Santa Barbara izan genuen atzo, abenduaren 4.
Eta kafe baten laguntza ketsu eta isilarekin lerro hauek idaztera jarri
nintzen, irudimenak hegan egiten zuen bitartean, ezinbesteko
baldintza dena, hain zuzen, komunikazioaren galaxian inora iritsiko bagara.
Oso berandu heldu nintzen Allen
Ginsbergengana. Aitortu behar dut bere ikasle hurbilenen bitartez jabetu
nintzela poeta amerikarraren indar eta sakontasunaz. Eta Santa Barbara eguneko
goizean berreskuratu dut nire oroimenaren arasetatik antimilitarismoko
militante sutsuaren oihu hura: birrin ditzagun ejertzitoak, mutilen negar
zotinik entzun ez dadin.
Zertara datorren Ginsberg gaurko nire honetan?
Begira: atzokoaren moduko aspaldi-aspaldiko egun batean ejertzitoaren aintzaren
aldeko brindisa egitea egokitu zitzaidan, nire baitan ejertzito guztien
kontrako madarikazioa gailentzen zen bitartean. Eta Santa Barbararen bidez
oroitzen dut urtero militarismoaren aurkako nire jarrera. Hain justu, artilleroen
festan bat egiten dut are indar handiagoaz Ginsbergen utopiarekin.
Argazkia: wikipedia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina