Nabigatzeko sasoia amaituta, hurrengora arte lehorreratu dut belaontzi txikia. Hilabeteak igaroko dira, berriz ere belak altxatu eta lema hartu aurretik, eta bidaia zaildu dezaketen haize-boladen presentziaz eta haizearen abiaduraz arduratu, edo zeharkaldian izandako batez besteko abiadura kalkulatu baino lehen.
Egia bada —egile klasiko batek behin esan zuen
bezala— pertsonen artean bizidunak, hildakoak eta itsasoan nabigatzen dutenak
daudela, neure buruari galdetzen diot zein kategoriatan egongo ote naizen
hurrengo bidaia egin bitartean. Ez pentsa nire bizitzako helburua etenik gabe
urak zeharkatzea denik; hala ere, egia da bizitza desberdina iruditzen zaidala
lema eskuan hartuta nagoenean. Eta baldintzak zenbat eta zailagoak diren,
orduan eta gehiago baloratzen dut ezagutzaren, pilatutako esperientziaren eta zailtasunen
aurrean erakutsitako erabakitasunaren arteko elkarreragina.
Dena den, ez pentsa kontua denik arriskuaren
aurrean sufritzea —hori zentzugabekeria litzateke—, baizik eta espirituari sosegua
ematea; izan ere, gogoak biziki behar du horrelako ukendu asegarria. Onartu
beharra daukat nire bidaiak ez direla inoiz ikusgarri horietakoak izan. Behin
bakarrik amestu nun ozeanoak zeharkatzeaz, eta ametsak itsasoan lehen aldiz
irauli nintzen arte iraun zuen. Laburbilduz, xumeak izan dira nire jomugak,
baina horrek ez dit eragotzi sari zoragarriak jasotzeko aukera; izan ere,
ondasun materialek ez bezala, nireak gordetzeko ez dut ez armairu ez
apalategirik behar. Neure oroimenean ditut, eta bizitza-bidaian aurrera egiten
laguntzen didate.
Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina