BILATU

apirila 10, 2017

HITLER, TVE, FRANCO



Hitler munstro hiltzailearen gaineko erreportajeak ikusten ari gara  azkenotan TVEn. Oso dokumentu onak dira, belaunaldi berriei Europan iragan mendean jazotakoa erakusteko. Historia ziklikoa izaten da eta  Azoreetako argazkiei buruz Aznar inklitoaren lehengo asteko aitorpenek niri behintzat beldur puntu bat ekarri didate, erretratu haiek iragarritako sarraski baten aurrekariak izan baitziren. Eta  Valladolideko mosketero eskuindarra operazio makabro hartan Bush eta Blairrekin batera agertzeaz harro sentitzen dela egia bada – eta bada-... baditugu beldurtzeko motiboak.

Baina Hitlerekin ekin diot gaurkoari eta haren ondoan eta itzalera hazitako Francorekin amaitu nahi dut. TVEk ez du nire begirunea izango, Hitlerren erreportajeez gain Ferroleko erailaren gaineko dokumental sail bat programatzen ez duen bitartean. Bikain dago führer eroaren sarraskiak deitoratzea baina ez zaizkigu humanitatearen kontrako caudillo odolzalearen krimenak ezkutatu behar.

apirila 03, 2017

CASSANDRA ETA CARRERO

Cassandrak ez zuen Carrero Blanco ezagutu. Nik, ordea, bai. Cassandrak faxista haren gain dakiena erreferentziez daki; nik, ordea, ez. Cassandra terroristatzat hartu du espainiar justiziak; terrorea norabide guztietara hedatu zuena, ordea, Francoren eskuineko esku santoñarra izan zen. 

Gaur balitz bezala oroitzen dut tipo hura lehergailu batek airetik bota zuen eguna. Eta eguerdi hartako otorduan Gasteizko apaiz konprometitu batekin izan nuen elkarrizketa oraindik ere gogoan daukat, bizi-bizirik. Gerrako kriminalen kontrako akzioak heroizitatetzat hartzen zireneko adibideak atera zituen azalera jaiotzez berriztarra zen apaizak.

Diktadorearen kontra altxatzeko eskubideaz mintzatu zitzaidan, teoria horren eragileetarikoa izan zen Platonen Errepublika aipatuz. Akinoko Tomas kristauaren teoriak ere ageri zizkidan, zapalduaren eskubideak defendatuz. Eta gobernuren batek bizikidetzaren oinarrizko printzipioak bortxatzen dituenean herriak haren kontra bitarteko guztiekin jo dezakeela azpimarratu zuen. "Eta hori - gehitu zidan apaiz lagunak- Ameriketako Estatu Batuen independentzia aldarrikapenean dago idatzita, XVIII. mendetik"


Argazkia: http://espiaenelcongreso.com

martxoa 27, 2017

ETERNITATEA



Badira gauak, loak hartu ezinik buruak hainbat gai diferenteri hamaika buelta ematen dizkiela. Bart horietako bat izan da eta hortxe ibili zait, besteak beste, eternitatearen gaineko pentsamendua zirika. Parentesi artean, diodan ez dudala gogoratzen gaztetxoa nintzela halako gogoeta pizten zitzaidanik, ezta unerik ilunenetan ere. Eternitatetik gero eta hurbilago nagoenaren egiaztapena izango da, ziur.

Bada, Kanadan aurkitutako fosil batzuei buruzko albistea izan da eternitatera -edo behintzat oso hurbilera- garraiatu nauen palanka. Lau mila milioi urteko adina eduki dezaketela zioen zerbitzatu zitzaigun berriak eta zenbatzeari ekin gabe ere, maindire azpian halako sentsazio artegatsuak gainditu nau, nire txikitasunaz (huskeriaz) ostera jabearaziz. 

Baina gero gogoratu dut, duela hilabete batzuk errepide bazter batean hilarri zahar bat ikusi nuela, lore sorta apaltxo batek apainduta.  Hurreratu nintzen eta irakurri nuen harri landuan idatzitakoa. Zioenez, bertan hil zen gazte bat, 1948an. 

Hirurogeita zortzi urtetako istorio tristea oroitarazten zuen harriak. Baina polita gero etorri zen: loreak egiazkoak ziren, gazteak, esku batek bertan apropos jarriak. 

Bart, ohearen epeltasunean ulertu dut eternitatea eta norbaiten bihotzean bizirik irautea sinonimoak direla, denboraren luzerak zer ikusirik ez duela. Eta lasai geratu naiz.

