Antton Valverde elkarrizketatu dut Euskonewserako. Eta nire abeslari kuttunenetako batekin ordutxo pare batez bere bizitza espazioa konpartitzeko aukera eman dit. Aspaldiko laguna dut Antton, eta bere miresleetako bat naiz, hain justu 1969an lehen diskoa atera zuenetik.
Gogoratzen dut, atzo balitz bezala, aurreneko aldiz EP hura disko-jogailuan ipini nuen gaua. Lau abesti ziren eta haietako bat gailentzen zen indar bereziz, bere esan nahiarengatik. “Utsa” olerkiarekin moldatutakoa zen, Antonio Valverde “Ayalde” Anttonen aitak idatzia.
Eta Ayaldek –pintorea ere bazena- Jorge Oteiza lagun zuenari eskaini zion poema, lagun izan arren ez baitzegoen ados oriotarrak euskal sustraia identifikatzeko zuen ideiarekin. Eskultoreak harri zaharrak –kromletx, dolmenak...- goresten zituen bitartean, Ayalde pintore eta poetak euskara defendatzen zuen beste edozeren gainetik.
Gogoratu nahi izan dut gaur, Anttoni esker eta bere aitaren omenez, “Utsa” eder hura:
Euskel sustrai.
Erri onen mamia non dago?
Auxe dok nere ustea:
ez cronlech ez dolmenetan
ez arri koxkor zarretan...
Itxaso-bazter etxetan
ta mendi baserrietan,
oraindik bizirik bañan
Uts sakon illunpetan
estaltzera dijoakigun
izkuntza gurean...
Mendi-mendian otea,
botoi oriaz betea,
Jorge de Oteiza, i aiz,
ola gizonen semea.
Ire malluak ordea,
irudimenezko mallu orrek,
ez tiriki-taukirik
Utsa moldatzeko joak
ezpaitute soñurik...
biotzarentzat baizik...
Anttonekin grabatu ditudan bi bideo txiki ikus daitezke ondoko helbideetan. Lehenean, goiko poemaren zatitxo bat irakurtzen digu. Bigarrenean, berriz, Esteban Urkiaga "Lauaxeta" zenaren "Itauna" poemarako Antton Valverdek berak konposaturiko soinua jotzen digu pianoz lagunduta.
http://www.youtube.com/watch?v=JLblsDP-Arc
http://www.youtube.com/watch?v=VA7Qh1Mngh0
Goiko argazkia: Antton Valverde, Antonio Valverde “Ayalde”ren margo batetik aterata.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina