Berrogei urte eman dira Tellamendiko gurutzeaz lehen aldiz idatzi nuenetik.
Bihotzetik eta suminduaren saminetik sortutako hitzak ziren urtarrilaren
leheneko arratsalde urruti hartan burura zetozkidanak, eta idazteko makinaren
teklek ezin zioten ideietako jario beroari segitu. Gaizkile uniformatu batzuek
-inoren aginduetara edo euren kabuz ari ote ziren berdin dio- Tellamendiko
tontorrean 1935tik ageri zen askatasunaren sinboloa hankaz gora bota zuten,
herri oinaztuaren suspertzeak amorratuta, nonbait. Eta gizartearen indar aldarrikatzaileak ikur hura ostera jaso ondoren, beste askorekin batera, haraino igo nintzen, artean
urtebete ez zuen semea motxilan hartuta.
Berrogei urte geroago, urteko azken egunean, Tellamendira
itzuli naiz,
besteak beste bi urteko bilobarekin -bere aitak (nire seme hark) motxilan
eramanda, herriaren gogoa ezin dela polboraz suntsitu eta aurrera egiteko indarrak bizirik dirauela argi eta garbi lau
haizeetara adierazteko.
Gurutzeak bere edertasuna zerakuskigun bitartean, tontorrera
iritsitakoongan emozioak hartzen zuen toki, 1977an bezala. Baina orduan egin ez
nuen itauna planteatu nion nire buruari iragan larunbatean: zenbat aldiz igo
beharko du nire bilobak Tellamendira, bertan gurutzea jarri zutenen ametsa
gauzatu aitzin? Erantzuna, hainbatetan lez, haizean dabil.
Argazkiak: JMVM
Blog-administratzaileak iruzkina kendu du.
ErantzunEzabatu