Argazkia: JMVM

martxoa 20, 2017

ETA ETA TXAKURREN BUZTANA



ETAren desarmea iragarri den astean estatu espainiarrean beste gai batek irabazi dio partida gizarte oihartzunari begira. Gezurra badirudi ere, talde armatuaren alde bakarreko erabakiak ozta-ozta eragin du sare sozialetan, horien interesa beste nonbait baitago, eta, adibidez,  txakurren buztanak bibrapen gehiago sorrarazi ditu herritarrengan balizko betiko "agur armei" mezuak baino. 

Sakon aldatu da hedabideen mundua. Ez dauka zerikusirik duela hiru hamarkadetako eskaintzarekin eta orduan irudikatu ere ezin ziren bitartekoak ditugu gaurregun nagusiak. Nolako gizartea halako medioak. Ala alderantziz? 

Badirudi txakurren buztaneko auzia duela hogeita hamar urte konpondu behar izan zela. Horrela izan balitz ez zen orain bezain zaratatsua gertatuko Kongresuko erabakiaren babes mediatikoa. ETAk ere desarmerako deliberamenduari  hiru hamarkada lehenago jarri izan balio azken puntua txalotuagoa jazoko zen prozesuaren amaiera. Eta eszenategi desberdinean egongo ginen. Eta porrota ez genuen hain handia nabarituko. Eta... Baina, kontuz,  zientzia fikziora ari naiz sartzen...

Argazkia: Tere Anda

martxoa 13, 2017

MAMUTFANTE? ZERGATIK ETA ZERTARAKO?


Zahartu naizenaren seinalea izan daiteke baina ez dut oso ondo -edo absolutuki ez dut bat ere- ulertu zer nahi den erdietsi "mamutfante" bataiatu duten animaliaren proiektuarekin. Bi urte barru gure artean sor litekeen espezie berria eduki genezake, duela lau bat mila urte desagertu zen mamutaren geneak Asiako elefante baten gorputzean ezarriz.  Baina ez digute  azaldu zergatik eta zertarako nahi den geneen edizioa erabili mamutenak elefantearen ADNn kateatzeko. Ingenieritza genetikoak ez du arlo etikoa ahaztu behar eta mamutfantearen gaineko albisteak zer pentsatzerik eman dit.

George Bakartia deitzen zuten dortoka erraldoiaren kasuak eman didan bezalaxe. Lau urte dira hil zela Galapago Uharteko espezie endemikoaren bizilagun ospetsua. Eta orain Georgeren zelulen bitartez hura erreproduzitu gura bide dute, haren bizitza-kate naturala betiko eten baitzen. 

Ergel itxurabakook! Horixe gara gizakiok, gure naturaren oinarrizko eskubideak zanpatzen ditugun bitartean teknologia hotz eta sentimendu gabea aplikatzen baitiogu izadiari, horren bilakaera eztabaidagarria biztuaraziz.

Argazkiak: Europa Press


 

martxoa 06, 2017

NI EUSKALDUNA NAIZ, ETA ZU?



Harrotu egin dira bazterrak eta gerra dialektikoak bere gezi eta bala kolore askotarikoak jaurtiki ditu norabide guztietan. Parapetatuta, ohiko gotorlekutik segitzen diote gatazka prozesuari batzuek eta besteek. Ni kezkatuta nago. 

Hasteko, espainiar adiskide min asko ditut eta zin egin dezaket ez direla fatxak, ez ezjakinak, are gutxiago inoren zapaltzaileak. Espainia maite dute eta begirunea darakutsate euskaldunenganako. Ez baitira sentimendu kontrajarriak. EITBk badio martxoaren 4an sare sozialetan eman den erreakzioa testuingurutik kanpokoa dela, bego hor komunikatua. Berdin dit. 

Ni objektiboki kezkatzen nauena da,  otsailaren 8tik euri pittin bat egin duen arren,  orain arte inork ez duela ezertxo  ere adierazi zorioneko egun horren saioko eduki polemikoaz. Euskaldunen artetik ez zen erreakziorik eman ... ezta ere zuzen-zuzenean inplikatutako espainiar euskaldunengandik; egon badaudela. Zalantzarik gabe, ETB euskalduna bat ere interesatzen ez zaielako. Eta hori bai dela kezkagarria, erakunde publikoa sortu eta hogeita hamabost urtetara.

Argazkia: eitb.com