Antzinako jakintsu batek - klasikoren etiketa daraman horietakoa- esan zuen zuhaitz bat okertzen bada naturaren eraginez dela, hark ematen baitio eitea eta norabidea. Gu ere naturaren parte garenez —eta hori ukatzen duenak ez du ezer ulertu planeta honetan zergatik gauden—, kolektibo gisako geure ibilbidearen okerra geure ekintzen ondorioa da. Ez dago hori ukatzerik.
Ceuta eta Melilla, giza komunitateen bizileku gisa interesatzen zaizkit, soilik—kolektibo horiek Afrikako kokalekuak hautatu baitzituzten euren habitaterako. Neurri berdintsuan eta arrazoi bertsuengatik interesatzen zaizkit Madril, Donostia edota Paris, bakoitza bere latitudean. Puntu geografiko horien inguruan -horixe baino ez baitira— sor daitekeen edozein gatazka gizateriaren jokabide txarretik dator; izan ere, gure espeziea, antzinako animalia-espezie ezezagun baten hondakinik txarrenekin osatutako nahaspila bat besterik ez da. Negar-malko eta goragale eragiten du ingurura begiratu eta bizitzaren alderdi guztietan indarkeria eta gorrotoa besterik ez ikusteak.
Mundu mailako gatazka baterantz goaz, eta
zalantzarik gabe, botere osoa lortzeko lehian ari diren interes ekonomikoen
adina alderdi egongo dira tartean, plaza publikoan espektakulu odoltsu eta
suntsitzailea eskaintzeko. Ergel hutsaren logikak agintzen du, eta inor ez da une bat ere geratzen hausnartzeko: zenbat eta ozenago oihukatu, orduan eta gehiago hazten
gara berezko ezintasunean. Hondamendi-ikuspegia eman nahi izan gabe, geure
hil-oihala ehuntzen ari gara, izaki arrazionalak garen heinean.
Eta inork ez diezadala esan egungo egoera
behin-behinekoa baino ez denik. Noski, hala da! Baina egoera okerrago baterantz
goazelako. “Ez dugu bakea jokoan ipiniko, gure eskubidea da” esaten zaigu, gero
eta liskar gehiago sortzen diren bitartean. Eta ehorzketaren tronpetek hil
eresia jotzen dute…”gora gu, heriotza besteei” oihukatzen den bitartean, modu
pluribektorialean.
Argazkia: milla cero.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina