Goizeko ibilaldietan erakartzen nauten motiboak erretratatzen ditut sarri. Denbora laburrerako etorri naiz argazkietarako erakargarritasun ugari eskaintzen dituen hiri batera eta gaur lerro hauekin doan argazkiko muralak arreta irabazi zidan atzo. “Errukia eta letrak” zioen eskola baten sarrerako zeramika bikainak. Hezkuntza zentroa zuzentzen duen ordena erlijiosoaren leloa izan behar du, antza denez.
Leloak pentsarazi ninduen, eta zalantzak nagusitu zitzaizkidan. Ez dakit halako mezu baten sortzaileak errukiaren kontzeptua ala letrena presenteago izan zuen bere sentimendua adierazteko orduan. Eta ez nago ziur, eskolara joango ziren ikasleei zuzenduta, bere etorkizuna zuzentzeko bidea literaturatik ikusten duen gizagaixoari aipatu bertute hori aplikatu nahi izan ote zion, eskola-umeei xuabe-xuabe ohartaraziz balizko arriskuaz, idazle lanbidea edo antzekoa bereganatuz gero.
Zalantzarekin baina ezpainetako irribarrearekin urrundu nintzen ikastetxe hartatik. Eta irekita aurkitu nuen lehen tabernan txokolatea eta txurroak eskatu nituen.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina