten zuenean. Nahiago dut Jacques Brelen:


Les vieux ne meurent pas,
ils s'endorment un jour
et dorment trop longtemps.

Kajoia argazkiz beteta daukadan arren, ilusioa egiten dit gehiagorekin aberasteak.



Argazkia: Tere Anda

abendua 19, 2016

NOLA IRAUNARAZI ILEA?

Ezagutu nuen Abrotano Macho oso gaztetik maiz erabiltzen zuena. Nik xanpu bereziarekin garbitzen nuen ilea. Eta baziren beste zenbait lagun asunak irekitzen jartzen zituztenak, behin hotzituz gero likido harekin buruan igurtzi suabeak emateko. Denok kezka handi batek harrapatuta geunden gure gaztaro urrun bezain inozoan: geratuko al gara burusoil? Aitak duintasunez eta, esango nuke, urguilu puntu batez ere zeraman bere burusoiltasuna, baina niri ez zidan graziarik egiten etorkizunean  antzerako estanpako protagonista bilakatzeak.

Nire bizitzaren aldi hura gogoratu nuen lehengoan telebista aurrean eserita nengoela, merkatal iragarkiek ilea galtzearen kontrako erremedioen eskaintza egiten zidaten bitartean. Ikaragarria, aizu, balizko bitartekoen kopurua! Formula magikoak aurkezten zitzaizkidan, alopeziako etsipenean erortzea saihesten laguntzen bide duten krema, ukendu eta pozima miragarri zenbatezinak, antzinako kalakarien eslogan
berdintsuak erabiliz.

Telebistari begira nengoela oroitu nuen behin Mexikoko egunkari batean irakurri nuena: zure aita burusoila bada, lasai egon, zeu ere izango zara eta. Gainera errotatiboak garbi uzten zuen zein den ilea iraunarazteko sistemarik onena: kutxatxo bat. Ilea erori ahala bertara sartu eta hantxe gordetzea da hoberena... norbaitek kutxatxoa sutara edo zabortegira bota bitartean.

abendua 12, 2016

BBC eta PISA


Aurtengo ekainean irakurtzen genuen, BBC Newsen arabera euskal hezkuntza sistema Europa osorako zela eredugarria. Euskaldunok hezkuntzaren bidez berrinbentatzen garela zioen telebista bidezko erreportajeak. Eta hemen aintzazko kanpaiak jotzeari ekin zitzaion sektore askotan. Ez zen gutxiagorako!

Ikasi ezagutzera, ikasi egitera, ikasi elkar bizitzera eta ikasi izatera; horiexek bide dira Unescoren iritziz heziketa aproposerako oinarrizko kontzeptuak eta euskaldunok ei ginen urrezko arautegi hori hoberen ulertu zutenak. Baina...

Orain dator PISA txostena eta adierazten zaigu oso-oso desbideratu eta oker gabiltzala hezkuntza sistema zuzenaren ardatzetik. Eta kopiatu behar dugula Gaztela Leongo planetatik. Eta gure urguilua zaurituta geratu da, oso minduta, zer gertatzen ari den galdetzen diogula gure ego jipoituari.

Non dago bi eszenategi kontrajarri horien arteko marra bereizlea?  Hemen ez du balio "in medio virtus"ek. Dena den, balizko kataklismoaren aurrean  beti gogoratzen dut egoerarik txarrenetatik ere aukerak jaio daitezkeela. Eta bizitza-ibilaldia eragozpenen kontrako lehia bilakatzen dela, aurrera joko bada. Zilbor hesteari begira geratu gabe, arrakastaren biguntasun goxoan ere hobekuntzarako jarrera aktiboak markatu behar du iparra. Berdin-berdin, porrotean. Jantziak urratzeak burua galtzearen hurrena litzateke, hots, betiko galera. Horregatik, etengabeko hausnarketari horren gaineko konbentzimendutik heltzea dagokie pertsonari eta giza kolektiboari,  akzio-erreakzio formula xumearekin.

Argazkiak: bizkaiatalent, noticias gipuzkoa

abendua 05, 2016

SANTA BARBARA, EJERTZITOA ETA GINSBERG

Santa Barbara izan genuen atzo, abenduaren 4. Eta kafe baten laguntza ketsu eta isilarekin lerro hauek idaztera jarri nintzen, irudimenak hegan egiten zuen bitartean,  ezinbesteko baldintza dena, hain zuzen, komunikazioaren galaxian inora iritsiko bagara.

Oso berandu heldu nintzen Allen Ginsbergengana. Aitortu behar dut bere ikasle hurbilenen bitartez jabetu nintzela poeta amerikarraren indar eta sakontasunaz. Eta Santa Barbara eguneko goizean berreskuratu dut nire oroimenaren arasetatik antimilitarismoko militante sutsuaren oihu hura: birrin ditzagun ejertzitoak, mutilen negar zotinik entzun ez dadin.

Zertara datorren Ginsberg gaurko nire honetan?

Begira: atzokoaren moduko aspaldi-aspaldiko egun batean ejertzitoaren aintzaren aldeko brindisa egitea egokitu zitzaidan,  nire baitan ejertzito guztien kontrako madarikazioa gailentzen zen bitartean. Eta Santa Barbararen bidez oroitzen dut urtero militarismoaren aurkako nire jarrera. Hain justu, artilleroen festan bat egiten dut are indar handiagoaz Ginsbergen utopiarekin.


Argazkia: wikipedia